NAIZ

EAEko Auzitegiak euskara lehenesten duen udal legearen hainbat atal baliogabetu ditu

EAEko Justizia Auzitegi Gorenak Voxen errekurtso bat onartu du eta indarrik gabe utzi ditu euskararen erabilera lehenesten duen araua garatzen duen dekretuaren hainbat xedapen. Lakuak 30 eguneko epea du espainiar Auzitegi Gorenean kasazio-errekurtsoa jartzeko.

Euskararen aurkako eraso judizialen harira, Kontseiluak egindako adierazpen batean hartutako irudia.
Euskararen aurkako eraso judizialen harira, Kontseiluak egindako adierazpen batean hartutako irudia. (Raul BOGAJO | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan euskararen erabilera lehenesten duen araua garatzen duen dekretuaren zenbait artikulu baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Gorenak. Voxen helegitea onartuta, hiru agindu eta beste lau artikuluren zenbait atal baliogabetu ditu.

Santiago Abascal buru duen alderdiaren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako horretako errealitate soziolinguistikoak «ez die toki-erakundeei ahalmenik ematen herritarrekin soilik euskaraz jarduteko». Modu honetan, EAEko Auzitegi Nagusiak partzialki onartu du aurkeztutako errekurtsoa.

Epaia irailaren 28an eman zen, eta 9.2 artikulua, 11ko 1. paragrafoa eta 12. artikulu osoa baliogabetu ditu. Halaber, 18., 24., 27. eta 36. artikuluen zenbait paragrafo atzera bota ditu. Hala ere, epaia ez da irmoa, eta, beraz, Lakuak 30 eguneko epea du kasazio-errekurtsoa jartzeko Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan.

Baliogabetutako artikuluak

EAEko Auzitegiak baliogabetu duen artikuluetako bat 9.2 artikulua da. Horren arabera, «hizkuntza-plangintza udal jarduerak euskaraz egin ahal izatea ahalbidetzera bideratuko da. Horretarako, udalerriak euskaraz funtzionatzeko neurriak hartuko dituzte, bereziki euskararen bizi-guneetan».

Era berean, epaiak indarrik gabe utzi du 11. artikuluaren 1. paragrafoa: «Udalerriek, beren egoera soziolinguistikoaren arabera, hainbat alderdi jasoko dituzte, hala nola, hizkuntza ofizialen ahozko eta idatzizko erabilera tokiko organoen barne-funtzionamenduan, dokumentuen formatua, euskaldunaren erabilera ekitaldi publikoetan, publizitate-kanpainetan, bide publikoaren errotulazioan eta baita administrazio-kontratazioan ere».

12. artikulua, aldiz, erabat deuseztatu du: «Euskadiko toki-erakundeek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako erakundeek planifikatu eta arautuko dute, beren egoera soziolinguistikoaren arabera, euskara beren jardueretan erabilera normal eta orokorreko zerbitzu-hizkuntza eta lan-hizkuntza gisa erabiltzea, hurrengo artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorriz».

18. artikuluan dokumentu publikoetan euskara erabiltzeko lehentasuna zehazten da eta hori ere bertan behera utzi du. Era berean, 24. artikuluko eta 27. artikuluko zenbait tarteki atzera bota ditu, hain zuzen sektore publikoko erakundeek erabiltzeko moduari buruzkoak eta telefono bidezko informazioa edo bozgorailuetan hizkuntza horretan emateko lehentasunari buruzkoak.

37. artikuluan ere nagusiki teknikoa ez den edozein dokumentu bi hizkuntzetako batean bakarrik idatzi ahal izatea ezartzen duen agindua deuseztatu du. Indarrik gabe uzten duen beste alderdietako bat kontratuak gauzatzeko baldintzak ezartzen dituena da.

Manifestazioa azaroaren 4an

Azken hiru hilabeteetan euskararen aurkako bigarren epaia da honakoa. Espainiar Konstituzio Auzitegiak Udal Lege horren 6.2 artikulua baliogabetu zuen uztailean, gaztelaniaren erabilera «kaltetzen» zuela eta euskarari «lehentasunezko» erabilera ematen ziola iritzita. Orduan ere, Voxek eraman zuen epaitegietara.

Horren aurretik, euskararen aurkako beste hainbat sententzia ere izan dira. Besteak beste Erandioko UdalekoaUliazpi Fundazioari buruzkoaBarakaldokoaIrungo udaltzainena edo euskara hizkuntza «zailegia» dela argudiatu zuen Laudioko sententzia.

Euskararen aurka azken hilbateetan epaitegietatik iritsi den «oldarraldi» hau salatzeko mobilizazioa deitu du euskalgintzak azaroaren 4an Bilboko kaleetan.

Kontseilua: «Larritasun handikoa»

Izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluak epai hau «dudarik gabe, larritasun handikoa» dela iritzi du. Ohar baten bidez nabarmendu duenez, «argudio bat gehiago» ematen die «oldarraldi judizial hau salatzeko».

Haien hitzetan, azken sententzia honek «ukatu egiten ditu euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak behar direnik edo egingarri direnik». Kontseiluak defendatu egin du dekretuak «herritar guztien eskubideak» hartzen dituela aintzat, eta «hor proposatzen diren eta orain auzitegiak baliogabetu dituzten neurriekin inongo herritaren eskubideak ez dira kaltetzen, baizik eta euskararen normalizazioaren eta euskal hiztunen bizimodua normalizatzearen aldeko neurriak dira hartzen direnak».

Hori dela eta, «botere judizialetik hizkuntza politika egiten jarraitzea» arbuiatu du, «euskararen ofizialtasunaren ondorioak murriztuz eta herritarron eskubideen aurka».

Gainera, gogora ekarri du «euskal gizartean oso ordezkaritza murritza duen alderdi baten bulkadaz bultzatu dela» epai hau, eta beraz, «adostasun sozial oso zabal baten aurkakoak» direla.

Lakua: «Politikaren judizializazio argia»

Bingen Zupiriak Lakuako Gobernuaren bozeramaileak ere gogor kritikatu du epaia; 11.00etan jaso dutela esan du. Iragarri duenez, Gobernuaren zerbitzu juridikoek aztertu egin beharko dute, eta beraiena izango da helegitea aurkezteko erabakia. 

Dena den, Zupiriaren esanetan, Lakuak helegite bat aurkeztu beharko luke Auzitegi Gorenaren aurrean. Izan ere, «politikaren judizializazioaren kasu argi baten aurrean gaude». Gogoratu duenez, «Udal Legea 2016an onartu zuen Legebiltzarrak akordio zabal baten ondorioz», eta eskuin muturrrak helegite bat aurkeztu zuen horren aurka.

Halaber, EAEko Auzitegi Nagusiaren jarreraren aurka jo du bozeramaileak. Esan duenez, zenbait epaile «Konstituzio Auzitegia bera baino urrutiago joan dira dekretu honen azterketa egiterakoan eta sententzia onartzerakoan». «Horrek eskatzen du Eusko Jaurlaritzak bere errekurtsoa aurkeztea Auzitegi Gorenaren aurrean», azpimarratu du.

Epaiaren «larritasuna» salatu du EH Bilduk

EH Bildu ere «oso kezkatuta» agertu da EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaiaren aurrean. Unai Urruzuno EH Bilduko Mahai Politikoko bozeramaileak adierazi duenez, «erabaki honekin, beste behin ere, gure herriaren subiranotasuna zalantzan jartzen da. Argi geratzen ari da sektore atzerakoienen izaera inboluzionista». Zentzu horretan, «larritasuna are handiagoa» dela gaineratu du, «Espainiako ultraeskuinak, kasu honetan Voxek, salaketa jarri ostean hartu delako erabakia».

Urruzunok azpimarratu du horrelako egoerak «ezin direla normalizatu», eta gogorarazi du azken hilabeteetan hainbat epai eman dituztela auzitegiek, euskarari eta, beraz, gure herriaren idiosinkrasiari eta subiranotasunari eragiten dietenak. «Gure subiranotasunarekin ezin da horrela jokatu. Ezin da epaitegien esku egon. Batez ere salaketak alderdi eta sektore faxistetatik badatoz».

Azkenik, egoera horiei erantzuteko deia egin die Urruzunok euskal herritarrei, eta hurrengo egunetan deituko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du. «Azken finean jokoan dagoena gure herriaren, gure nazioaren biziraupena da. Erantzun egin behar da. Azaroaren 4ko manifestazioa dugu horretarako aukera bat. Eta baita ere azaroaren 18rako Bilboko kaleetan deitu dugun mobilizazioan beste aukera bat izango dugu horretarako».