NAIZ

Klima aldaketaren eta ezkontza behartuen inpaktu bikoitza %33 igoko da 2050ean neska gazteengan

Klima larrialdiaren eta haur ezkontza behartuek are gehiago larritzen dute neska gazteen egoera Save The Childrenen ikerketa txosten berriak adierazi duenez. 2050ean ia 40 milioi neska izango dira «inpaktu bikoitza» jasatzeko arrisku larria izango dutenak.

Neska gazteak izango dira eragin handiena sufrituko duten biztanleak.
Neska gazteak izango dira eragin handiena sufrituko duten biztanleak. (Save The Children)

Nesken Nazioarteko Eguna da urriaren 11an, eta horren harira Save The Children erakundeak ikerketa txosten berri bat argitaratu du, ‘Neskatoak ekaitzaren erdigunean: haien planeta, haien etorkizuna, haien soluzioak’. Txosten horren arabera, 2050ean ia 40 milioi neska izango dira klima-aldaketaren eta haur ezkontzaren «inpaktu bikoitza» jasateko arrisku larria izango dutenak.

Haur-ezkontzen bi heren inguru arrisku klimatiko handiko eskualdeetan gertatzen dela ondorioztatu du txostenak. Krisi klimatikoaren inpaktua eta haur-ezkontzena bateratzeak larrialdiko guneak sorrarazi ditu Bangladeshen eta Saharaz hegoaldeko Afrikan, nesken eskubideak betearazteari dagokionez. Arrisku gune horiek lehen hamar herrialdeetan kokatzen dira Afrika Erdiko Errepublika, Txad eta Ginea.

Herrialde horietan, gero eta larriagoak eta ugariagoak dira muturreko fenomeno meteorologikoak, eta, horrez gain, gatazkak dituzte beren lurraldean, pobrezia maila altua da, genero-desberdintasunak handiagoa dira, eta baita goseteak ere.

Save The Childreneko Inger Ashingek salatu du etorkizunak gehien eragingo dienak neska gazteak direla, eta egun egiten ari diren planetan ez direla kontutan hartzen: «Munduko krisi klimatikoa nesken bizimodua eta etorkizuna aldatzen ari da jada. Baina neskei horrenbesteko kaltea eragin arren, mundu osoko plan klimatikoen % 2k baino gutxiagok aipatzen dituzte neskatoak eta hartzen dituzte kontuan berariaz eta modu esanguratsu batean neska horien beharrak eta parte-hartzea.  Erronka horien aurrean, izugarrizko erresilientzia dutela ari dira erakusten neskak; baina haien eskariak eta irtenbideak oso gutxitan lantzen dira oinordetzan jasoko duten planetari buruzko eztabaidetan. Onartezina da».

Klima aldaketak pobrezian duen eragina

Kpemehen kasuan, klima aldaketaren eta haur ezkontzaren problematikak gurutzatzen dira. 12 urte zituen gizon batek harekin ezkontzeko nahia azaldu zuenean. Nekazariak zituen gurasoak, iraupeneko nekazaritzan aritzen zirenak, eta ezkontza hura onartzeko presioa jasan zuen, arrazoi ekonomikoengatik.  

«Haur-ezkontzak pobreziagatik gertatzen dira. Gizon batek dirua badu, olio-palmondoak landatzen baditu, esaterako, uzta bildu, prozesatu eta olioa saldu dezake, eta neskaren familia manten dezake, palmondo-olio pixka bat emanez. Gizon batek nirekin ezkontzeko nahia agertu zuen, baina baztertu egin nuen nik. Hurrena, gurasoengana jo zuen, nirekin ezkondu nahi zuela esanez. Eskolara joaten nintzela esan nion. Ezkondu egin behar nuela erantzun zidan. Gizon batek mantenduko zaituela esaten badizu, ez duzu, bada, onartuko?», kontatzen du Sierra Leonako gazteak.

Klimak pobrezian zuzenean eragiten duela azaltzeko, adibide argi bat kontatzen du Kpemehk du: «Klima aldatu egin da, eta gure gurasoak nekazaritzatik bizi dira. Ez du euririk egiten dagokionean. Urtaro lehorrean nahiz eurite garaian egiten du euria; sasoia ez denean, euria hasten du, eta urtaro lehorrean berdin».

Ezkontza goiztiarren ondorioak

Nesken bizimoduan eragin oso larriak ditu ezkontza goiztiarrak. Gazterik ezkontzen diren neskatoek askoz aukera gutxiago dituzten eskolan jarraitzeko, eta horrek bizitza osoan eragingo dio ekonomikoki. Bakartu egiten dituzte, eta indarkeria fisikoa eta sexuala jasateko arrisku handiagoa dute. Ezkondutako neskatoek arrisku handiagoa dute haurdunaldian eta erditzean arazo larriagoak izateko ere.

Save The Childreneko Ashingek adierazi du gobernuek, GKEk, NBEk eta enpresek krimi klimatikoak haurren eskubideen esparruan larrialdiko egoera sortu duela, «arrisku errealak dira neskentzat. Hondamendi baten ondoren datorren etapa kaotikoan, neskek jazarpena eta sexu-abusuak jasateko arriskuak izan ohi dituzte aurrez aurre; pilaketak eta zerbitzu seguruen faltak arriskuak dakarzkie. 18 urte betetzerako ezkontzera behartuta ikusten dute beren burua, beren familiak, hainbat urteko lehorteen ondoren erabat pobretuta, gosea pasatzen ari direnean eta nor elikatu eta antzeko erabaki ezin zailagoak hartu behar dituztenean».