NAIZ

Irakasle eta ikertzaileen prekarizazioaren aurkako greba eguna EHUn, «jarraipen zabalarekin»

Ordezko irakasleek eta ikertzaileek dituzten soldata murritzak salatzeko greba eguna abian da asteazken honetan EHUn. Lau sindikatuk deitu dute: LAB, Steilas, ELA eta CCOO eta, adierazi dutenez, «oso jarraipen zabala» izaten ari da.

Piketeak osatu dituzte goizalde honetan Leioan, campuserako sartzea oztopatuz.
Piketeak osatu dituzte goizalde honetan Leioan, campuserako sartzea oztopatuz. (Aritz LOIOLA | FOKU)

UPV/EHUn irakasle-ikertzaileek eta ordezko irakasleek jasaten duten prekarizazioa salatzeko mugimenduak aurrerapausoa eman du asteazken honetan, irakasle guztiak greba egitera deituz. Lau sindikaturen eskutik dator ekimena: LAB, Steilas, ELA eta CCOO eta «oso jarraipen zabala» izan duela nabarmendu dute, greba «arrakastatsua» izan dela adieraziz.

Irakasleen bajak eta baimenak lanaldi partzialeko irakasleen bidez 800 euroko soldatekin betetzea izan da grebara deitzeko pizgarria. Baina ez da arrazoi bakarra izan. Sindikatuek gogorarazi dute azken urteotan okerrera egin dutela UPV/EHUko irakasle eta ikertzaileen lan-baldintzek: «lan karga handitzea; aldi baterako irakasle eta ikertzaileei ikerketa seiurtekoak ukatzea; irakaskuntzako bosturtekoak ukatzea lanaldi partzialeko irakasleei; langile askoren ezegonkortasuna; ikertzaileen prekaritatea; ikerketa karreraren garapena oztopatzea; erretiro akordioak bertan behera uztea; campusaren aldebakarreko itxierak; burokrazia handitzea...».

Neurri horiek EHUko zuzendaritzak aldebakartasunetik ezarri dituela salatu dute sindikatuek, «langileak ordezkatzen dituzten sindikatuekin negoziatzeari muzin eginez».

Prekarizazioaren aurkako manifestazioa Bilboko Hezkuntza ordezkaritzaren aurrean.

Gainera, horri, atzetik zetozen egoerak gehitu behar zaizkiola diote; «erosahalmenaren galera metatua urteetan zehar, osagarrien izozketa 2006tik, lanaldi partzialeko ordezko irakasleentzat miseriazko soldatak ezartzen dituen 41/2008 Dekretua sortu eta indarrean mantendu, edota unibertsitateko irakasle-ikertzaileen oinarrizko soldatak hezkuntza ez unibertsitariokoenak baino baxuagoak izatea (unibertsitatean lanpostu iraunkorra lortzeko doktorea izatea beharrezkoa bada ere)».

Finantziazio eskasa eta ondorio larriak

Era berean, EHUra bideratutako finantzaketa nahikoa ez dela saltu dute. Izane ere, 2022an, EAEko Barne Produktu Gordinaren %0,4 izan zen, duela hamarkada bat baino baxuagoa eta Unibertsitate Sistemaren Lege Organikoak (USLO) berak 2030erako helburu moduan planteatzen duen BPGren % 1-tik oso urrun.

Honen ondorioak ez dituztela bakarrik irakasle hauek jasaten, EHUn lanean diren 6.000 ikertzaile eta irakasleek baizik, ohartarazi dute sindikatu hauek, eta horregatik irakasle guztiei zuzendua dago greba egiteko deia. Prekarizazioak irakaskuntzari kalte egiten diola erantsi dute. Besteak beste, profesional hauek beste lan bat bilatu beharko dutelako eta «lanaren antolamenduaren desoreka nabaria» eragiten duelako.

Soldata duinen aldeko aldarrikapena uztailean hasi zen hedatzen eta geroztik mobilizazio ugari izan da greba egun honetara iritsi aurretik, Iñigo Urkullu lehendakari eta Eva Ferreira errektorearen aurrean ikasturte hasierako ekitaldian esaterako, bai eta Gasteizko Legebiltzarrean agerraldia ere.

Gaurkoan, greba eguna zegoen deituta EHU osoan. Egunsentian pikete informatiboak osatu dituzte dozenaka irakaslek, Leioako campuserako sarbidea oztopatuz.

Sindikatuek adierazi dutenez, EHUko campus guztietan grebak «oso jarraipen zabala» izan du. Zentroak irekita egon diren arren, (Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako langileak, plantillaren laurden bat, ez zeuden grebara deituta), zentro gehienetan klase gehienak bertan behera geratu dira eta aktibitate akademikoa oso eskasa izan da.

Goizean unibertsitateko egoitza ezberdinetan izan diren ekimenez gain eguerdian elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Gasteizen eta Donostian. Bizkaiko eta Gipuzkoako hiriburuetan Lakuako Gobernuko Hezkuntza ordezkaritzen aurrean izan da, eta Gasteizen, aldiz, Errektoretzaordearen aurrean.

Arratsaldean, protesta Bilboko Itsasmuseumaren aurrean egin dute. Bertan, Eva Ferreira EHUk eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak TREC Bilbao 2023ren inaugurazio-ekitaldian parte hartzen ari ziren eta. Itsasontzi batetik, greban dauden irakasle eta ikertzaileen talde batek pankarta bat zabaldu dute «unibertsitatearen prekarizazio kezkagarria» salatzeko, Eva Ferreira errektorearen eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren aurrean. Itsasadar ertzetik, sindikatuetako ordezkariek «Ferreira, Bildarratz, zaindu EHU!», «EHU borrokan» eta «800 euro, miseria da soldata» leloak oihukatu dituzte.

EHUko aktibitate akademikoa gutxienean utzi duen greba honen bitartez, EHUko irakasle eta ikertzaileek argi utzi diote EHUko zuzendaritzari «norabidea aldatu behar duela, aldebakartasuna alboratu behar duela eta bere langileen kontrako neurriak gelditu behar dituela».

«Bikaintasuna behin eta berriro aipatzen badute ere, Shanghaiko ranking-arekin liluratuta badaude ere, lan-baldintza duinik ez duen plantillarekin ezin da kalitatezko unibertsitate bat garatu», adierazi dute.

Gaurko egunari jarraipena emateko, sindikatu deitzaileek datorren urriaren 25eko sektore publikoko greba egunera deitu dituzte EHUko langile guztiak. «Borrokan jarraituko dugu beste unibertsitate eredu baten alde, euskal jendartearen zerbitzura eta non langileen lan baldintzak duinak diren», gaineratu dute.