Donostiako Gobernu Batzordeak Igeldo Tokiko Entitate Txikia izateko prozesua asteartean onartu zuen, Herri Kontseiluak 2020tik egindako lanketaren ostean. Kontseiluak «positiboki» baloratzen du, baina behin martxan jarrita Donostiako Udalak eskumen jakin batzuen inguruan izango duen jarrera «ikusteko» dagoela adierazi du.
Igeldoko Herri Kontseiluak bidalitako ohar batean gogorarazi duenez, Donostiako udalerritik desanexionatzeko hautua bi aldiz egin dela –2013an, hiru urte beranduago atzera bota zutena–, baina «herritarren nahi hori ez dela errespetatua izan».
Horren harira, horrelako prozesuak aurrera eramateko orduan Herri Kontseiluaren jarrera ez dela «inoiz» oztopo izan argitu dute. 2020an abiatu zuten prozesuan adostutako txostena Donostiako Gobernu Batzordeak asteartean onartu zuen, «gure egoera hobetzeko tresna eraginkorra eta baliagarria».
Hala eta guztiz ere, diotenez, «Donostiako Udalaren jarrera oso garrantzitsua izango da Igeldoko Tokiko Entitate Txikiaren garapenean. Udalak igeldotarron arazoak konpontzeko benetan agertzen duen borondateak baldintzatuko du».
Astearteko onarpena «lehenengo pausoa» izan bada ere, «garrantzitsuena» falta da, hots, «igeldotarren iritzia». «Adostutako Tokiko Entitate Txiki horren inguruan, azkeneko hitza Igeldoko herritarrek izango dute», gaineratu dute.
Igeldo 1863an batu zen Donostiara eta 1990. urtetik hainbat desanexio saiakera egin dira. 2013/46 Foru Dekretuak Igeldo udalerri gisa aitortu zuen, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko epai batek aipatutako foru dekretua baliogabetu eta desanexioari atea itxi zion. Une horretan beste aukera batzuk planteatu ziren Igeldoren eta Donostiaren arteko harremanak bideratzeko, eta 2020an Igeldoko Tokiko Entitate Txikia sortzeko aukera planteatu zen.