NAIZ

1.300 eraikin baino gehiago suntsitu ditu Israelek Gazan, Nazio Batuen arabera

Israelek egin dituen bonbardaketek 1.300 eraikin baino gehiago suntsitu dituzte Gazan, Nazio Batuek larunbatean eman dituzten datuen arabera. 420.000 lagunek etxea utzi eta Gazan zehar noraezean dabiltza ezinezkoa den babesleku baten bila.

Israelek birrindutako eraikin bati begira da palestinar hau Rafah hirian.
Israelek birrindutako eraikin bati begira da palestinar hau Rafah hirian. (Said KHATIB | FRANCE PRESSE)

Azken zazpi egunetan Israelek Gazaren kontra egin dituen bonbardeketek 1.300 eraikin baino gehiago suntsitu dituzte lurralde palestinar honeta, Nazio Batuek larunbatean jakitera eman dutenez.

Nazio Batuen Giza-Aferetarako Koordinazio Bulegoak (OCHA) eman dituen datuen arabera, 5.549 etxe «erabat suntsituta» gelditu dira. Hauekin batera beste 3.750 kalte larriak pairatu dituzte eta ezinezkoa da bertan bizitzea.

Bestalde, Unicefek eman dituen datuen arabera, 420.000 lagun euren etxeak utzi behar izan dituzte Gazan. Israelen bonbardaketak ematen diren bitartean Gazako beste toki batzuetara joan diren balizko babesaren bila. Helburu antzua, lurralde horretatik ezin direlako atera.

Suetena eskatu du Unicefek Gazara laguntza humanitarioa heltzeko aukera izateko.

Israelgo Armadak zabaldu duenez, larunbat goizaldean izandako bonbardeketetan Hamaseko buruzagi bat hil dute. Beti ere, Israelgo Armadak esaten duenez, hildako Murad Abu Murad izango litzateke, joan den larunbatean miliziano palestinarrek airez egin zuten erasoaldiaren arduraduna izango litzatekena.

Bitartean, Gazan hiltzen diren palestinarren kopuruak gora egiten du etengabe. Azken datuen arabera, 600 haur baino gehiago hil dituzte Israelen bonbardaketek. Gazako Osasun Ministeritzak jakitera eman duenez, 324 hildako palestinar izan dira azken 24 orduetan Israelek egindako bonbardaketen ondorioz. Orotara, 2.215 palestinar hil ditu Israelek. Israeldarren aldean, 1.300 hildako zenbatu dituzte.

53 palestinar hildako Zisjordanian

Zisjordanian ere palestinar ugari hil dituzte Israelgo koloneak. Gaur bertan, palestinar bat hil dute Jerikon. Aste honetan 53 dira kolono israeldarrek Zisjordanian hil dituzten palestinarrak.

Zisjordanian ere bart 56 palestinar atxilotu zituzten israeldarrek erresistentziarekin lotura zutelakoan.

Israelgo Armadak Gazako iparraldean tropak biltzen ari da, ustez momentu batetik bestera lurrez inbatsioa egiteko. Gazatarrak hegoalderantz mugitzeko deialdia berretsi du Israelek.

Libano inguruan egoera ere ez da lasaia. Israelen arabera, Libanotik zetozen hainbat miliziano hil ditu dronak erabiliz.

Bestalde, Saudi Arabiak bertan behera utzi ditu Israelekin harremanak normalizatzeko aurreikusita zeuden elkarrizketak, France Presse agentziak Ryadeko iturriak aipatuz zabaldu duenez.