Arnaitz Gorriti

Bilbao Basketen defentsak hitzetatik ekintzetara dagoen urratsa eman du

Lau neurketatik hiru irabazi ditu Jaume Ponsarnauren taldeak eta hiruretan aurkariak 80 puntu baino gutxiago saskiratu ditu eta larunbat honetan Miribillan, orain arteko neurketa guztiak galdu eta batez beste 95 jasotzen dituen Granada izango du aurrez aurre.

Bilbao Basketen defentsak UCAM Murtzia ito zuen joan zen asteburuan.
Bilbao Basketen defentsak UCAM Murtzia ito zuen joan zen asteburuan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Abuztuaren 14a zen eta oraindik Surne Bilbao Basket taldeko zenbait jokalari Bilbota etortzeke zeuden, oporretan jarraitzen zutelako edo beren herrialdeetako selekzioekin jokatzen zebiltzalako. Baina ordurako Jaume Ponsarnauk bere taldeak 2023/24 denboraldiari begira zer-nolako jokoa egitea nahi zuen buruan zeraman.

«‘Sule’ [Emir Sulejmanovic] galdu dugu eta ondorioz barruko jokoa moldatu behar izan dugu. Baina barruko joko berri honek defentsan oldarkorrago izatea ahalbideratzen digu. Jeff Witheyk intimidazirako zuen gaitasuna galdu dugu ere, baina defentsa gogorragoa egiteko moduan egon gaitezke, eta horrek erasoan ere korrika eginaraztea erraztu diezagukela espero dugu», adierazi zuen Tarregako entrenatzaileak.

Alabaina, dena egiteke zegoen oraindik. Jokalari batzuek etortzeke zeuden, jokalariek ez zuten oraindik elkar ezagutzen eta are gutxiago zekiten zer espero zezakeen jokalari bakoitzak kide berriengandik. Hargatik, berba politak egitea errazagoa izan ohi delako berbetan esaten den hori kantxan ikustea baino, nolabaiteko meritua onartu behar zaio Surne Bilbao Basket berri hau defentsan erakusten ari den sendotasunari.

Lau jardunaldi baino ez dira igaro oraindik eta beltzezko gizonen defentsa ACB Ligako onenen artean dagoela esatea oso ausarta da. Baina egia da bilbotarrek lortu dituzten hiru garaipenetan bere aurkaria 80 puntuz behetik geratu dela; UCAM Murtziaren kasuan 68 eginda konformatu behar izan zuen eta biko zein hiruko jaurtiketak batuta, 69 ahaleginetik 25 baino ez zituen asmatu Sito Alonsoren taldeak; hau da %36 eskas, aurreko hiru neurketetan batez beste 90 puntu sartu eta %45etik gora asmatu ondoren.

«Gaztetasuna, indarra, osasuna eta ilusioa irabazi ditugu fitxaketekin» azpimarratu zuen Jaume Ponsarnauk denboraldiaurreko lehenengo entrenamendu hartan eta emaitzak beti onak izan ez badira ere, badirudi entrenatzaile katalanak esandakoa eta kantxan ikusten dena ezkondu litekeela.

Kontuz, ordea! Ezin da ukatu Bilbao Basketek Saski Baskoniaren aurkako euskal derbian bere gabeziak agerian utzi zituela. Gasteiztarrek %47 asmatu zuten jaurtiketetan –eta hori hirukoetan ez zirela finegi aritu 29tik 9 bakarrik saskiratuta–, erreboteetan nagusi izan ziren ere eta bilbotarrek kezkatzeko moduko etsia hartu zuten behin Baskoniak hamar puntuko aldea hartu zuenean.

«Errazegi eman dugu amore eta hori zergatik jazo den argitu behar dugu berriro pasa ez dakigun», onartu zuen orduan Tarregako entrenatzaileak.

Azken baten, talde guztiak oraindik «eraikitze prozesuan» daude eta lehiaketan beren lekua aurkitu behar dute. Badirudi bilbotarrek beren jokoaren oinarriak sendo ari direla ezartzen, baina hurrengo hilabete eta erdian Bartzelona, Real Madril, Tenerife, Unicaja, Joventut eta Valentzia Basket lako aurkariak izango ditu aurrean; horietatik hiru, Bartzelona, Joventut eta Valentzia Basket, etxetik kanpo. Alegia, Bilbao Basketen defentsa sendoa den ala ez den jakiteko benetako proba oraintxe datorrela.

Are gehiago hilaren 18tik aurrera FIBA Eurocupeko partidak jokatzen hasiko dela aintzat hartuta; hau da, astean partida bat gehiago –azaroaren 22ra arte bederen–, bidaia gehiago –hasteko, Anwil Wloclawek talde poloniarrari bisita datorren asteazkenean–, entrenatzeko aukera eta denbora gutxiago eta min hartzeko arrisku handiagoa. Horrez gain, aurkari sendoagoak eta talde egonkorragoak aurrean izateak gauzak bere lekuan jarriko ditu eta orduan ikusiko da benetan denboraldi hasiera honetan Bilbao Basketek erakutsi duen sendotasuna benetakoa ala behin behinekoa den.

Aurkari ahula

Baina hurrengo asteetako joan-etorriei heldu aurretik Coviran Granada izango dute beltzezko gizonek aurkari larunbat honetan 18.00etan Bilbao Arena pabiloian. Zunder Palentzia igo berriarekin batera, oraindik partidarik irabazi ez duen talde bakarra da Granada eta Bilbao Basket ACB Ligako hirugarren defentsarik onena baldin bada, Obradoiro eta Real Madrilen atzetik, andaluziarrena da zalantzarik gabe lehiaketako defentsarik eskasena, lau neurketa eta gero batez beste 95,5 puntu jasotzen ditu-eta.

«Oraindik bide luzea dugu aurretik eta ikusi egin beharko da lehiaketa bikoitzari aurre egiten diogunean ea nola moldatzen garen», adierazi du asteon Bilbao Basketeko entrenatzaileak. Are gehiago, Granada ‘aurkari tranpa’ bat dela ere azpimarratu du. «Orain arte jokatu dituen laurden guztien erdia bakarrik galdu ditu. Erasoan jokalari onak ditu eta bolada ona harrapatzen dutenean oso erraz jokatzen dakite eta ondorioz, ez da batere erraza izango, nahiz eta oraindik ez duten partidarik irabazi», ohartarazi du, bide batez.

«Zale eta jokalarien artean ilusioa piztea ondo dago, baina entrenatzaile naizen aldetik, nire lana astean zehar ezartzen ditugun helburu txiki horiek taldeak bete ditzala lortzea da. Horrela bakarrik hasiko gintezke helburu handiagoei begira. Beraz, aurkariaren maila aintzat hartu behar dugu hasteko eta Granadari aurre egiteko Miribillara datozen horien berotasuna ere ezinbestekoa izango da», gaineratu du Ponsarnauk bere asteroko prentsaurrekoan.

Izan ere, Bilbao Basketek sendo ikusten du uneotan bere burua. Etxetik kanpo ere aspaldiko partez garaipena lortu zuen Santiagon eta UCAM Murtziaren mailako talde txukun bat tarteka txiki utzi zuen joan den jardunaldian. Ondorioz, Alex Reyes hegalekoak «gauza hadiagoekin ametsetan» hasi dela onartu du ere. «Badakigu laster datozkigula lehiaketako aurkaririk gogorrenak, baina dagoeneko lau garaipen pilatzeko aukera izatea gauza handia da», azpimarratu du Extremadurako hegalekoak.

«Iaz gehiago kostatzen zitzaingun erritmo altuko neurketak jokatzea eta Murtziaren aurka ikusi zen aurten badugula gaitasun hori. Izan ere, gure taldeak egunero nola lan egiten duen ikusita, anbiziotsu izan gintezke. Etsi gabe, horrela jarraitu beharko dugu lanean, baina hala jarraituz gero, zeinek jakin noraino iritsi gaitezkeen?», galdetu de Reyesek. Alabaina, horiek oraindik hitzak baino ez dira, eta denboraldi osoa aintzat hartuta, hitzetatik ekintzetara bide luzea dago oraindik.