NAIZ

Napolin 69 pertsona lehorreratu ostean mantentze lanak egingo ditu Aita Marik

Aita Mari salbamenduko euskal ontziak erdiko Mediterraneoan hartutako 69 pertsona lehorreratu zituen larunbatean Napoliko portuan. Orain, «mantentze lan txikiak» egingo ditu han, amaitzean berriro ere erreskate lanetara bueltatzeko.

Pasa den larunbateko erreskateko irudia.
Pasa den larunbateko erreskateko irudia. (@JaviBernardoP (@maydayterraneo))

Aita Mari salbamendu ontziak erdiko Mediterraneoan hartutako 69 pertsona lehorreratu zituen larunbatean Napoliko (Italia) portuan. Orain, iragarri du «mantentze lan txikiak» egingo dituela, ostera ere berriro itsasoratzeko.

Ontziaren jabea den Itsas Salbamendu Humanitarioa euskal GKEak ohar batean azaldu duenez, baruka larunbateko 17.15ean iritsi zen Napolira, eta 19.40an bukatu zuen itsasotik erreskatatu zituen pertsonak lehorreratzen.

Erreskatea ostegun gauean hasi zuen Aita Marik, egurrezko barku bi, «oso prekarioak» eta «jendez beteta», alderrai ikusi zituenean. Ontziotan bidaiatzen ari ziren 69 pertsonen artean sei emakume eta sei adin txikiko zeuden, horietako batek lau urte besterik ez zituen. Euskal ontziak guztiak ontziratu zituen bertan artatzeko, izan ere, GKEaren arabera, «alderrai igaro zituzten orduen ondorioz traumaren sintomak» zituzten.

Italiak Genovako portuak lehorreratzea galdegin zion Aita Mariri, baina handik 900 kilometrora zegoen ontzia. Napolin lehorreratzeko baimena eskatu zion ontziak Italiari, eta han lehorreratu ahal izan zituzten azkenean itsasoan erreskatatutako pertsonak, gehienak Siria, Bangladesh eta Egiptokoak.

Orain, Napoliko portuan geratuko da Aita Mari ontzia denbora batez, «mantentze lan txikiak» egiteko. Hauek amaitzean bueltatuko da erdiko Mediterraneora, erreskate lanetara.