Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Alderantzizko trantsizio energetikoa EAEn: fosil gehiago eta menpekoago

Energia trantsiziotik urrun dago EAE. Hori diote ezagutu berri diren 2022ko datuek. Fosilen kontsumoak gora egin du, eta berriztagarriek ez dute aurrera egin. Hauteskundeen balizko aurrerapen batek arriskuan jarriko luke Energia Trantsizioari eta Klima Aldaketari buruzko Legearen tramitazioa.

EAEko zentral termikoek jarduera handitu zuten 2022an. Irudian, Zierbenako Bahia Bizkaia.
EAEko zentral termikoek jarduera handitu zuten 2022an. Irudian, Zierbenako Bahia Bizkaia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Ohikoa baino atzerapen handiagoarekin, EEE Energiaren Euskal Erakundeak aste honetan argitaratu ditu 2022ko datu energetikoak. Atzerapena datu eskasek azaldu dezaketela pentsatu lezake norbaitek. Laburpen modura, bi datu: batetik, dagoeneko baxua zen autohornikuntza tasa %10etik %9,1era jaitsi da. Hau da, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak kontsumitzen duten energiaren zati oso txiki bat ekoizten dute. Bestetik, beroketa globala (eta hortaz, klima krisia) eragiten duten energia fosilen kontsumo gordinak gora egin du, eta berriztagarriak, behera.

Datuek ez dute azalpen gehiegi behar. Petrolio eta gas naturala batuta, 2022an EAEn 5.484 kilotona petrolio baliokide (Ktpb) kontsumitu ziren (kontsumo gordina), aurreko urtean baino 537 gehiago. Igoera beraz, %10,9koa da. Berriztagarrien kuota, aldiz, 617 Ktpb-tik 575era jaitsi zen. Trantsizio energetikoa, baina kontrako norabidean, antza denez.

Termino erlatiboetan ere, datuek okerrera egin dute. 2021ean, petrolioa eta gas naturala kontsumitutako energiaren %78,2 izan zen. Iaz energia fosil horien kuota asko hazi zen, %83,9ra iristeraino. Kontrako norabidean, berriztagarriek puntu bat galdu zuten, %9,8tik %8,8ra.

2022an EAEko petrolio kontsumo gordina 127.148 terajoulekoa izan zen. Aurreko urtekoa baino %12 handiagoa. Garraioaren sektoreak izan zuen gorakadaren ardura handiena

Petrolio inportazioak eta kontsumoa, gora

Energia iturriak aletuta, petrolioa da gehien hazten dena, bere garaian ezarritako helburuetatik urrun, eta Parisko akordioek ezartzen dituzten helburu klimatikoetatik are urrutiago. Hasteko, petrolio inportazioak asko hazi dira –7.795 kilotonatik, 8.643ra–, hala nola esportazioak, 4.806tik 5.699ra. Honek erakusten du Petronorrek Muskizen daukan findegiak jarduera –eta, hortaz, krisi klimatikoa sortzen duten isurketak– handitu egin duela. Baina EAEn ere petrolio gehiago kontsumitu zen iaz. Barne kontsumo gordina 113.412 terajouletik 127.148ra pasatu da. Eta azken kontsumoa, 91.974tik 97.971ra. %12,1 eta %6,5eko igoerak, hurrenez hurren.

Parentesi bat, bi adierazle hauek agian azalpena behar dute-eta. Barne kontsumo gordinak lurralde batean zuzenean kontsumitzen dena eta energiaren eraldaketa asetzeko erabiltzen den energia guztia jasotzen du. Azken kontsumoak, aldiz, erabiltzaileak –norbanakoak, enpresak...– azken puntuan kontsumitzen duena. Alegia, argindarra sortzeko erabiltzen den gas naturala barne kontsumo gordinean sartzen da, baina ez azken kontsumoan. Horregatik, lehenengo adierazlea hobestu da, orokorrean, testu honetan.

Gas hornidura eskasiaren zantzurik ez

Gas naturalaren kasuan, inportazioak ere gora egin du nabarmen, argindarra sortzen duten zentral termoelektrikoek haien lana areagotu dutelako, beharbada Estatu frantsesaren gabeziak eta argindarraren prezio altuak aprobetxatzeko. Barne kontsumo gordina ere %9,4 igo zen 2022. urtean.

Aldaketari zifrak jartzearren: 2021ean zentral termoelektrikoek gas guztiaren kontsumoaren %27,8 hartu zuten. Iaz portzentaje hau %47,1era igo zen. Prezioek eta Ukrainako gerrak sortutako eskasiaren harira hartutako aurrezte neurriek, ordea, azken kontsumoa behera eraman zuten, 13.775 GWh-tik 12.533ra.

Blokeoa baino, atzera pausoa

Berriztagarrien atalak ez dakar albiste onik klima krisiari dagokionez. Aldaketa metodologiko bat medio, EEEk kalkulatzen duen berriztagarrien ustiapena %20,2tik %18,2ra jaitsi da urte bakarrean. Barne kontsumo gordina ere azken bost urteetako eskasena izan zen, 25.807 TJtatik 24.090era eroriz. Eolikoak eta eguzki energiak, berriztagarri guztien %9,7 baino ez dira.

Jatorri berriztagarriko energiaren kontsumo gordina 24.090 terajoulekoa izan zen. 2021ean baino %6,7 gutxiago. Argindar eskariaren %7,1 baino ez da asetzen berriztagarriez

Horrela, elektrizitate eskariaren %7,1 bakarrik betetzen dute tokiko berriztagarriek. Energia elektrikoaren horniduraren ia erdia (%49) ziklo konbinatuko zentralen bidez lortzen da, %19 jatorri fosila duten inportazioen bidez eskuratzen da, %15 jatorri berriztagarrietako inportazioekin, eta azken %10, baterako sorkuntza fosilaren bidez.

Iazko datuekin alderatuta, Energiaren Euskal Erakundeak EAEko argindar ekoizpena %38 igo dela nabarmentzen du, eskariaren %66,1 asetuz eta inportazio beharrak arinduz. Ez dute nabarmentzen, ordea, ekoizpen horren zati handiena gasaren bidez lortzen dela. Inportatzen den eta klima larrialdia areagotzen duen gasaren bidez, hain zuzen.

Garraioak gora bultzatzen du kontsumoa

Sektoreka, garraioa da kontsumoa gora gehien bultzatu duen sektorea. Horrek azaltzen du, neurri batean, petrolioaren kontsumoaren gorakada. Errepide bidezko garraioa da arduraduna, sektorearen %93 jaten baitu. Petrolioa jaun eta jabe den sektore honetan (garraioaren %4,8 baino ez da elektrikoa), 91.222 TJ kontsumitu ziren iaz, 2021ean baino %6,3 gehiago.

Azken kontsumoaren %44 jaten du egungo garraioak. Industriak, aldiz, %35,3 hartzen du, eta iaz beherakada garrantzitsu bat erregistratu zuen, 2021eko 76.637 TJetatik 72.142ra pasatu baitzen, %5,9 jaitsiz. Kasu honetan gas naturala (%38,7) eta argindarra (%38,1) dira energia iturri nagusiak. Berriztagarriek %12,7ko kuota txikia izan zuten industrian, 2021ekoa bezalakoa.

Lehen sektorearen kontsumoa txikikeria bat da garraioaren eta industriaren aldean –guztiaren %0,6 hartzen du–, baina jaitsiera nabarmena bizi izan zuen iaz, %30,3koa. EEEren txostenak ez du zergatiaren azalpenik ematen.

Zerbitzuen sektorea, aldiz, egonkor mantendu zen, %1,1eko jaitsiera txiki batekin. Azken kontsumoaren %8,1 bat hartzen du sektoreak.

Etxeetako kontsumoa, behera

Etxebizitza sektorea da azken kontsumoa osatzen azkena, baina horrek ez du esan nahi txikiena denik, ezta gutxiago ere, %11,4 hartzen baitu. Iaz %7,6 jaitsi zen, 25.293 TJtik 23.382 JTra. Ez da jaitsiera makala, gas naturala (%40,8) eta argindarra (%35,8) energia iturri nagusi bezala dituen sektore honek bizi izan zuena.

Etxebizitzek azken kontsumoaren %11,4 hartzen dute. Iaz %7,6 gutxiago kontsumitu zuten, negu onberak eta jendearen aurrezte beharrek bultzatuta, akaso. Norbanakoen kontsumoaren jaitsierak, ordea, ez zuen ekarri jaitsiera orokor bat

Gigajouletan neurtuta, etxe bakoitzeko kontsumoa 27,7tik 25,5era jaitsi zen urte bakarrean, negu onberak lagunduta eta familien aurrezte beharrak bultzatuta, ziurrenik. Estatistika honek, ordea, errealitate gordin bat islatzen du: nahiz eta familiek eta norbanakoek etxeko kontsumoa zaindu eta murriztu, kontsumo orokorrak gora egin zuen.

Europatik gero eta urrutiago

Txosten hauek beti jasotzen dute EAEren egoera Europako testuinguruan, horretarako aurreko urteko datuak erabilita. Alegia, kasu honetan, 2021ekoak. Denbora saltoak alde batera utzita, EAEren tokia nahiko deprimentea da. Barne kontsumo gordina (121) Europako Batasunekoa (133) baino pixka bat apalagoa da. Energia primarioaren ekoizpenean, ordea, aldea oso handia da. 13 EAEn, eta 56 EBean. Hori, energia menpekotasunean islatzen da. Europak %58ko menpekotasuna dauka. EAEren kasuan, ordea, %90era iritsi da.

Berriztagarrietan ere, idealetik urrutiegi. 2021. urtean berriztagarrien parte hartzea %16,6koa izan zen EAEn. Europan, %21,8koa, nahiko eskasa baita ere. Suedia, Finlandia eta Austriaren kasuan, ordea, %62,6, %43,1 eta %36,4, hurrenez hurren. Egiteko dagoen guztiaren lagin txiki bat.