NAIZ
Hernani

Errigorak 10. urteurrena eskaintza berezi batekin eta bere komunitatea zabalduz ospatuko du

Azaroaren 9a arte eskatu ahalko dira aurtengo udazkeneko Errigoraren saskiak. 10. urteurrenean hastapenari keinu egin nahi izan diote eta 50 euroko saski bakarra osatu dute, «originala, biribila eta biderkatzailea».

10. urteurreneko kanpaina aurkeztu du Errigorak Hernanin.
10. urteurreneko kanpaina aurkeztu du Errigorak Hernanin. (Jon URBE | FOKU)

Udazkeneroko kanpaina aurkeztu du Errigorak ostegun honetan. Baina aurten 10. urteurrena du eta saski eskaera egiteko deia Euskal Herri osora zabaldu nahi izan dute. «Garenak, izan garenak eta izan nahi dugun guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko. Inoizko beteena izango da», adierazi du Natxi Aranburuk, Errigorako presidenteak. 

Errigorararen komunitateko 10 lagunek udazkeneko kanpaina bereziari hasiera emateko deialdia gauzatu dute, Hernanin egindako ekitaldi batean. ‘10 urte bete-bete’ lelopean, urteroko ‘Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka’ kanpainaren 10. edizio berezi bat aurkeztu dute. «Atzera begirada luzatu eta komunitatearen argazki erraldoia berrosatu» nahi dute.

Ikastolen Elkartea, AEK, Sortzen eta Agerraldia ekimeneko ordezkari bana, bi ekoizle (Aristu eta Biosasun), Errigoraren kanpainetako bi boluntario, Errigoraren presidentea eta kanpainetako saski eskatzaile batek parte hartu dute gaurko prentsaurrekoan.

Aranburuk «10 urtean bildutako lorpenak eta osatutako komunitatea» nabarmendu ditu. «Bete-beteak izan dira urte hauek». Eta Errigoraren hiru balio azpimarratu ditu: «Zubigintza, ekintza eta ahalduntzea». Izan ere, denbora honetan 130.000 saski inguru osatu dituzte auzolanean.

Agerraldiko kide den Ibai Sueskunek, aldiz, «10 urteren ostean, atzera begiratuta, Nafarroa hegoalde eta erdialdeko euskalgintzari egindako ezinbesteko ekarpena» ekarri ditu gogora. «Ikastolen eta AEKren biziraupena bermatzeko eta hezkuntza sare publikoan D ereduari ateak zabaltzeko 1.800.000 eurorekin bete dugu zonaldeko euskalgintzaren diru-kutxa mengela. Eta, horrez gain, zonaldeko ekimen euskaltzaleen dispertsioak, zulo beltz batek bezala, ahalegin guztiak irentsi ez ditzan, Agerreko euskaltzaleen indarrak batu eta bideratuko dituen tresna erditu dugu: Agerraldia».

Aristu upategiko ekoizle den Ibon Ollok, aldiz, auzolana eta saskiak jarri ditu balioan. «Bertako lehengaiez ekoiztuak; nekazariekiko harreman bidezkoaz jasoak; Gure ekoiztetxeetako euskara planen parte direnak eta gure eskuak auzolanetan aritu direla ziurtatzen dutenak». Denbora honetan ekoizleen familia «ugaldu eta heldu» egin dela aipatu du. Izan ere, bost ekoizlerekin hasitako proiektua 23 ekoizleko taldea izatera iritsi da.

Ohiko saski eskatzaile bat ere izan da gaurko aurkezpenan. Mila Kintanak gogora ekarri du 2013ko udazkenean «nobedade bat bailitzan» iritsi zirela saskiak. «Nik aurten berriro eskatuko dut eta nahiko nuke inoiz eskatu duten guztiek berriro eskatzea».

Eskaintza berezia

Urteurrena ospatzeko Errigoraren komunitatearen argazki erraldoia atera dute kanpaina hasiera honetan, «fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta» ekiteko. Eta, asmo hori betezeko, moldatu egin dute aurtengo saski eskaintza, «hastapenetakoari keinu eginez».

50 euroko saski bakarra osatu dute 2023 honetan ere. «Originala, biribila eta biderkatzailea. Sorrerako saskiaren modukoa eta aldi berean joera berrikoa», azaldu dute. Eskariak azaroaren 9a arte egin ahalko dira.

Webguneak eskaintzen du eskaerak jasotzeko bide eraginkorrena eta sinpleena. Hala ere, hainbatek izan ditzaketen zailtasunak kontuan hartuta, kanpainako eskuorriak dakarren inprimakia beteta ere egin daitezke eskaerak, herriz herri eta auzoz auzo kanpaina egiten duten ehunka boluntarioren bidez.