NAIZ

Herriak burujabe izateko moduez hausnartu dute Hernanin Burujabetzak jardunaldietan

Burujabetzei buruzko jardunaldiak hasi dira ostegun honetan Hernanin eta larunbatera arte iraungo dute. Goizean gobernantza publiko-komunitarioaz, herri kooperatibez eta legeek eskaintzen dituzten aukerez aritu dira hainbat hizlari.

Burujabetzak jardunaldien lehenengo eguna izan da Hernanin.
Burujabetzak jardunaldien lehenengo eguna izan da Hernanin. (Hernaniko Udala)

Udalgintza eta herrigintza esperientzia eraldatzaileak partekatzea helburu duten ‘Burujabetzak‘ jardunaldien hiru egunetako lehenengoa izan da osteguna, Hernanin, bertako Udalak, Hernani Burujabek eta Udalbiltzak antolatuta.

Xabier Lertxundi Hernaniko alkateak eta Itsaso Lekuona zinegotziak hartu dute hitza irekiera-ekitaldian. Lekuonak Hernani Burujabe proiektuaren nondik norakoak jakinarazi ditu, «hiru erpin» dituela esanez, «herritarra, publikoa eta ekonomikoa». «Egungo eredu sozio-ekonomikoaren aternatiba» gisa definitzen dute. Haritz Alberdi Udalbiltzako lehendakariari erakunde horren ibilbidearen errepasoa egitea egokitu zaio

Ondoren, Laia Forne, Kataluniako La Hidra coooperativa-ko kideak, «konfidantza, aitortza, erantzukidetasuna eta gardentasuna» aipatu ditu prozesu parte-hartzaile komunitarioen ardatz gisa eta Bartzelonan nahiz Generalitatean gobernantza publiko-komunitarioa gauzatzeko erabili dituzten pare bat formula aipatu ditu.

EHUko GEZKI institutuko Aitor Goikoetxea herri kooperatiben formulaz aritu da eta publiko-pribatu eredu bitarra hausteko beharra mahaigaineratu du. «Publiko-pribatu eredu bitar horretan, zer gertatzen da jabego komunitarioarekin? Eredu hori gainditu beharra daukagu: Pribatua, publikoa eta komunitarioa». «Lankidetza publiko-komunitarioa, kooperatiben bitartez, ez da pribatizazioa, demokratizazioa baizik», gaineratu du.

LKS Next aholkularitzatik, Eneko Anzuolak egungo legedian sakondu du eta aukera ezberdinak aipatu ditu. Bere ustez, «kooperatibak forma baliodun eta egokiak dira zerbitzu publikoak garatzeko eta hobetzeko eta erakunde publikoek kooperatiba horietako bazkideak izan daitezke».

Arratsaldeko saioan, dimentsio eta ikuspegi ezberdinetatik burujabetza(k) egungo testuinguruan zergatik aldarrikatu hausnartuko dute Jule Goikoetxea filosofo politiko eta irakasleak, Mireia Vehí CUPeko diputatu ohiak eta Glenna del Vallek, Venezuelako kontsul nagusia Bilbon.