Amaia U. Lasagabaster

Nahikari Garcia: «Gauza guztien gainetik, garrantzitsuena pertsona dela ikasi dut»

Nahikari Garciak lehen aldiz jokatuko du Realaren kontrako derbia kamiseta zuri-gorria jantzita. Athleticeko «apostu sendoari» laguntzea espero du, «zelaian eta aldagelan» lan eginez.

Nahikari Garcia, Lezamako prentsa aretoan.
Nahikari Garcia, Lezamako prentsa aretoan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Ikusmina nabaria zen Lezamako prentsa-aretoan Nahikari Garciaren agerraldiagatik, udan Athleticera iritsi zenetik, eman dituen adierazpen bakanak klubeko hedabideentzat izan baitira. Eta urnietarrak, ohi duen bezela, luze eta argi hitz eginez erantzun du. Realaren kontra kamiseta zuri-gorriarekin jokatuko duen lehen derbia, ibilbidea, Athleticen proiektua, asmoak… Ez du utzi erantzun gabeko galderarik.

Lezamak igandean hartuko duen derbiari dagokionez, «guztiz berezia» dela esan du. «Badakigu nolakoak diren partida hauek euskaldunontzat, partida politak, jokalariontzat eta jendearentzat. Denok disfrutatzeko festa bat da, euskal futbolaren maila erakusteko balio duen festa. Eta niretzat, noski izango dela egun eta partida oso berezia, jende ezagun asko izango baititut zelaian zein harmailetan. Ahalik eta gehien gozatu nahiko nuke. Eta beti esaten dut irabazten gozatzen dudala, beraz hiru puntuak etxean geratzea espero dut».

Argi dauka bere «sentsazioak desberdinak» izango direla, «urte pila bat egon naizelako Realean. Nire etxea sentitzen dut, han hasi nintzen, eurek eman zidaten profesionala izateko aukera. Berotasun eta maitasun izugarria diot klubari, errealitatea hori da, eta beraz partida berezia izango da niretzat».

Realaren historiako jokalari garrantzitsuenetakoa izanda, bere irteerak hautsak harrotu zituen orain dela bi urte eta askok ere ez dute ondo hartu Athleticekin sinatzea orain. Jasotako mezuen artean «denetatik» egon dela aitortu du aurrelariak baina batez ere «maitasun handia jaso» duela azpimarratu du.

«Hori da errealitatea eta oso eskertuta nago. Gauza guztien gainetik pertsonak geratzen direla eta jendea zure ibilbide pertsonalagatik pozten dela ikusten duzu, kamisetan daramazun ikurra edozein dela ere. Eta hori da politena. Jendea mundu honen barruan urte asko dagoenean, badaki ikusten bakoitzaren zoriontasuna bilatzen dela, pertsona dela garrantzitsua. Noski txantxak jaso ditudala, baina beti maitasunetik. Zorionekoa sentitzen naiz mundu guztiak maitasun eta errespetu handia didala sentitzen baitut», nabarmendu du.

Izan ere, hori da orain arteko ibilbidetik eta batez ere Real Madrilen izandako esperientzia gazi-gozotik atera duen hausnarketa handiena, «garrantzitsuena pertsona dela eta hori erakusteko beharra».

«Futbola bizitzan edozertarako lagundu zaitzakeen balioen sortzailea da eta niretzat, gainontzeko guztiaren oinarria da hori». Azaldu duenez, hori da ere «neurri batean Athleticera etortzeko ilusioa piztu» ziona. «Azken urteotan hainbeste sentitzen ez nituen gauza asko berreskuratu ahal izatea, pertsonak zaintzea, gertu egotea, daukazuna zaintzea… Horrek eramatzen zaitu gauza onak lortzera; pertsonek talde baten barruan indibidualki bere onena emateak taldea indartzen du eta, izan ere, horretara nator». Hau da, «futbolean aritzeaz gain, kohesioan laguntzera eta aldagelaren barruan zerbait polita sortzen laguntzera ere iritsi naiz. Aurretik bizi izanaren zortea izan dut, gehien gozatu dudana da eta berriro gozatu nahiko nuke: jendearekin batera irabaztea, denok sentitzea oso geurea eta oso polita sentitzen dugun gauza baten parte garela, eta denon artean eraiki dugula sentitzea».

Horregatik, jokalari gipuzkoarrak ez du «fitxaketa estrategikoa» izatearen presioa nabaritzen, motibazioa baizik. «Oso eroso sentitzen naiz rol horretan –azaldu du– eta laguntzeko aukera hori baldin badaukat beste puntu pozgarri bat gehiago izango da. Ez naiz etorri entrenatu eta jokatu besterik egiten ez duen futbolaria izatera. Talde kohesioa oso garrantzitsua da, batez ere hazkunde prozesuetan, eta arlo horretan nere esperientziarekin eta futbola ikusteko erarekin laguntzea gustatuko litzaidake. Badakit zertarako etorri naizen, jokatu eta golak sartzeko, baina zergatik ez zelaitik kanpoko laguntza hori ere eman?».

Urnietarrak eman nahi duena hori bada, Lezaman topatu duena emakumezkoen futbolaren aldeko «apostu sendoa» eta talde «gazte eta anbiziosoa» topatu du. «Oso pozik nago topatu dudan taldearekin, jendea, lan egiteko gogoa… Izugarria da. Zaleentzat oso pozgarria eta itxaropentsua izan behar dela uste dut, oso etorkizun polita dagoela uste dudalako. Prozesu guztietan bezela, denbora behar da baina horretan gabiltza, urratsak ahalik eta azkarren emateko. Gogo eta lan asko ikusten ditut». Klubari dagokionez, «etorri aurretik proiektuaren inguruan asko hitzegin» zuela azaldu du «baina barrutik ikustea eta bizitzea beste gauza bat da. Oso atsegina da aurkitu dudan guztia. Klubak eskaintzen dituen baliabideak eta jokalariek hazten jarraitzeko eta gauza garrantzitsuak lortzeko duten anbizioa. Klubaren apostua indartsua da eta lana, anbizioa eta hasteko gogoak daude taldean».

Lezaman, sendotasunez

Guzti hori zelaian isladatu behar da eta Athleticek, momentuz, tarteka besterik ez du lortu. Vila-Realen aurkako partida, adibidez, txarra izan zen eta «nola jokatu behar ez dugun eredutzat hartu» behar dela uste du Nahikarik. Zuri-gorriak, berriz, dotore aritu dira Lezaman jokatutako bi neurketetan eta hori da jarraitu beharreko bidea. Hasteko, derbian. «Gure jokoa egin behar dugu» Realaren kontrako partidan. Lezaman erakutsitako «indarra eta konfiantza berreskuratu. Erakusten ari gara baloia nahi duen taldea garela, lasaitasunarekin jokatu dezakegula eta, aldi berean, tentsioarekin eta presionatzen jokatzen ere badakigula. Gure identitatearekin eta gure bidetik jarraitu behar dugu».

Zuri-gorriek aurrean izango duten taldeari dagokionez, aurreko urteotako ibilbideak Realari ematen dion «konfiantza» azpimarratu du Nahikarik. «Oso proiektu sendoa izaten ari da, batez ere talde teknikoari dagokionez, eta horrek oso egonkorra izaten laguntzen du eta joku-estiloa finkatuta dago. Oso partida zaila izango da, urte on hauetako dinamikarekin iritsiko dira eta horrek konfiantza ematen die, eurek irabazi dute konfiantza. Guk gure lana egin behar dugu, arreta jarri gure partidan eta zaleei gozarazi, batez ere Athleticekoei».