NAIZ

Prefetaren bisita kari ikastolaren auzia desblokeatzeko deia egin dute Beskoitzen

Seaskako ordezkarien sostenguz Beskoitzeko ikastolako gurasoek protesta berria egin dute gaur goizean. Pirinio Atlantikoen prefetaren bisita baliatu dute Estatuaren kontratupean dagoen zentroaren garapenari Herriko Etxeak ezartzen dion traba altxatzen lagundu dezan eskatzeko.

Julien Charles prefetak auzia konpontzearen aldeko hitzak izan ditu gurasoen aurrean.
Julien Charles prefetak auzia konpontzearen aldeko hitzak izan ditu gurasoen aurrean. (Guillaume FAUVEAU)

Julien Charles Pirinio Atlantikoen Departamenduaren prefeta Beskoitzera heldu da, gaur goizean, etxalde baten bisita egiteko xedez.

Beskoitzeko ikastolako gurasoek etxaldearen aitzinean elgarretaratze bar antolatu dute, prefetari galdegiteko frantses Hezkuntza Ministerioarekin kontratupean den Beskoitzeko ikastolaren defentsan eskua har dezan.

Gurasoek azaldu dutenez, Herriko Etxeak baimena ukatu du eta horren gehigarriz aurkezturiko dokumentu guztiak ere baztertu egin ditu.

Horrendako, Herriko Etxearen «politika diskriminatzailea» arbuiatuz, «debeku politiko baten aurrean gaudela» nabarmendu dute prefetarekin izan duten solasaldian.

Ikastola bisitatzeko gonbidapena

Inguruko herrietako hautetsien sostengua izan dute Beskoitzeko gurasoek. Babes horrek beren herrietan euskarazko hezkuntzaren garapena «onura bat bezala» hartzen dutela azaldu dute, baita Beskoitzeko Herriko Etxearen «jokabide tamalgarria» agerian jartzen duela.

Ikastolakon haurrek pairatu behar dituzten baldintza txarrak bertatik bertara ikusteko ikastetxera joateko gonbidapena luzatu diote Julien Charlesi.

Prefetak ikastolako ordezkarien kexak entzun ditu eta auzia bideratzeko bere esku dagoena egingo duela esan du. Edonola ere eraikuntza baimena Herriko Etxearen konpetentzia dela gaineratu du Estatuaren ordezkariak.

Azken hilabeteetan garatutako dinamikaren baitan kokatzen da gaurko protesta.

Ikastola garatzeko egitasmoak trabaturik jarraitzen zuela salatzeko, Seaskako ordezkariek agerraldia egin zuten urriaren 4an Beskoitzen.

Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak Herriko Etxearen aurrean egin zituen adierazpenen bidez deitoratu zuenez, proposamen bat baino gehiago mahai gainean ezarri badituzte ere, tokiko erakundeak «azken urteetan agerturiko jokabide hertsiari heldu dio».

Hala, Fabienne Ayesa auzapeza buru duen udal Gobernuak ikastola handitzeko egitasmoa ez zuela baimenduko ezagutarazi zuen joan zen irailean.

Ildo beretik, erabaki horren «zentzugabekeria» salatu dute gaur ikastolako gurasoek.

Urriaren 20a, epemuga

Duela hamar urte sortu zen ikastola handitzeko planari irtenbidea ematea urgentea dela nabarmenduz, urriaren 20a aitzin elkarrizketari bide emateko eskaera egin zion Jorajuriak Herriko Etxeari.

Irtenbide bat aurkitzeari uko eginez gero, «Beskoitzeko ikastolako gurasoak aitzinean dituzue, eta ez soilik, ikastola guztiak laguntzera joanen baitira», ohartarazi zien udal agintariei.

Finean, ikastolan jarduten duten 52 haurrek eraikin prefabrikatuetan ezin dutela jarraitu argi utzirik, klase politikoari laguntza eskatu zion, «Beskoitzeko hautetsiak arrazoibidera ekartzeko».