Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Gorka Nieto
Bidasoa Iruneko kapitaina

«Uste dut taldeak bolada onean jarraituko duela; sentsazioak oso onak dira»

Bidasoak ez du partidarik galdu; bost irabazi ditu, eta bat berdindu. Bigarren daude sailkapenean. Gorka Nieto taldeko kapitainak adierazi du hasiera pentsatzen zutena baino «askoz hobea izaten ari dela». Taldeari ez dio langarik jarri nahi. Bihar Navaren aurka jokatuko dute Artalekun, 17.30ean.

Gorka Nieto Bidasoa Iruneko kapitaina Artaleku kanpoan.
Gorka Nieto Bidasoa Iruneko kapitaina Artaleku kanpoan. (Jon URBE | FOKU)

Joan den astelehenean lau urte pasatu ziren Gorka Nietok (Etxebarri, 2002) Bidasoako lehen taldearekin debuta egin zuenetik. Iaz egonkortu zen lehen taldean, ia partida guztiak jokatuta, eta denboraldi honetan lehen taldeko fitxa du. 21 urte besterik ez ditu, eta besokoa estreinatzen ari da. Gaztea izan arren, heldu baten erara hitz egin du. Oinak lurrean ditu Etxebarrikoak, eta taldea «oso ondo» lehiatzen ari dela nabarmendu du, «konfiantza handiarekin eta lanean jarraitzeko gogoarekin».

Ezin hobeto hasi zarete.

Bai, hasiera pentsatzen genuena baina askoz hobea izan da. Egia da taldea konfiantza handiarekin dagoela; lehen jardunalditik irabazteko gogoa dugu, eta ikusten da ere lanean jarraitzeko gogoa dugula. Horregatik, uste dut taldeak horrela jarraituko duela; sentsazioak oso onak dira.

Denboraldia hasi aurretik ziurgabetasuna zen nagusi?

Bai, iaz adibidez denboraldiaurreko partida guztiak irabazi genituen; oso ondo jokatuta, gainera. Eta gero ligako lehen partidan galdu egin genuen Benidormen. Hori ezin duzu inoiz jakin, nahiz eta, noski, denboraldiaurreko sentsazioek balio duten. Sasoi honetan liga oso desberdina da; taldea oso ondo lehiatzen ari da eta hori nabaritzen da.

Joan den asteburuan Benidormen bolada ona eten zenuten –partidarik galdu gabe zeuden–, eta zuenari jarraipena eman. Gainera, markagailu eroso batekin, 24-31.

Bai, markagailu erosoa izatea ez da normala. Batez ere ikusita Asobal Liga nola dagoen; kanpoan jokatzea oso zaila da, partida guztiak oso berdinduta daude, eta horrelako markagailu bat lortzea ez da oso normala. Taldeak oso ondo lan egin zuen, eta defentsan oso ondo ari gara azken partidetan; bai atezainak, bai jokalariak. Horrek erraztu egiten du erasoaren eginbeharra. Haiek ere ez zuten partidarik onena egin, baina aukera aprobetxatu genuen. Baloratzekoa da azkeneko minutuetan partida erosoa izatea, eta etxera horrela bueltatzea, bidai luze baten ostean.

Orain bigarren postuan zaudete. Non jarriko duzue langa?

Ez zait gustatzen langa jartzea...

Kazetarioi bai, asko.

[Barrez] Ez dakit. Nahiz eta topiko bat izan, gustatzen zaigu partidaz partida joatea, beti prestatzen ditugu partida guztiak oso garrantzitsuak direla jakinda, eta guztiek balio dute bi puntu. Taldeak asteburuero egin behar du lan eta hori izango da gure erronka. Gero ikusiko dugu noraino heltzen garen eta zer egin dezakegun.

Lau fitxaketa egin dituzue. Ondo egokitu dira taldera, ezta?

Bai, jokalari guztiak ondo ari gara lanean, eta ondo jokatzen, batez ere. Nabaritzen da fitxaketa horiek gutxinaka taldearen jarduerara egokitzen ari direla. Oso minutu onak jokatu dituzte, eta haien papera oso garrantzitsua da.

Bat esatekotan, Esteban Salinas nabarmenduko zenuke?

Bai, Salinas gutxien egokitu behar dena da. Aurrez hemen egon zen, eta egon zen denboran oso ondo egin zuen. Orain maila hori mantentzen ari da, ez dakit igotzen edo jaisten, uste dut igotzen ari dela. Beste fitxaketak ere oso arin egokitu dira eta eskertzekoa da.

Fitxaketez gain, harrobiko zenbait gazte ere taldean daude. Orain dela lau denboraldi zu zeuden bezala. Furundarena, Mujika, Asier Iribar, Gey-Emparan…

Bai, prozesu hori oso luzea da, eta Jacobok [Cuetara, entrenatzaileak] eta Borjak [Burguete, bigarren entrenatzailea] ematen diguten konfiantzak asko laguntzen du. Ez da beste klub batzuetan bezala, bat-batean lehenengo taldean zaudela, baizik eta noizbehinka taldearekin jokatzen duzu, minutu garrantzitsuak jokatzen dituzu... Prozesua oso luzea da eta lehen taldera egokitzeko asko laguntzen du. Horren fruituak ikusten ari gara, eta taldeak balantza bat du harrobikoekin eta kanpoko jokalariekin.

«Datorren denboraldian Europan jokatu nahi dugu, eta horretarako badakigu ligan ari garen bezala jarraitu behar dugula»

Zuk adibidez orain dela lau urte debutatu arren, eta azken urteotan lehen taldearekin jardun eta iaz asko jokatuta ere, aurten egin dizute lehen taldeko fitxa.

Bai, uste dut oso garrantzitsua dela bigarren taldean jokatzeko aukera izatea. Nahiz eta lehenengo taldearekin ia dena jokatu edo paper garrantzitsua izan, bigarren taldearekin beste gauza batzuk entrenatzeko aukera duzu. Adibidez, Eneko Furundarenak rol oso garrantzitsua du defentsan; erdian defendatzen du, bigarren lerroan, minutu asko izaten ditu... Baina egia da erasoan aukera gutxi dituela taldeak eskatzen duenagatik. Orduan, bigarren taldeak aukera ematen dio erasoa lantzeko eta hobetzen jarraitzeko.

Ez dakit begiratzen diezun estatistikei... baina badakizu zein diren taldeko hiru goleatzaile nagusiak?

Ez, ez dakit zein diren.

Zu zaude bigarren.

Bigarren? Eskubaloian estatistikak pixka bat engainagarriak dira penaltiak daudelako, eta penaltiak jaurtitzen ditugun jokalariak nolabaiteko abantaila dugulako. Ez dakit zer esan. Pentsatzen dut Rodrigo [Salinas] eta Cavero daudela baita ere hor goian –Salinas lehena eta Cavero hirugarrena–. Penaltiak botatzen ditugun jokalariak gara; egia da zerbait esaten duela, baina, aldi berean, ez du asko esaten.

Bihar Nava taldearen aurka jokatuko duzue. Bederatzigarren daude sailkapenean. Nola ikusten duzu partida?

Neurketa pixka bat desberdina izango da. Haiek konfiantza handia dute kanpoko jaurtikeketan, eta horrek esan nahi du partida ona egiten badute, eta haien jaurtiketak sartzen badituzte, lehia asko konplikatuko dela. Horretarako defentsan oso sartuta egon behar gara. Haiek beti izan dira oso gogorrak defentsan eta ziur nago ez dela batere erraza izango. Baina Artalekun beti saiatu behar gara bi puntuak eramaten. Zaleek airean eramaten gaituzte.

Gorka Nieto denboraldi honetan Logroñoren aurkako partidan. (LabZero | @CDBidasoaIrun)

Joan den denboraldian egonkortu zinen taldean, eta honetan jada ardura handiagoa hartu duzu. Igo berria eta kapitaina zara.

Hasieran bertigo pixka batekin hartu nuen; erantzukizunak bertigoa ematen baitu. Pixka bat beldur nintzen zer aurkituko nuen, baina lehenengo momentutik bai klubetik, bai entrenatzaileen taldetik konfiantza osoa eman didate. Taldeak ere oso ondo hartu du; esan didate pozik daudela eta nirekin daudela bukaerara arte. Ez dut kexarik, eta egia esan erraza izan da orain arte.

Lau urte pasatu dira Bidasoan debuta egin zenuenetik. Zertan uste duzu hobetu duzula?

Gauza asko dira... Uste dut norberak ikusten duela gutxien zertan hobetzen duen, eta zaila da ikustea egunero hobetzen duzulako. Baina uste dut fisikoki asko hobetu dudala. Azkenean ume bat nintzen eta fisikoa lantzeko entrenamendu gutxi nituen eginak, eta horrek eskubaloian garrantzi handia du. Horrez gain, eskubaloia ulertzean asko hobetu dut, eta horretan Jacobok pisu handia izan du; etorri nintzen tokitik zerbait ikasi nuen, baina ez hemen bezainbeste. Orduan, hobekuntza horrek nire pentsatzeko modua asko aldatu du.

Elkarrizketa amaitu da eta oraindik ez dugu hitz egin Europaz...

Agian hobeto [barrez]. Justu atzo [joan den asteartean] hasi zen Europako txapelketa, guk jokatu behar genuena, eta etxetik ikustea gogorra da. Beti pentsatzen dugu hor egon behar genuela, baina egia esan taldearen erantzuna oso ona izan da. Taldeak datorren denboraldian Europan jokatu nahi du, eta horretarako badakigu ligan ari garen bezala jarraitu behar dugula. Gure jarraitzaileek Europako taldeak hemen ikusteko aukera izatea nahi dugu, eta datorren sasoian saiatuko gara hor egoten.