Iraitz Mateo

Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe, 2023ko Euskadi sarien irabazle

Euskadi Literatura sarien lehen hiru izenak eman dituzte ezagutzera asteazken honetan. Euskarazko literatura saria Arantxa Urretabizkaiak jaso du, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria, Patxi Zubizarretak eta Ilustrazioa saria, Joseba Larratxek.

 

Arantxa Urretabizkaiak, Patxi Zubizarretak eta Joseba Larratxek jaso dituzte Euskadi sariak.
Arantxa Urretabizkaiak, Patxi Zubizarretak eta Joseba Larratxek jaso dituzte Euskadi sariak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larretxek Euskadi Literatura sariak jaso dituzte, gaur goizean Donostiako San Telmo museoan ezagutzera eman denez. Beste lau falta dira jakinarazteko.

Urretabizkaiak jaso du Euskarazko Literatura saria, ‘Azken etxea’ (Pamiela) lanari esker. Zubizarretak, aldiz, Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria bereganatu du ‘Zerria’ (Erein) obra dela-eta. Azkenik, Larratxek Ilustrazioa saria eskuratu du ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ (Elkar) komikian egindako lana goraipatuz.

Bingen Zupiria Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman du irabazleen berri, eta sari hauen helburua irakurleengana idazleen lana gerturatu eta literaturaren sustepena dela adierazi du.

‘Azken etxea’ eleberriarekin eskuratu du Urretabizkaiak 2023ko Euskarazko Literatura saria; epaimahaiak liburuak eskaintzen dituen «ezaugarri formal eta hautu estetiko bereziak» aipatu ditu. Konta teknikak «bihurritu» eta askotariko ahots eta ikuspegien erabilera «trebeziaz tartekatzea» baloratu dute. Bestalde, jorratzen dituen gaiei garrantzia eman diotela adierazi dute: «Iraganeko arrazoi askotariko klandestinitateek, erbesteratzeeek, izaera multipleak norbere baitan bereizita bizi beharrak eta etxera itzultzea bezalako gaiak iaioki barreiatzen dira eleberriko orrialdeetan».

Pozez agertu da Urretabizkaia eta berria jaso zuen momentuan dantzan hasi zela aitortu du, «pozaren pozez». Kontatu du zalantzak izan zituela eleberria egiterakoan, «ez nekien gauza izango nintzen nire adinarekin eleberri txukun bat egiteko». Izan ere, ez omen da hori gizarteak «zaharretaz esperotakoa», eta umore puntu bat jarriz plazaratu du bere hausnarketa: «Orain esaten den bezala 24/7 deskantsuan nahi gaituzte, gazteei lekua utzi behar diegula diote». Hala ere, argi esan du bizitzak uzten badio saria jaso duen liburua ez dela bere azkena izango.

Urretabizkaia: «Zaharrak 24/7 deskantsuan nahi gaitu gizarteak, baina bizitzak uzten badit ez da nire azken liburua izango»

Landutako lanak

Zubizarretaren ‘Zerria’ obra, epaimahaikideen iritziz, «errazkeriatik eta gazte literaturaren topiko tipikoetatik aldentzen den literaturazko lan landua da». Garai bateko kontakizunetatik gaur egungo gaietaz gogoetatzera eramaten du irakurlea. «Pertsona moduan hazten joateko eta literatura zer den eta nola egiten den jakiteko adibide guztiz egokia» dela iritzi dute epaileek.

«Memoria ariketa bat» da bere liburua Zubizarretaren arabera. Aitortu du Lizardi Sarira aurkeztu behar izan zuela lana: «Horrelakoa baita gure bizitza, autonomo kuota hilero ordaindu behar». Eta adierazi du hori irabazi ostean eman ziola «bide» liburuari. Madrilen ere egin du geldialdia eleberriak, izan ere, Espainiako Haur eta Gazte literaturako sari nazionala jaso du. «Egungo gizartea harridura guztietara ohitu gara, baina oraindik harritzea eta ohitzea dagokigu, eta hori literaturaren bidez egingo dugu», esanez egin du literaturaren garrantziaren aldeko aldarria.

Patxi Zubizarreta: «Egungo gizartea harridura guztietara ohitu gara, baina oraindik harritzea eta ohitzea dagokigu, eta hori literaturaren bidez egingo dugu»


‘Ni ez naiz Mikel Laboa’ lanarekin eskuratu du Joseba Larratxek saria. Epaimahaiaren iritziz, hainbat baliabide erabiltzen ditu ilustratzaileak: «Binetak, ilustrazioak eta orrialde bikoitzak, narratiban lengoaia ezberdinak eta berrikuntza grafikoak tartekatuz». Erabilitako sekuentziazioan islatzen da obra landua dela epaileen iritziz eta erreferentzia zein sinbolo kultural asko jasotzea txalotu dute.

«Niretzat lan hau bizitzan behin etortzen zaizun horietakoa da, ilusioz hartzen duzuna. Batetik, Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga izan ditudalako bidelagun, eta bestetik Mikel Laboari buruzkoa delako, niretzat figura garrantzitsua izan da», azaldu du Larratxek sarien berri emateko egindako agerraldian. Kontatu du bere onena ematen ahalegindu dela, eta hori Mikel Laboa Katedrari esker egin duela «behar adina denbora eta baldintza duinak bermatzeagatik».

Joseba Larratxe: «Onena emateko behar adina denbora eta baldintza duinak behar dira»



Sari banaketa

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak zazpi Euskadi Literatura sari banatzen ditu. Datorren astean aurkeztuko dira falta diren laurak: Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz. Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argitaratzen bada,

Aurtengo Euskadi Literatura Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 15ean Getxoko Muxikebarri Zentroan egingo da.