NAIZ

Bilbon Elikaldia martxan: elikadura burujabetza eta jasangarritasuna ardatz dituen esperientzia

Elikaldia esperientzia pilotua aurkeztu dute Bilbon astelehen goizean, bertan, elikadura burujabetza eta jasangarritasuna lantzeko zenbait ekimen egingo dituzte urriaren 21a bitarte. Kontsumo ohiturak aztertu eta eraldatzeko dinamika izango dela jakinarazi dute.

Bilbon Elikaldia ekimena aurkeztu dute.
Bilbon Elikaldia ekimena aurkeztu dute. (Elikaldia)

Elikaduraren nazioarteko eguna eta elikadura burujabetzaren aldeko ekintza eguna probestuz, astelehen goizean Elikaldia ekimen pilotua aurkeztu dute Bilbon. Helburua «elikadura burujabetza eta jasangarritasuna ardatz dituen esperientzia» martxan jartzea da ekimeneko antolatzaileen arabera; eta Bilbo Zaharreko, Zazpi kaleetako eta Sanfraneko bizilagunen kontsumo ohiturak «aztertu eta eraldatzeko» dinamika jarriko dute martxan.

Euskal Herrian kontsumitzen dugunaren %10 baino gutxiago ekoizten dela azaldu dute aurkezpenean eta azken bi hamarkadetan baserrien %70a galdu dela gaineratu. Nafarroan ekoizten denaren %99a esportatu egiten da talde antolatzaileak emandako datuen arabera, «eta kontsumitzen ditugun elikagaiek platerera heldu aurretik 2.500 eta 4.000 km artean egiten dituzte».

Kezka horretatik abiatuz sortutako ekimena da Elikaldia, larunbata bitarte hamaika ekintza antolatu dituzte: «Bereziki kontsumo talde, saltoki txiki eta tabernetan gertuko eta sasoiko produktuak ezagutu eta kontsumitzera bultzatu nahi dugu», mahaigaineratu dute.  Eta informazio osoa elikaldia.eus webgunean eskuratu badaiteke ere aurreratu dute auzoko eskoletan tailerrak, jardunaldiak, bertso dastaketak, deribak edota pintxo txapelketa bezalako ekintzak izango dituztela.

Aurtengo edizioan 120 elikalagunek (herritarrek) eman dute izena, 60 elikagune (taberta eta denda txiki) atxikitu dira ekimenera, eta 200 elikaproduktu erregistratu dituzte. Momentuz «esperientzia pilotua» bada ere, Euskal Herri osora zabaltzeko anbizioa dutela jakinarazi dute, «horrek gure herrian elikadura burujabetza eta ingurumenaren jasangarritasuna kezka badela adieraziko lukeelako».

Planetak lantzeko lurraren %90a galdu du

Euskal Herriko datuetan oinarritu badira ere, mundu mailako egoerari begira ere jarri dira astelehen goizeko agerraldian. Munduan 900 milioi pertsonek beren elikadura beharrak asetzeko aukerarik ez dutela zehaztu dute, «eta aldi berean, planetak biodiertsitatearen eta lantzeko lurraren %90a galdu du eta mundu osoan lau enpresek kontrolatzen dituzte hazien %60». Gaineratu dute berotegi-efektuko gasen isurien %26ak elikadura industrializatuarekin zerkusia duela, eta munduko biztanleriaren %6ak duela lurraren %65aren jabetza.