M.A.

Goierriko Energia Bulegoa, herritarren kezkak argitzeko

Energiari lotutako testuingurua ezegonkorra da eta prezioan igoera nabarmenak izaten ari dira. Herritarren kezka horiei erantzuteko xedez, eskualdeko udalek eta Goierriko Garapen Agentziak (Goiekik) osatzen duten Goierriko Energia Mahaiak energia bulego bat zabalduko du datozen asteetan.

Bulego berrian pobrezia energetikoa, fakturen azterketa eta energia kontratazio gaiak landuko dituzte.
Bulego berrian pobrezia energetikoa, fakturen azterketa eta energia kontratazio gaiak landuko dituzte. (NAIZ)

Goierriko Energia Bulegoa azarorako herritarrei arreta ematen aritzea aurreikusten dute. Eskualdeko hiru herritan egongo da fisikoki, kontsumitzaileen bulegoen eredua jarraituz, astean hiru egunetan, nahiz eta gainontzeko herrietan ere beharrezkoa denean zerbitzua eskainiko den. Hala ere, telefonoz edo e-posta bidez ere egin ahal izango dira kontsultak. Zeregin horietaz arduratu dadin, tokiko administrazioan klima aldaketa eta trantsizio energetikoko teknikari bat kontratatu dute, Sara Irastorza zegamarra, hain zuzen ere.

Energia Mahaiari jarraipen eta indar gehiago emateko xedez, Administrazio publikoetako lehen
esperientziak programaren esparruan, gazteak klima eta energia aldaketan trebatzeko programan parte hartzen ari da Goieki. Honen helburua hezkuntza formala amaitu duten gazte langabeei administrazio publikoan lehen lan aukera ematea da.

Halaber, Lanbidek, Novia Salcedo Fundazioak, Ihobek eta Energiaren Euskal Erakundeak klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko prestakuntza programa bat abian jarri dute, gazteak gaitzeko eta euskal udalerriek trantsizio energetikoarekin eta klima aldaketarekin lotutako erronkei aurre egin diezaieten errazteko. Horren bidez, klima aldaketa eta trantsizio energetikoko teknikara kontratatu dute.

Teknikariak pobrezia energetikoa, fakturen azterketa eta energia kontratazio gaiak landuko ditu. 2021ean eskualdeko egoeraren azterketa egin zuten eta «puntu interesgarrienak» horiek zirela ikusi zuten. Hortaz, energia aurrezko moduak, fakturak nola irakurri... izango dira abiapuntua. «Gaur egun jendea gehien kezkatzen duena da, eta gerora agertzen doazen gaien eta beharren arabera zabaltzen joango dira aholkularitza emango duten gaiak», zehaztu du Irastorzak.

Zerbitzua herritarrei begirakoa da, eta, aldi berean, aholkularitza espezifikoa emango die teknikariak eskualdeko hemezortzi udalerriei pobrezia energetikoa murrizteko. Egungo energia gastuaren 100 kasu larrienak aztertuko dituzte eskualdeko gizarte langileekin koordinatuta, eta egoera hobetzeko esku-hartzea egiteko aukera emango duten eredu errepikagarrienak bilatuko dituzte, hogei kasu hautatuta.

Urteetako ibilbidea
Energia Bulegoa azken urteetan energiari lotutako arloan Goierrin aurrera eramaten ari diren ekimen sorta baten emaitza da. 2015ean Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrekontu parte-hartzaileen prozesua martxan jarri zuen eskualdean eta energia gaiei buruzko kezka plazaratu zuten herritarrek. Bi premia argi adierazi zituzten: energiaren planifikazio eta kudeaketa publiko baten beharra, eta jasangarriagoa eta sozialagoa zen eredu baterantz joatearena.

Bi urte geroago, 2017an, Aldundiko Ingurumenerako eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak babesturik, Goierriko Energia Plana (2018-2025) garatu zuten. Eskualdeko diagnositik abiatuta, zazpi urtetarako lerro estrategikoak eta ekintza zehatzak definitu zituzten zenbait eragile goierritarrek.

2021ean plana eguneratu egin zuten, zenbait gai eta behar berri barneratuz, esaterako, energia zaurgarritasunaren eta pobrezia energetikoaren eraginak. Lerro estrategikoak, zehazki, honakoak dira: eskualdeko sektore guztietan kultura energetiko berri bat ezartzea energia kontsumoa murrizte eta efizientzia energetikoa hobetuz; Goierriko autohornikuntza energetikoa indartzea sektore guztietan energia berriztagarrien bidez; etxebizitza sektoreko pobrezia eta ahultasun energetikoa identifikatzea eta murriztea; eta eskualdeko eragileak eta herritarrak trantsizio prozesuan parte hartzea sustatzea, energiari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazioa indartuta.

Era berean, energia plana koordinatzeko Goierriko Energia Mahaia eratzea erabaki zuten. Egoera berriak agerian utzi zuen eskualdeko energia politiken eta ekintzen bai garrantzia bai urgentzia. Hortaz, eskualderako energia bulego bat eratzearen bideragarritasun plana landu zuten eta 2023ko ekintza planean barneratu, pobrezia energetikoari aurre egitearekin batera.