NAIZ

Industria Aurreratuen topagune izango da Donostia urriaren 25etik 27ra

Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erreminten Kongresuaren XXIII. edizioa urriaren 25etik 27ra izango da Donostian. 450 pertsona inguru bilduko ditu.

Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendaria eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko diputatua, kongresuaren aurkezpenean.
Xabier Ortueta AFM Clusterreko zuzendaria eta Ane Insausti Ekonomia Sustapeneko diputatua, kongresuaren aurkezpenean. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gipuzkoako Zientzia eta Teknologia Parkean, Donostian, ospatuko da Fabrikazio Aurreratu eta Digitalaren eta Makina-Erreminten Kongresuaren XXIII. edizioa –The Manufacturing Congress–, urriaren 25etik 27ra. Kongresua bi urtean behin antolatzen du AFM Cluster erakundeak 1976az geroztik, eta fabrikazio aurreratuaren sektoreko enpresek ezagutzak eta esperientzia trukatzeko topagune nagusia da. 450 pertsona inguru bilduko ditu.

AFMk ohar batean azaldu duenez, azken hiru urteetan sektoreko gertakariek eragin zuzena izan dute ekoizpen ekipamenduen eta makina-erreminten eskarian. Hala ere, ziurgabetasun eta desoreka egoera gorabehera, 2020ko bigarren seihilekotik aurrera eskariak maila handiari eutsi dio, ekoizpen beharrei, sektore batzuetako eraldaketa prozesuei eta zenbait hornikuntza kate zabaldu izanari esker, egoera geopolitikoaren ondorioz. Urte honetan zehar, hori izan da joera nagusia, «finantzaketaren kostuak nabarmen gora egin duen arren».

Gaur egun, «ziurgabetasuna eta eskariaren jaitsiera gorabehera», sektoreko enpresek, oro har, «okupazio maila onari» eutsi diote, eta haien eskari zorroak «nahikoak dira hurrengo urtean ere jarduera bermatzeko».

Itxiera positiboa espero dute

2023a bukatzeko dagoela, eta euskal enpresentzat garrantzi handiena duten merkatuen –besteak beste Alemania, Txina eta AEB– bilakaera nolakoa izango den ikusteke dagoela, fakturazioaren itxiera positiboa, %5 ingurukoa, izango dela aurreikusten du klusterrak, 2022ko itxiera zifraren aldean.

Ildo horretan, Fabrikazio Aurreratuaren eta Makina-Erreminten Kongresuaren 23. edizioa, «erreferentziako ekitaldia fabrikazio aurreratu eta digitalaren arloan», topagune «paregabea» izango da sektoreko profesional askorentzat. Alde batetik, «dibulgazio kongresuaren hartzaileak izango dira kudeaketan eta arlo teknikoan erantzukizun handia duten pertsonak», azaldu du. 

Hala, kongresuaren egitarauak aukera emango die aurrez aurre ezagutzeko fabrikazio aurreratuari eragiten dioten zenbait arlotako joera nagusiak: etorkizuneko fabrikari buruzko dimentsio anitzeko ikuspegia, digitalizazio teknologia eta aplikazio disruptiboak, makina-erremintak, gehigarriak, robotika eta automatizazioa, jasangarritasuna edo industrian talentua erakartzea, besteak beste.

Bestetik, kongresu zientifiko-teknikoko hitzaldietan teknologia zentroen, unibertsitateen eta enpresen I+G+b proiektuen emaitzak eta balizko aplikazioak aurkeztuko dituzte.

Programa bikoitzaz gain, segurtasun kongresua, eztabaidak, aurkezpenak, mahai-inguruak eta B2B topaketak ere izango dira, «networkinga sustatzeko eta hitzorduan parte hartuko duten 450 pertsonen artean lankidetza aukera berriak sortzeko xedearekin».

Donostian izango dira, besteak beste, Microsoft, Telefonica, Cipherbit, Siemens, IBM, Renishaw, Aernnova, Gestamp, Petronor, Renfe, Fagor Automation, Tecnalia, Danobatgroup eta Airbuseko ordezkariak.

Aurten, gainera, berrikuntza gisa, fabrikazio aurreratu eta digitalaren kongresuaren bigarren jardunaldian, makinen segurtasunari buruzko kongresu bat ere egingo da, ekipamendu eta ekoizpen lantegien indarreko segurtasun araudia zorrozki betetzen dela bermatu nahi duten profesionalentzat.