NAIZ

Kaleratzeak Stopek salatu du Euriborraren igoerak bankuen kodea baliorik gabe uzten duela

Bankuen Jardunbide Egokien Kodeak hipoteka ordaindu ezin duten herritar zaurgarrienentzat bost urteko gabeziak arautzen ditu, baina Euriborraren igoerarekin kode horretako neurriak balio gabe geratzen direla salatu du Kaleratzeak Stop mugimenduak.

Kaleratzeak Stop Euskadik agerraldia egin du Donostian Euriborraren igoeraren eragina salatzeko.
Kaleratzeak Stop Euskadik agerraldia egin du Donostian Euriborraren igoeraren eragina salatzeko. (Andoni Canellada | FOKU)

Kaleratzeak Stop mugimenduak astearte honetan Donostian egindako agerraldian salatu du Bankuen Jardunbide Egokien Kodea (BJEK) «baliorik gabe» geratu dela Euriborraren igoerarengatik. Kode horrek hipoteka ordaindu ezin duten hipotekadun zaurgargarrientzat bost urteko gabeziak arautzen ditu. Agerraldian izan dira igoera horrek kaltetutako lau herritar: Elena, Jose, Mercedes eta Leire. Azaldu dute Kutxabank eta Sandarreko bezeroak direla eta bost urteko gabeziaz baliatzeko zaurgarritasun baldintzak betetzen badituzte ere, haien kuota ezin dute ordaindu Euriborraren igoera «eskandalagarriagatik».

Plataforma honen arabera, familia hauen kasuak erakutsi du «BJEK ez dela eraginkorra, bere helburua beren maileguen ohiko kuota ordaindu ezin duten familia kalteberei laguntzea baita, horrela etxetik botatzea eragotziz. Izan ere, 200.000 eurotik gorako zorrak dituzten lau familia horiei Euriborra (%4,25) aplikatzeak (%0,10 kenduta) 700 euro baino gehiagoko gabezia kuota dakarkie, eta ezin dute ordaindu», azaldu dute prentsaurrekoan. Eta jarraian adierazi dute ordaindu gabeko hamabi kuota baino gehiago zor dituztenean, bankuak hipoteka betearazteko demanda jar dezakeela eta etxebizitza enkantean jarri eta bertatik bota.

Azaldu dituzten lau kasuetan, guztiek sinatu ziztuzten ohiko etxebizitza higiezinen burbuila batean erosteko hipotekak, «metro karratua Espainiako altuenetarikoa zenean; hori dela eta, bankuari ordaindu beharreko zorra 200.000 eurotik gorakoa da», gaineratu dute.

Euriborraren igoera kuota garestitzen ari denez, familia zaurgarrienak ez ordaintzeko laguntza bat eskatzera behartuta daude Kaleratzeak Stop mugimenduak azaldu duenez, baina adierazi du ukatu egiten zaiela etxebizitzaren prezioaren muga 300.000 eurokoa delako, edo familia unitatearen diru-sarrera 25.200 eta 29.400 euro gordin artekoa delako urtean.

Lakuari eskuhartzeko deia

Kaleratzeak Stop Euskadik esan du gero eta gehiago direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hipotekatuta dauden familiak, eta aurreratu du «premiazko agerraldia» eskatuko duela Lakuako Etxebizitza Batzordean: «Euskal alderdiek eskura dituzten baliabide guztiak erabil ditzaten BJEK aldatzeko, Euriborraren eragina murriztuz haren balioa murrizten duen zuzenketa batekin, adibidez».