Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Frederick Wiseman, AEBetako errealitatearen kronista zorrotza, Zinebiren Ohorezko Saria

Frederick Wiseman itzal handiko zinemagilea izango da Zinebiren 65. edizioko Ohorezko Mikeldi Saria. Ibilbide luzeko egilea, 94 urterekin lanean jarraitzen du. AEBetako kronikari bezala definitua izan den egile honen azken lana estreinatuko da Bilbon: ‘Menus Plaisirs–Les Troisgros’ filma.

Frederick Wisemanek lanean jarraitzen du, 94 urterekin.
Frederick Wisemanek lanean jarraitzen du, 94 urterekin. (ZINEBI)

Zinebi, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak, datorren azaroaren 10ean hasiko den 65. edizioko Ohorezko Mikeldi Saria ezagutzera eman du. Izen handi bat da aurtengoa, ibilbide luzekoa eta lorratz luzea utzi duena zinema dokumentalean. Zinebik berak aipatu duenez, saria «dokumental zinematografikotzat hartzen duguna definitzen egindako ekarpen erabakigarriagatik, bereziki, behaketa dokumentalaren esparruan» emango zaio.

Frederick Wisemanek Arriaga Antzokian jasoko du saria azaroaren 10ean, inaugurazio ekitaldian, eta Estatuan estreinatuko du bere ekoizpen berriena Zinebiren edizio honetan, Beautiful Docs. Munduko dokumentalen panorama sailaren barruan: ‘Menus Plaisirs – Les Troisgros’ (2023); mundu mailako estreinaldia Venezian izan zen duela hilabete bat.

Oraingoan, Wiseman ikusezin bihurtzen da, hiru jatetxeren jabe den Estatu frantseseko goi sukaldaritzan ospe handiena duen dinastia baten eguneroko bizitzan ikusleak gidatzeko. Horien artean, Troisgros, duela 93 urte sortua eta duela 55 urtetik hiru Michelin izar dituena. Bilbon, Golem Alhondiga zinemetan proiektatuko da azaroaren 11n eta 16an.

Amerikako kronikaria

Ohorezko Oscar Saria 2016an egindako ibilbide osoagatik, Frederick Wisemanen filmografia itzelak (50 film luze inguru, film laburrak eta hainbat kapitulu ‘PBS Independent Lensen’ dokumental sail ospetsuarentzat) zinemagile mitiko baten itzala eman dio.

60. hamarkadan zinema dokumentala irauli zuen Zinema Zuzena izeneko mugimenduaren izenik ezagunena da, AEBetako errealitatearen kronista bihurtu du. Film dokumental berri bakoitzean urrats bat eman du: ‘Titicut Follies’ filmak (1967) Massachussets-eko espetxe psikiatriko bateko presoen bizitzaren erretratua erakusten du; gaur egun oraindik ere Wisemanen kamera ikusezinak jasotzen duen errealitateak hunkitzen duen audientziaren aurrean garatzen dena.

Lehen film luze hark –eta haren atzetik ‘Law and Order’, (1969), ‘Juvenile Court’, (1973), ‘Meat’, (1976) edo ‘Near Death’, (1989), besteak beste–, gutxik bezala, zinema zuzenaren helburu utopikoa hedatzeko balio izan zuen, hau da, filmen irudiak eta soinuak film horietako ikusle batek une berean filmazioaren lekuan balego ikus eta entzun zitzakeen horretara bihurtzeko.

Wiseman, ordea, bere aurreko eta belaunaldiko kideengandik aldenduko zen (D. A. Pennebaker-engandik Richard Leacock britainiarrarengana, Maysles anaiengandik pasatuz), bere film guztiak edozein erabaki zinematografikok dakarren subjektibotasunaz tindatuta daudela defendatzean.

Zinemagile gisa zuen aldakortasuna ere agerian geratu zen, eta ikuspegi berritzaile batetik, bideoaren erabileraren sarrerarekin, XXI. mendeko film dokumental askotan, sarritan errituen, prozesuen, gizarteko ohituren edo Estatu Batuetako erakundeen eguneroko funtzionamenduaren deskribapen zehatzari aplikatuak egin zituen: ‘State Legislature’ (2007), ‘At Berkeley’ (2013), ‘National Gallery’ (2014), ‘Ex Libris’ (2017) edo ‘Monrovia’, ‘Indiana’ (2018).

Ibilbide zinematografiko horren aurrean azpimarratu behar da zinemagileak jasotako sariak oso ugariak izan direla: 2016an Ohorezko Oscar Saria jasotzeaz aparte, Cannesen, Venezian, Turinen edo Jihlavan ere saritu dute, eta duela urte batzuk IDAren (International Documentary Association), Argazkilaritza Zuzendarien Amerikako Elkartearen (American Society of Cinematographers) eta Los Angeleseko eta New Yorkeko Zinema Kritikarien Elkartearen Ohorezko Sariak jaso zituen.

XX. mendearen azken herenetik gaur egunera arte Estatu Batuetako gizartearen freskotasun zinematografiko handi gisa eratzen den lan baten ondare artistikoaren handitasunagatik (oraindik oso berria da bere ‘City Hall’ (2020), Estatuan estreinatua Zinebi 62an, eta Urteko Film Onena ‘Cahiers du Cinéma’ aldizkari frantsesak aukeratua), Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak zor bat kitatzen du bizidun dokumentalista garrantzitsuenarekin, 2023ko Ohorezko Mikeldia emanez.