NAIZ

Euneiz unibertsitateak emakume ikasle gehiago behar dituela onartu du, ez baitira %40ra heltzen

Lluis Vicent Gasteizen dagoen Euneiz unibertsitate pribatuko errektoreak gradu teknikoetan emakumeen presentzia handitzeko beharra azpimarratu du astelehen honetan kurtso irekiera ekitaldian. Hori lortzeko irtenbide «sortzaileak» martxan jartzeko konpromisoa hartu du.

2023-2024 ikasturtearen irekiera ekitaldia egin du Euneiz unibertsitate pribatuak.
2023-2024 ikasturtearen irekiera ekitaldia egin du Euneiz unibertsitate pribatuak. (Gasteizko Udala)

Astelehen honetan Gasteizen egin den Euneiz unibertsitate pribatuaren ikasturte irekiera ekitaldian iazko emakume ikasleen kopurua %35,77koa zela deitoratu dute. Hortaz, kopurua handitzeko beharraz aritu da Lluis Vicent errektoreak.

Ekitaldi honetan, errektorearekin batera, Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza Sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Maider Etxebarria Gasteizko alkatea izan dira. Gainera, ariketa fisikoaren eta kirolaren eragin sozialari buruzko hitzaldi bat eskaini du Alfonso Jimenez katedradunak.

Bere mintzaldian, Vicent errektoreak munduak arlo teknologikoetan profesional gehiago behar dituela defendatu du, eta horrek «are premiazkoago» egiten duela emakume ikasle gehiago izatea, «perspektiba aniztasunak ematen duen aberastasuna» ez galtzeko.

Hori dela eta, emakume gehiago gradu tekniko eta zientifikoetan integratzeko «neurri aktiboak» hartzea «nahitaezkoa» dela uste du.

«Emakumezko erreferenteak, mentoria eta laguntza espezifikoak behar ditugu, talentuak ez baitu generorik, eta gure gizarteak ezin du bere gaitasunen erdia alferrik galdu», berretsi du.

Era berean, gazteak teknologia modu «etikoan, kritikoan eta humanistan» erabiltzeko prestatu behar direla defendatu du.

Zortzi gradu eta lau master

Aurten zortzi gradu eta lau master eskaintzen ditu unibertsitate honek; joan den ikasturtean lau gradu eskaini zituen, horietako bi Osasun Fakultatean eta beste bi Teknologia Interaktibo Berrien Fakultatean: 109 ikasle, %35,77 emakumeak eta %64,22 gizonak.

Gainera, 40 hitzarmen sinatu ditu Hego Euskal Herriko eta Errioxa eta Burgosko enpresekin, «ikasleek lortutako gaitasunak sendotzeko eta praktikan jartzeko lankidetza zubiak» irekitzeko helburuarekin.