NAIZ

Hezkuntza Legea euskalduntzeko berme izan dadin ardura eskatu diete alderdiei

Euskalgintza eta hezkuntzaren alorreko hainbat eragilek, Euskalgintzaren Kontseilua tartean, EAEko Hezkuntza Legea belaunaldi berriak euskalduntzeko berme izan dadin «arduraz jokatzeko» eskatu diete alderdi politikoei.

Euskalgintzako eta hezkuntzako zenbait eragilek agerraldia egin dute Hezkuntza Legeari buruz.
Euskalgintzako eta hezkuntzako zenbait eragilek agerraldia egin dute Hezkuntza Legeari buruz. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan onartuko den Hezkuntza Lege berria datozen belaunaldiak euskalduntzeko berme eta giltza izan dadin «arduraz jokatzeko» deia egin diete euskalgintzako eta hezkuntza komunitateko hainbat eragilek Lakuako Gobernuari.

Euskararen aldeko 30 eragile batzen dituen Euskalgintzaren Kontseilua; Euskal Herriko Ikastolak, HEIZE eta Hik Hasi; hezkuntzako gehiengo sindikala: ELA, LAB eta Steilas; bai eta Kontseiluko zuzendaritzakide diren Elkar, AEK, ‘Berria’ eta Euskal Herrian Euskarazeko ordezkariak Donostian agertu dira ostiral honetan, Hezkuntza Lege berriak hizkuntza ereduak mantentzeko arriskuaren aurrean irakurketa eta eskaera bateratua egiteko.

Bertaratu ezin izan diren arren, agerraldiarekin bat egin dute Ehigek, Euskaltzaleen Topaguneak, Artez Euskara Zerbitzuak eta IKAk.

Adierazpenean azaldu dutenez, Euskalgintzaren Kontseiluak «hurbiletik» jarraitu du lege berria eratzearen prozesua azken bi urte eta erdian; izan ere, «ezinbestekoa» iruditzen zaie orain dela 40 urte «oso bestelako testuinguru batean» sortutako araua berritzea. Gainera, «argi dago» orain arte euskararen normalizazioaren alde egin diren aurrerapauso asko «hezkuntzatik egindako ekarpenari esker» gertatu direla.

Legearen onarpen prozesua amaitzear dagoenez, «une kritikoa» dela nabarmendu dute, joan den ekainean Gasteizko Legebiltzarrean arau berriak «zehaztasuna» behar zuela eskatu zutela gogora ekarrita. Funtsean, «gutxien duenari gehiago emateko» euskara gehiago behar duela eskatu zuten.

«Kezka sakona»

Honen harira, honakoa adierazi dute: «Hona iritsi garenean, une kritikora, ezustekoa hartu dugu aurkeztu diren hainbat zuzenketa justu kontrako noranzkoan doazelako. Ezustekoa hartu dugu, datozen hamarkadetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hezkuntza sistemaren bizkar hezurra izan daitekeen legea jada zaharkituak dauden hizkuntza ereduen gainean eraikitzeko aukera zabaltzen dela ikusita». «Kezka sakona eragin digu, atzerapauso handia litzatekeelako», deitoratu dute.

Bestalde, «zaharkitutzat» eta «diskriminatzailetzat» jotzen duten egungo hezkuntza ereduak jarraitzen badu, «milaka ikasle euskaldundu gabe uztea» eragingo duela ohartarazi dute, «ateak itxiz». Ikasleei «kalte nabarmena eraginez, aukera sozial eta profesionalak areagotzeko tresna garrantzitsua ukatzea den heinean».

Hortaz, «epe luzerako begirada» proposatzen du Kontseiluak. Hau da, belaunaldi berriek bi hizkuntza ofizialak eta gutxienez atzerriko bat menderatu dezaten, Hezkuntza Itunean adostu zen bezala. «Jakin badakigu ere, euskarazko ikastereduak ez dituela bere kabuz bakarrik ikasle guztiak euskalduntzen eta ezinbestekoak direla berrikuntza pedagogikoa, euskal kulturaren transmisioa, hezkuntza ez arautua eta eskolako ingurunea euskalduntzea, eta euskara gutxien dutenei baliabide gehiago zuzentzea, besteak beste».