NAIZ

Pentsio sistema propiorantz urratsak emateko eskatu dio LABek EAJri

Lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa eratzeko urratsak eskatu dizkio LAB sindikatuak EAJri. «Euskal Herritik Euskal Herrira sortu behar da lan harreman eta babes sozialeko eredu berri bat, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dizkiena», dio sindikatuak.

LABen eta EAJren ordezkariak Bilbon bildu dira astelehen honetan.
LABen eta EAJren ordezkariak Bilbon bildu dira astelehen honetan. (LAB)

Bertako negoziazio kolektiboa blindatu eta pentsio sistema propiorantz urratsak emateko eskatu dio LABek EAJri astelehen honetan Bilbon egindako bileran. Sindikatuaren ordezkaritzaren buru Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra joan da; alderdi jeltzalearena, berriz, Andoni Ortuzar izan da.

Espainiako Gobernuko inbestidura eta legegintzaldiko negoziazioetan aintzat hartu beharreko Agenda Soziolaborala aurkeztu dio sindikatuak, «euskal langileok, bertan inolako esku hartzerik gabe soldata eta bizi baldintzak negoziatzeko eta erabaki ahal izateko dugun eskubidea bermatu dadin». Duela egun batzuk proposamen bera aurkeztu zion EH Bilduri.

LABek ohar batean azaldu duenez, «Funtzio Publikoan bi greba egun deituak daude eta bertako langileen soldatak eta lan baldintzak hemen erabaki ahal izatea lehentasunen artean kokatu dute sindikatuko ordezkariek bilkuran».

«Adierazi dute autogobernua defendatzen duen alderdi zein Gobernu batentzat espainiar Estatutik eratorritako mugak ez liratekeela aitzakia izan behar langile publikoen aldarrikapenei bizkar emateko», nabarmendu du sindikatuak, eta EAJri eskatu dio urriaren 25erako eta abenduaren 19rako deituak dauden greben aldarrikapenei «bide eman diezaien, borondate politiko kontua baita».

«Euskal Herritik Euskal Herrira sortu behar da lan harreman eta babes sozialeko eredu berri bat, langile jendeari lan eta bizi baldintza duinak bermatuko dizkiena. Eta ibilbide hori garatu ahal izateko, Estatuak jarritako mugak gainditzeko lan egin beharra dago Madrilen», gaineratu du.