NAIZ

Akats tekniko baten ondorioz atzeratu egin dira Osakidetzako EPEko kategoria bateko probak

Gasteizen egiten ari diren Osakidetzako EPEko kategoria bateko probak atzerapenarekin hasi dituzte, akats tekniko baten ondorioz. Azterketak gaizki inprimatuta zeudela eta, ordu eta erdi beranduago hasi dute azterketa eta ondorengo proba praktikoa ere ordubete beranduago egingo dute, 14.30ean.

2018an Barakaldoko BECen egindako EPEa.
2018an Barakaldoko BECen egindako EPEa. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Akats tekniko» baten ondorioz igande honetan Gasteizen egiten ari diren Osakidetzako EPEko kategoria bateko proben hasiera atzeratu du. Osasun zerbitzuak jakitera eman duenez, akatsa egon da Administrazio eta Kudeaketako Goi-mailako Teknikari posturako azterketa inprimatzean eta tribunalak zuzentzea erabaki du.

1.601 hautagai aurkeztu dira azterketara eta arazo teknikoaren ondorioz, aurreikusitakoa baino ordu eta erdi beranduago hasi dute proba. Halaber, lehen proba hau beranduago hasi izanak ondoren egin behar zuten azterketa praktikoa ere atzeratu du ordubetez eta 14.30ean egingo dute.

Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak gogora ekarri dute probetako tribunala «subiranoa dela azterketak berme guztiekin egiten direla bermatzeko hartu beharreko erabakiei dagokionean».

Asteburu honetan jarraitu dute 2020-21-22ko Egonkortze Lan Eskaintza Publikoko hautaketa probek. Udan hasi ziren eta orain beste 2.666 pertsona aurkeztu dira, zazpi kategoria desberdinetan, plaza bat eskuratzeko asmoz. Asteburu honetako azterketen ondoren beste 37 kategoriatako deialdiak etorriko dira.

Probak EHUren Arabako campuseko Elurreta eraikinean egiten ari dira larunbata eta igandea bitartean.

Asteburu honetan hautagai gehien izango dituzten lanbide-kategoriak Administrazioko eta Kudeaketako Goi-mailako Teknikaria (1.601 hautagai), Digestio-aparatuko FEM (658 hautagai) eta  Abokatua (151 hautagai) dira.

Hurrengo asteburuan eta azaro osoan zehar jarraituko dute 2020-21-22ko Egonkortze Lan Eskaintza Publikoko probek. Prozesu honen amaierako azterketak datorren hilaren 25ean izango dira.