NAIZ

Israelek Gazako etxebizitzen laurdena suntsitu edo kaltetu ditu, NBEren arabera

Israelek Gazan 98.000 etxebizitza-unitate baino gehiago suntsitu edo kaltetu ditu, Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak adierazi duenez.

Palestinarrak, Israelek suntsitutako eraikinen artean.
Palestinarrak, Israelek suntsitutako eraikinen artean. (Mahmud HAMS | AFP)

Urriaren 7az geroztik Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak (OCHA, ingelesez) egiten duen eguneroko txostenaren arabera, 98.000 etxebizitza-unitate suntsitu edo kaltetu ditu Israelek Gazaren aurkako erasoetan. Nolanahi ere, ohartarazi dute estimazio hori behin-behinekoa dela eta motz geratu daitekeela, ezin izan baitute bonbardaketek larrikien kolpatutako eremuetara sartu.

Al-Ahli ospitaleari eginiko erasoaren ondotik, NBE Nazio Batuen Erakundeak 3.478ra igo du Gazan hildakoen kopurua, tartean 853 haur. Zauritutakoak 12.500 dira.

Haiei gehitu behar zaizkie Hamasen oldarraldiaren ondorioz Israelen baieztatutako 1.300 heriotzak eta 4.562 zaurituak.

Zisjordania okupatuan, aldiz, urriaren 7tik 73 palestinar hil eta 1.284 zauritu dira Israelgo Armadaren zein kolonoen erasoetan. Palestinako iturri ofizialek jakitera eman dutenez, beste zazpi palestinar hil dira ostegun honetan Zisjordanian, horien artean gutxienez bi nerabe, Israelgo indarrek egindako tiroen ondorioz.

Urriaren 17tik 18rako gauean, Gaza erdialdeko Al-Bureijen eraikin bat suntsitu zuten Israelen erasoek, eta 25 pertsona hil zituzten bertan. Zerrendaren iparraldean kokatutako Jabalian eginiko beste bonbardaketa batek 37 palestinar hil ditu.

Palestinarrak Gazako hegoaldera lekualdatzeko Israelek emandako aginduak milioi bat desplazatu baino gehiago eragin ditu. Horietatik, 513.000 inguru Unrwa Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoa agentziaren egoitzetan daude.

Unrwak emandako datuen arabera, urriaren 7tik agentziako 14 langile zendu dira eta baita haien instalazioetan babesa hartzen ari ziren zortzi errefuxiatu ere. Israelgo indarrek Unrwaren 32 eraikini eraso egin dietela ere salatu dute.

«Babeslekuak gainezka»

«Unrwaren babeslekuak gainezka daude, janari, edateko ur eta higiene-gaien hornidura mugatuekin. Mugako baldintzak, gerraren traumarekin batera, desplazatuen arteko tentsioak elikatzen hasi dira», ziurtatu du erakundeak.

3.000 tona inguru laguntza humanitario Egiptorekin muga egiten duen Rafah pasabide inguruan daude, Gazara sartzen uzteko baimenaren zain.

Nazio Batuen Erakundeak gogorarazi du Gazak zortzi egun daramatzala argindarrik gabe, eta edateko ura Khan Jounisen soilik lor daitekeela, Gazako hegoaldean.

NBEren Elikagaien Munduko Programaren (PMA) arabera, bi asterako janari-hornidura dago Gazan, baina parte handi bat hiriburuan dago gordeta, eta zaila da bertara iristea, bonbardaketen ondorioz. Dendetako elikagaiak, berriz, aste hau amaitu baino lehen amai daitezke.