Maitane Aldanondo Gabilondo

Burrunba eginez euskara eta ikastolen lana balioetsiko dute Etxarri Aranatzen

Nafarroa Oinez ilusioz espero den topagune da euskaltzale askorentzat. Aurten, bereziki, Sakanako Andra Mari Ikastolaren komunitatearentzat egun handia da, urte eta erdiko lanaren emaitzaz gozatzeko unea. Festa eta aldarrikapenaren bozgorailu izango da.

Nafarroa Oinez aurretik egindako ekintzen artean, Etxarri Aranazko ikastolako gaztetxoek Euskaltzaindiaren bisita jaso zuten.
Nafarroa Oinez aurretik egindako ekintzen artean, Etxarri Aranazko ikastolako gaztetxoek Euskaltzaindiaren bisita jaso zuten. (NAIZ)

Mende erdia 2019an urratu eta aurrera doa Etxarri Aranatzeko Andra Mari Ikastola. Familiek auzolanean eratu eta hezkuntza kooperatiba gisa garatutako proiektua da, euskararen eta euskal kulturaren sustapenarekin erabateko konpromisoa duena eta aniztasun mota guztiei ateak irekitzen dizkiona. Herritik eta herriarentzat lan egiteko sortua, eskualdeko bizitzaren eragile aktiboa bilakatu da.

Nafarroa Oinez antolatu duen laugarren aldia da. 1989an izan zen lehena, Nafarroan euskaldun lelopean; hurrengoa, 1996an, Herrikolore mezuarekin, eta orain arteko azkena 2009an, Txikiak handi aldarrikatuta. Aurten Hotsein! hautatu dute. Sakanako hizkeretan bi esanahi ditu: batetik, «zarata egin» edo «burrunba egin», eta bestetik, «deitu» edo «aldarrikatu». Leloaren bidez, bertako hizkera aintzatesteaz gain, ikastolaren proiektua eta konpromisoa zabaldu nahi dituzte. Logoa, berriz, leloaren harridura ikurrari hiru marra gehituta sortutako bozgorailua da. Tresna horrek hots egiteko grina islatzen du. Marrek ikastolako logoaren kolorea dute, Sakanaren berezko koloreak, eta aniztasuna irudikatzeko bidea dira. Hala, leloa, irudia eta koloreak uztartuta, proiektua eta festa batu dituzte.

Euskara aldarrikatzeaz gain, hizkuntzak Nafarroan dauzkan erronken eta arazoen bozgorailu ere izan nahi du gaurko jaiak. Ildo horretatik jo du Maddalen Arzallus lapurtarrak Nafarroa osoan bai! abestiaren hitzak idaztean. «Bai» eta «ez» jokoarekin, zonifikazioa eta banaketa salatu ditu, Nafarroako eremu guztietarako euskararen ofizialtasuna eta hizkuntza eskubide berberak izatea eskatuz. Musika, berriz, Joseba Tapia gipuzkoarrak jarri dio, eta ahotsa eman diote Olaia Inziarte, Nerea Erbiti, Maider Ansa nafarrek eta Leire Letu eta Kristina Aranzabe gipuzkoarrek. Aurtengo kantan parte hartzeaz gain, Ansa Nafarroa Oinezeko jarduera batzordeko kidea eta Andra Mari Ikastolako irakaslea ere bada. Tapia «aspaldiko ezaguna» du eta berak proposatuta erabaki zuen abestea. «Ohorea izan da musikari handi hauekin parte hartzea».

Sakanara begira
Bideoklipean ere ikastolako kideak ageri dira, hain zuzen ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleak. Nafarroako herrietan barrena doaz, toki batzuetan «bai» eta besteetan «ezetz» keinuarekin euskara ofiziala non den adieraziz. Ikastolara doazen ikasleen herri batzuk –Arrazua, Arbizu, Lizarragabengoa eta Etxarri– eta hitzetan aipatzen diren Urbasa eta Andia mendilerroak, Beriain tontorra eta Arakil ibaia ikus daitezke irudietan.

Nahiz eta ikastola Etxarri Aranatzen dagoen, Sakanako hamalau herritako haurrak hartzen ditu: Hiriberri, Ihabar, Irañeta, Uharte Arakil, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Unanu, Dorrao, Lizarraga, Etxarri Aranatz, Lizarragabengoa, Bakaiku eta Iturmendi. Haietara guztietara ekarpen txikiren bat eraman dute hilabeteotan. Ansak gogoratu du, adibidez, hainbatetan egin dutela Haurren Hiria, «material ezberdinak eraman haurrentzako esperimentatzeko eta jolasean aritzeko tailer moduko bat» eta herriak «oso eskertuak» agertu direla. Halaber, Gure Zirkua egon da Arbizun.

Hamabost batzordetan banatuta berrehundik gora lagun aritu dira iazko apiriletik buru belarri eguna prestatzen. «Ekimen mordoxka bat», batzuk besteak baino hobe joan dira, baina orokorrean «oso-oso pozik» daude parte hartzearekin. Hilabeteotan kultur eta kirol jarduerek jai handirako ikasketatik izan dute, baina batzuk erronka itzela izan dira, sanferminak bereziki. Bederatzi egunetarako eskaintza antolatu behar izatea ez da makala.

Nafarroa Oinezekin lortutako etekinak DBHko eraikinean hobekuntza lanak egiteko baliatuko dituzte. 1965ekoa da eta «gabezia nabarmenak» ditu: irisgarritasun arazoak konpontzeko igogailu eta arrapala bana egiteko asmoa dute, baita leiho berriak jarri eta teilatua eta paretak isolatu ere berogailu sistema eraginkorragoa izateko.

Jexux Senar irakaslea, Andra Mari ikastolan urtetan lankide. (Iñigo URIZ | FOKU)

Andra Mari Ikastolaren ezaugarriak gorpuzten dituzten omenduak

Nafarroa Oinez euskararen eta ikastolen jaia baino gehiago da, aldarrikapen eta aintzatespenerako abagune ere baita. Hamaika modutan islatu dute hori antolatzaileek azken hilabeteetan gauzatutako jardueretan, hala nola, gaurko omenduetan.

Andra Mari Ikastolak urtetan lankide izandako Jexux Senar unanuetarra hautatu du, bere ibilbidea eskertu eta ikusgarritasuna emateko. Nafarroa Oinezen antolaketan parte hartu duen Maider Ansak azaldu duenez, ikastolako Gorputz Heziketako irakaslea izan da Senar urte askoan, eta horrez gain, Nafarroako herri kirol munduan oso ezaguna da. «Gure ikastolak sartu du herri kirolen harra ez dakit noraino... Nafarroan Andra Mari Ikastola ezaguna da herri kiroletan erreferente izateagatik, parte hartzeagatik. Dena, edo asko, behintzat, Jexuxen erruz da». Nahiz eta duela urte batzuk erretiroa hartu zuen, oraindik ere jarraitzen du ikasleekin herriz herri joaten herri kirol txapelketetara. «Oraindik hor dabil, horregatik, gure aitortza egin nahi izan diogu».

Ez da bakarra izango, ikastolaren beste bereizgarri bati helduta, irekiera ekitaldian zinta mozteko ohorea behar berezietako hainbat ikaslek eta haien familiek izango baitute. Iñigo Orella zuzendariak gogoratu du euskarazko trantsizio gelak edo gela alternatiboak sortzen lehenetarikoa izan zela Andra Mari Ikastola. Egun, halako bi dituzte, bat DBHn eta beste bat Haur eta Lehen Hezkuntzan.

Ansaren hitzetan, urtetan «inklusioari egindako ekarpena eta horretan egindako lana» ikastolaren ezaugarrietako bat da, eta horren erakusgarri da, inguruko herrietan behar bereziak dituztenak Nafarroako Gobernuak beraienera bidaltzea.

Hala ere, baliabideak falta direla nabarmendu du Orellak. «Familiek kristoren ahalegina egiten dute euskaraz ikasi ahal izateko eta ikastolan izateko, eta askotan, Administrazioaren aldetik ez ditugu beharrezko baliabideak horiek artatzeko. Egoera hori ikusarazi eta familia hauek egiten duten ahalegina omendu edo nabarmendu nahi dugu, baina, aldi berean, baliabideak aldarrikatu». Hala, ordezko gelan dauden edo egondako ikasleak eta haien senideak izango dira irekierako protagonistak.