NAIZ
Bilbo

EH Bilduk Hezkuntza Akordioaren kudeaketa baztertzailea salatu du

Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak azken asteetan Hezkuntza Akordioaren baitan Lakuako Gobernuak hartutako jarrera deitoratu du.

EH Bilduk Hezkuntza Jardunaldia egin du, gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan.
EH Bilduk Hezkuntza Jardunaldia egin du, gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan. (EH Bildu)

EH Bilduk Hezkuntza Jardunaldia egin du, gaur goizean, Bilboko Bizkaia Aretoan. Hezkuntza arloko adituen analisiaz eta hitzaldiez gain, Pello Otxandiano EH Bilduko Programa zuzendariak Hezkuntza Legea izan du hizpide.

«Hizkuntza proiektuak indarrean dauden hizkuntza ereduetan oinarritzen direla esatea inkongruentzia politikoa da. Izan ere, lege-proiektuaren laugarren tituluak dioen bezala, hiru hizkuntzen tratamendu integrala egiten duen ikaskuntza eleaniztunean oinarritzen dira hizkuntza-proiektuak», defendatu du Otxandianok.

Bere hitzetan, «euskara ardatz duen sistema eleaniztunak esan nahi du hiru hizkuntzen tratamendu integrala eta integratua egiten dela, eta euskara dela sistemaren ardatza».

Hori dela eta, Lakuako Gobernuko kideen «hitzak ulertu nahian», asmoa «ereduak aldatzea» izan daitekeela aipatu du EH Bilduko kideak. «Jokin Bildarratzek esan zuen eboluzionatu egin behar dutela, Miren Dobaranek esan zuen gaindituta daudela eta atzo Urkulluk esan zuen ez direla aldaezinak. Izan ere, euskarazko eta gaztelaniazko zuzenketak ez du gauza bera esaten. Euskaraz "unean uneko ereduak" esaten du, eta gaztelaniaz, berriz, indarrean dauden ereduak».

Modu horretan, insistitu du Otxandianok, «ez gara gai ulertzeko zer esan nahi duten zuzenketaren sinatzaileek. Hizkuntza-ereduak eguneratu nahi dituzte edo hurrengo 20 edo 30 urteetan mantenduko direla esan nahi dute?»

Azken asteetan, Hezkuntza Akordioaren «kudeaketa baztertzaile» bat izan dela ere salatu du. «Azken orduan erregistratzen den zuzenketa batek legegintzaldi osoko herri-itun bakarraren eztabaidaren parametroak aldatzen ditu, eta, orain, Gobernuko kide batek publikoki adierazi du hobe dela EH Bildu legearen akordioan ez egotea».

Akordioaren sinatzaileei eta hezkuntza komunitateari «errespetu falta» dela iritzi du EH Bilduko ordezkariak. «Ez dugu amore emango. Ez da aukera bat gauden bezala geratzea. Lege honek hurrengo belaunaldiei eragingo die», adierazi du.