Nerea Arrutik erakustaldia emanda irabazi du igande honetan Elgoibarko Kalegoen Plazan jokatu den Euskadiko Aizkora Txapelketa. Urnietako aizkolariak «presioa eta urduritasunagatik nahiko ezeroso» ekin diola aitortu badu ere, hankapean erabili ditu beste bost aurkariak eta bigarren amaitu duen Nerea Sorondo nafarrari ia lau minutuko aldea atera dio.
Aizkora munduan emakumeek orain arte sekula egin duten lanik luzeenari egin behar izan diote aurre eta sei parte-hartzaileek oso lan duina burutu dute, bakoitza bere mailan. Ezin eska dakieke maila bera Nerea Arruti txapeldunari, bosgarren amaitu duen 51 urteko Maika Ariztegi iturendarrari edo 14 urte besterik ez dituen Malen Barrenetxea hernaniarrari, baina nolanahi, Elgoibarra bertaraturiko jendeak maila oneko kirol ikuskizunaz gozatu ahal izan du. Aukeran, parekotasunik ezaren penatan geratu dira ikusleak, baina aizkolarien maila aitzakiarik gabekoa izan da.
Orotara seina enbor erdibitu behar izan dituzte aizkolariek: 36 ontzako bi, 45 ontzako beste bi eta bi kana-erdiko. Lanak hasteaz bat, eta aurreneko enborra mozten ari zela erori egin bada ere, Nerea Arrutik lehiaketaren buruzagitza lehenengo unetik hartu du eta aldea handitu besterik ez du egin.
Hala ere, ez da bere lanarekin hain gustora geratu Nerea Arruti txapelduna. «Ez nuen halako alderik izango nuenik pentsatzen. Hain justu, kana-erdikoan adar txiki bat atera zait eta Nerea –Sorondo– ondora zetorkidala ikusi dut orduan, baina behin hori pasatuta, sentsazio onekin jarraitu dut, nahiz eta egia esan, ez naiz batere eroso sentitu. Baina azkenean lanak egin ditugu eta txapela etxera», aipatu du Urnietakoak.
Hiru aldiz Euskadiko txapeldun izandako Nerea Sorondo nafarrak bigarren postua lotu beste zereginik ez du izan. Berako aizkolaria zen, final honi ekin aurretik, txapela lortzeko beste faboritoa, baina Nerea Arrutiren mailaren aurrean burua makurtu besterik ezin izan du egin, ia lau minutu gehiago behar izan ditu-eta Arrutik baino.
Hirugarren, berriz, Herediako Oihana Fernandez de Barrera aizkolari arabar gaztea izan da, etorkizunera begira aintzat hartu beharreko norbait dela erakutsiz. Laugarren postuan Ane Zapirain, aizkoran hasiberria den astigartarra, sailkatu da, podiumetik lau minutura. Honen atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Maika Ariztegi eta Malen Barrenetxea, final honetako aizkolari beteranoena eta gazteena, hain justu, ikuskizuna borobilduz.
Euskadiko Aizkolari Txapelketa. Sailkapena nagusia:
1-Nerea Arruti 17:59
2-Nerea Sorondo 21:54
3- Oihana Fernandez de Barrena 25:10
4-Ane Zapirain 29:13
5- Maika Ariztegi 30:53
6-Malen Barrenetxea 35:26