Hiru Hiriburuak binakako txapelketako finalak hasieran aurreikus zitekeen gidoia izan du: Amaia Aldai aurrelaria agintzen, eta Leire Garai eta Irati Zabala nola edo hala eusten saiatzen (8-2). Hasieran horrela izan da, baina inork espero zuen amaiera izan du. Urdinek estu hartu dituzte gorriak, defentsa on bati esker, eta gorrien zenbait hutsegitek lagunduta. Horrela, bederatzi tanto erreskadan egin dituzte eta tanto bat atzetik jarri dira (15-14).
Hortik aurrera, Aldaik hasieran izan duen distira pixka bat itzaltzen joan da, eta horrek lehia asko berdindu du. Arrate Bergara eta Zabala atzelariek lan ona egin dute atzeko koadroetan, ondo jasoz pilota. Aurrean, aldiz, Gasteizko aurrelariak hasieran bilatu ez dituen zirrikituak aurkitu ditu. Hala ere, ez da nahikoa izan Aldai-Bergara bikotea mendean hartzeko. Azkeneko tantoan Dimako aurrelariak ez du barkatu, eta hiru eta erditik bi pareta joz amaiera eman dio demari. Berak jaso du pilotari onenaren saria.
Podiumean poztasuna nabaria zen finala jokatu duten pilotarien aurpegietan: Aldaik Master Cup zirkuituan falta zitzaion garaikurra lortu duelako, Bergarak aurrenekoz jantzi duelako Hiru Hiriburuak txapelketako txapela, eta Garai eta Zabala pozik zeudelako finaleraino ailegatzearekin, ez baitzuten haraino iristea espero. Litzartzako atzelariak bazuen zer ospatu ere; bere lehen finala jokatu du elite mailan.
2.610 ikusle izan dira Bilboko Bizkaia pilotalekura; giro aparta, pilotarien kirioak dantzan jartzen dituzten horietakoa. «Hemen egotea eta harmaila horrela ikustea ikaragarria izan da. Espero dut hurrengoan ere horrela ikustea», esan du Garaik.
Aldairen bizitasuna
Partida hasi bezain laster, Dimako aurrelariak hartu du aginte makila, eta nagusi izan da kantxan. Berari hobekien zegokion pilota hautatu du; bizia, zorutik asko irteten den horietakoa. Hori aprobetxatuz, indar handia eman dio pilotari, jokoan sartu den bakoitzean erabakigarria izanda. 8-2 hasi dira aurretik markagailuan Aldai eta Bergara.
Gerora, zenbait tanto batu dituzte gorriek zein urdinek, eta markagailua 15-5 zegoenean, partidaren gidoia guztiz aldatu da. Urdinak banan-bana tantoak egiten joan dira, defentsan oso lan ona eginda, eta gorrien hutsegite batzuek lagunduta. 15-14 hurbildu dira.
Neurketa berdintzeko aukera paregabea izan dute urdinek, baina Gasteizko aurrrelariak, agian, ausartegi jokatu du; pauso bat aurrera eman du, eta behetik jo dio pilotari. Gaizki atera zaio jokaldia, ordea, eta huts egin du. 16-14 gorrientzat sakea.
Aurrerantzean tanto gogorrak eta luzeak jokatu dituzte; Bergara eta Zabala atzelariek ondo eraman dituzte zenbait pilota, eta aurrean zegoen partida desorekatzeko giltza. Aldai ez bezala, Garai partida amaieran hasieran baino hobeto moldatu da.
18-16 tantoa ikusgarria izan da. Urdinek sekulako defentsa egin dute, eta hamaika pilota jaso dituzte. Gorriek ez zuten zirrikiturik aurkitzen kantxan, eta tantoa urdinen aldera igo da markagailuan.
Hurrengo bi tantoak politak izan dira, bata Aldairen eta bestea Garairen eskutik. Dimakoak zabalean amaitu du tantoa txaparen gain-gainean, eta Gasteizkoak ezkerrarekin pilota txokora bidali du (19-17).
Bukaeran, Aldaik duen kalitatea erakutsi du berriro ere, eta hark egin ditu 22rainoko tantoak. Besteak beste, sake errematea eta hiru eta erditik jotako bi paretak. «Oso ondo hasi gara, eta aldea hartu dugu markagailuan. Baina gero sufritu behar izan dugu. Horrelako final bat irabaztea oso polita da. Harmailak horrela ikustean, oilo ipurdia jartzen zait», adierazi du Dimako aurrelariak partida amaitu ondoren.
Bergarak «eskerrak» eman dizkie ikusleei, eta gaineratu du «urtez urtez hobetzen» jarraituko dutela, «ikuskizun hobea eskaintzeko». Partidaren inguruan, Zabalak adierazi du final «gogorra» izan dela, eta «bukaeran edonork irabaz zezakeela».
Arrizabalaga-Erasun, hirugarren
Podiumeko azkeneko koskara igoko dira Olatz Arrizabalaga eta Itxaso Erasun, Goiuri Zabaleta eta Nora Mendizabal bikotea 18-16 mendean hartuta. Oso partida lehiatua izan da, hasieran horrela irudikatu ezin zitekeen arren. Izan ere, Gernikako aurrelariak eta Zizurkilgo atzelariak ekin diote neurketari, 8-1 aurrea hartuta markagailuan.
Partida hautsi aurretik, baina, Zabaleta bete-betean sartu da lehian, eta errematerako duen dohaina erakutsita, zenbait tanto egin ditu, aurkariengana hurbilduz. Ikus zitekeen aurreko koadroetan erabakiko zela dema, bi aurrelariek trebetasun handia erakutsi baitute tanto amaitzerako garaian.
Urdinek bi aldiz lortu dute partida berdintzea, 12-12an eta 16-16an. Azkeneko horretan erori da partidaren balantza gorrien alde. 14 urteko leitzarrak aukera paregabea galdu du markagailuan aurretik jartzeko, eta pilotak txapa ez du gainditu (17-16). Hemezortzigarren eta azken tantoa gorriek egin dute, eta Hiru Hiriburuak binakako txapelketako podiumeko azkeneko koskara igo dira.