Alessandro Ruta

Duela ehun urte jaio zen Italo Calvinoren betirako iraskaspenak

1923ko urriaren 15ean Italiako idazlerik handienetako bat jaio zen. Bere liburuak, eleberriak zein saiakera-lanak, testuetatik haratago benetako ereduak markatu dituzte. Calvinok utzitako sei hitz edo aholku tarteko.

Italo Calvino, 1961ean.
Italo Calvino, 1961ean. (Wikimedia Commons)

Italo Calvinori artikulu hau gustatuko litzaioke. Nolatan? Ez, ez da harrokeria. Dena interesatzen zitzaion pertsona zen, jakinminak bultzatutatakoa, eta horregatik euskara ere deigarritzat hartuko luke. Bere lan guztietan zerbait berezia topa dezakegu: detaile bat, hitz bat... Italian Calvinok idatzitako zerbait irakurri eta ikasi dugu guztiok. Eskolan izan daiteke, unibertsitatean, edo egunerokoan...

1923ko urriaren 15ean, hau da, duela mende bat, jaio zen idazle italiarra. Beste bitxikeria bat: Kuban gertatu zen, Santiago de las Vegasen, Habanatik oso gertu. Aitak agronomo lana egiten zuen han, berez Sanremokoa izan arren.

Bizirik zela, Italiako idazlerik ezagunenetakoa bazen jada Italo Calvino, baina oraindik ere bere garrantzia ez da itzali. Eredutzat hartua da eta «berarekin egotea», bere lanen bat irakurtzen edo bideoz entzuten, ez da inoiz nekagarria. Bere ibilbidean zeharreko ondorengo bidaia hau nik neuk egindakoa da. Edo, hobeto esanda, egunero oraindik egiten dudan bidaia.

Calvino kontalaria

Ofizialki 50 bat idazlan argitaratu zuen Calvinok: batzuk, hil ondoren, 1985tik aurrera alegia. Nahiko gaztea zela zendu zen, besteak beste Nobel saria irabaziko zuen ala ez jakin gabe.

Italian, lehen mailako eskoletan goiz hasten da Calvinok idatzitako orriak irakurtzen. Nire kasuan, 9-10 urterekin ‘Fiabe italiane’ (‘Italiako ipuinak’) bilduma irakurtzen genuen. Egilearengana gerturatzeko ezin hobea da aukeraketa, batez ere beste estiloa ezagutzea ahalbidetzen duelako: arin eta erraza baina, aldi berean, oso sakona.

Italian, lehen mailako eskoletan goiz hasten da Calvinok idatzitako irakurtzen: ‘Fiabe italiane’, ‘Italiako ipuinak’. ‘Gure arbasoak’ trilogia dator gero

 

Hurrengo urratsa ere gogoan dut: ’Gure arbasoak’ trilogia izan zen. Hiru eleberri, hiru maisulan: ‘Il visconte dimezzato’ (‘Bizkonde erdibitua’), ‘Il barone rampante’ (‘Baroi igokaria’) eta ‘Il cavaliere inesistente’ (‘Zaldun hutsala’).  Hiru pertsonai hauek ahaztezinak dira. Medardo di Terralba bizkondea gerrara doa baina kanoi-bola batek jotzen du eta bere gorpua banatzen du literalki: zati «ona» desagertzen da eta zati «okerra» itzultzen da. Berriro elkartuko dira nolabait. Eleberri honekin Calvinok esan nahi diguna zera da: Medardorena bezala gure ariman alde polita eta alde txarra badirela, batera direla.

Nire gogokoena, trilogia honetan, zalantzarik gabe Cosimo Piovasco di Rondò da, «baroi igokaria». Bera bezala behin baino gehiago sentitzen naizelako, gaur egun ere bai, munduaren kontra, erabaki «zoroak» hartzeraino. Eta zein da, bada, Cosimoren erabaki eroa? Zuhaitz batetara igotzea, protesta moduan: «Ez naiz inoiz jaitsiko», jakinarazten dio bere familiari, eta halaxe da. Bukaera oso poetikoa da, biziki hunkigarria; zin egindakoa betez, aire beroko puxika hartuko du, globo aerostatikoa, eta betan itsasoratuko da, lurreratu gabe.

Agilulfo ere, «zaldun hutsala», oso bitxia da. Gorputzik ez du, baina bizi da, eta legeak betetzeko bizi da. Narratzailearen ikuspuntua da hemen interesgarriena: izan ere Teodora, istorioa kontatzen duena, moja eta une berean gudari bat da, Agilulfo maite duena. Maitasuna eta gerra, gerra eta maitasuna, Erdi Aroko poemen antzera.

Calvino, Sanremoko liburutegiari bere lanak ematen. (Wikimedia Commons)

‘Gure arbasoak’ trilogiatik haratago, ipuin modernoago moduan, ‘Marcovaldo’ nabarmendu behar da. Gizon hor, eta bere familia batez ere, kontsumismoaren sinboloak dira: denak supermerkatu batera joaten dira eta, dirurik izan ez arren, edozein gauza sartzen dute saskira. Ez dute berez erosketa egin nahi, jolas-parke batean bizi baizik. Gauza mordoa, argi mordoa, jende mordoa, zarata handia...  giza-multzo honen inguru normala da. Supermerkatua itxi behar denean dator arazoa, zoritxarrez. Marcovaldok eta bere senideek produktu guztiak korrika eta presaka itzultzen dituzte, baina aldi berean beste batzuk hartuz, eta saskia beterik dago beti...

Calvino militantea

Handitzen handitzen, ipuinen fasea gainditu eta eskolaren bigarren mailan, institutoan alegia, Calvinoren beste idazlan batzuk ikasi genituen. Lehen arrakasta ‘Il sentiero dei nidi di ragno’ zen, ‘Armiarmen habiaren bidea’. Eleberri hau ere ipuina dela dirudi: Pin protagonista mutil bat da, Bigarren Mundu Gerran Erresistentzian parte hartzen duena. Calvinoren proiekzio bat da Pin, idazlea ere partigiano bat izan zelako, Alderdi Komunistaren (PCI) alde.

Sanremokoa ezkertiarra izan da beti, baina 1956. urteko Hungariako iraultza eta gero PCI utziko zuen. Sobietar Batasunak Budapesteko kaleetan eragin zuen errepresioa ez zitzaion batere gustatu. Urte hartan jada izen handikoa zen Italo Calvino, ‘L'Unità’ PCI alderdiaren egunkarian egina zuen lana, eta horregatik zalaparta handia ekarri zuen bere posizionamenduak. Oro har Italiako ezkerrean zein kulturaren munduan betirako erreferentzia bat izango zen Calvino, Pasolinirekin batera, azken hau askoz «muturrekoagoa» izan arren.

Hurrengo idazlanean ere modernotasuna kritikatuko zuen Italo Calvinok: ‘Ultimo viene il corvo’ bilduma neoerrealismoaren korronte artistikoan oso erangikorra izango zen. Besteak beste, bilduma horretan, ‘Lapurketa gozotegian’ izenekoak Mario Monicelli zine-zuzendaria inspiratuko zuen ‘I soliti ignoti’ (‘Rufufù’, erderaz) maisulanerako, 1958ko Donostiako Zinemaldian irabaziko zuen pelikula, alegia. Lapurretan saiatzen den taldetxo hori Bigarren Mundu Gerraren osteko mirari ekonomikoaren ondorioa da: aberastasun berri horren banaketa ez zen batere orekatua izan, eta pobreenek zerbait egin behar zuten, baina «profesionalak» izan gabe, porrot egingo zuten.

Kontsumismoaren aurkako kritikak aurrera egingo zuen Calvinoren lan ezberdinetan, Marcovaldo eta bere familiaren joan-etorrien ostean

 

Kontsumismoaren aurkako kritikak aurrera egingo zuen Calvinoren lan ezberdinetan. Ez da oso ezaguna baina ‘La speculazione edilizia’ eleberriak (‘Eraikuntza espekulazioa’) Liguriako Kostaldea (batez ere Sanremokoa) nola aldatzen ari zen salatuko zuen: Quinto protagonista inbertsioaren mundu horretan sartzen da baina kale egingo du.

Calvinoren militantzia Italiako gertaera nagusiekin batera uztartzen da instituto garaian eta batxilergoan eta, nahi duenak, unibertsitatean ere. Baina ez dugu bidaia bukatu oraindik...

Calvino irakaslea

Alessandro txikia Calvinoren ipuinak irakurtzen ikusi duzue artikulu honetan, gero apur bat helduago, politika eta kontsumismoarekin lotuta, eta azken urratsa lanean izango da. Kazetaritza masterrak egitea ona da, baina praktikara eramatea beste gauza bat da. Ikasitakoa egunero berritu eta eguneratu behar da. Baina zerbaiti tinko eustea komeni da: orokorrean «estiloa» deituko nuke.

Irakurtzeko erraza da Calvino. Meritu handia dago idatzi dituen liburuetan, gehienak laburrak direlako, 200 orrialde inguru. Idazlearengana hurbiltzeko lagungarria da, nahiz eta tarteka bere argudioak ez diren hain errezak. ‘Le città invisibili’ (‘Hiri ikusezinak’), ‘Se una notte d'inverno un viaggiatore’ (‘Neguko gau baten bidaiari bat’) edota ‘Palomar’, azken hau bizirik zela argitaratu zuen azken eleberria, korapilatsuak izan daitezke. Azken urte haietan Calvinok literatura, magia eta zientzia nahastu zituen, baina betiko tonua mantenduz.

Sei hitz, literaturarako eta bizimodu ezberdin baterako: arintasuna, azkartasuna, zehaztasuna, ikusgarritasuna, aniztasuna eta koherentzia

 

Bere estiloa nolakoa zen ezin dut nik azaldu. Zorionez Calvinok manifestu bat prestatu zuen, ‘Lezioni americane’ (‘Amerikako ikasgaiak’). Sei hitz, sei ideia, «sei proposamen datorren milurtekorako», hori zen liburuaren azpititulua: arintasuna, azkartasuna, zehaztasuna, ikusgarritasuna, aniztasuna eta koherentzia. Harvardeko Unibertsitatean aurkeztu behar zituen, baina AEBetara joan aurretik hil zen, iktus batek jota.

Jakin ezazue nire kasu apalean, edozein artikulu idazten dudanean, edozein hizkuntzaz, Calvinoren ikasgairen bat behintzat jarraitzen ahalegintzen naizela. Batez ere arintasuna, idazlearen ustez «testuaren estrukturari zama arintzea» dena. Mundua bera jada oso astuna bada, zertarako beste zerbait gehitu?

Arintasuna eta beste bost proposamenak, Calvinoren ikuspuntutik bizimodu bilakatu beharko lirateke, jakina. Modu honetan kulturari buruz hitz egitea ez da inoiz denbora alferrik galtzea izango. Hau ere Calvinoren beste irakaspen bat izan da. Bere munduaren barruan igeri egitea betidanik plazerra izaten da.