NAIZ

Hiru emakumek eraso matxistak salatu dituzte Getxon eta Lesakan

Bi emakumek sexu erasoak salatu dituzte Getxon, Udalak eta mugimendu feministak baieztatu dutenez. Horiek gaitzesteko protestak deitu dituzte ostiralerako. Bestalde, Xulufrinak Lesakako Sare Feministak indarkeria matxistagatik jarritako salaketa baten berri izan duela jakinarazi du ohar batean.

Sexu eraso bat salatzeko Algortako mugimendu feministak egindako elkarretaratze baten artxiboko irudia, 2022ko udakoa.
Sexu eraso bat salatzeko Algortako mugimendu feministak egindako elkarretaratze baten artxiboko irudia, 2022ko udakoa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Egunotan, sexu erasoak salatu dituzte bi emakumek Getxon, urriaren 12an eta 14an hain zuzen. Ertzaintzak urriaren 14an salaketa bat erregistratu zuela baieztatu du; 12koa ez, ordea. Udalak eta mugimendu feministak bi salaketen berri eman dute, eta kalera protestara ateratzera animatu dute. Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, Amaia Agirre alkateak eta Udalbatza osoak adierazpen bat onartu dute, aho batez, eta bi elkarretaratze deitu dituzte ostiral honetarako, instituzionala eguerdian, udaletxeko eskaileretan, eta herritarra 19.30ean, Telletxeko puntu lilan, metroko irteeraren ondoan. Algortako mugimendu feministak egun berean egingo du mobilizazioa, Telletxe plazan, 19.00etan.

Adierazpen instituzionalean, Bozeramaileen Batzordeak «erabat baztertu eta gaitzesten ditu generoen berdintasun ezan oinarritzen diren jarrera sexisten eta matxismoaren ondorioz sortutako eraso guztiak». Elkartasuna erakusten die erasoa jasan duten emakumeei, baita babesa eman ere. Azpimarratzen du «indarkeria erabiltzen duenaren erantzukizuna dela beti, eta erasoa jasan duten emakumeak erruduntzat jotzea saihestu behar dela».

«Ezin dugu ahaztu eraso sexistak justifikatzen dituen testuingururik ez dagoela eta erasotzaileen profilik ez dagoela; hala ere, Emakunderen arabera, emakumeen aurkako sexu eraso gehienak (eraso guztien %80) biktimarekin nolabaiteko lotura edo harremana zuten pertsonek egiten dituzte», oroitu dute idatzian.

Berdintasunaren eta errespetuaren balioetan oinarritutako jendarte bat lortzeko lanean jarraitzeko konpromisoa hartu dute, «non emakumeek askatasunez erabaki ahal izango duten norekin, noiz eta nola izan sexu harremanak eta, azken batean, haien borondatea erabat errespetatuko den».

Lesakako mugimendu feministaren oharra

Lesakan ere salaketa bat jarri du emakume batek indarkeria matxistagatik. Hala jakinarazi du Xulufrinak Sare Feministak ohar batean. Salaketa azken asteotan paratu dela zehaztu du. «Gertatutakoaren eta horren inguruko zurrumurruen harira», «eraso edo jarrera matxistak jasan dituzten edo jasaten dituzten emakumeei* babes osoa» adierazi die talde feministak. «Deusek ezin ditu eraso edo jarrera matxistak justifikatu», azpimarratu du.

«Jarrera eta eraso matxistak ez dira gizonezko bakarrak egindako gertakari isolatuak: indarkeria egiturazkoa delako azaleratzen dira; eta, hain justu, normalizatuak ditugulako kostatzen zaigu horrenbertze jarrera eta eraso horiek identifikatzea», esplikatu dute idatzian.

«Maitasun erromantikoa eta hortik eratorritako harreman toxikoak indarkeriaren beraren sustatzaile» direla uste du Lesakako Sare Feministak. «Denon ardura da elkar zaintzan oinarrituriko harreman sare sano eta parekideak eraikitzea, hala harreman sexu afektiboetan nola lagunartekoetan».

«Formakuntza eta saretze feminista ezinbertzekotzat» dituzte, eta horrekin lotuta Azaroaren 25erako, Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Egunerako, ekintza batzuk prestatzen ari direla aurreratu dute.