NAIZ

Aurkari ezezagunak bezain kontrolagaitzak Bilbao Basket eta Lointek Gernikarentzat

Errumaniako CSU Sibiu izango da bilbotarren aurkaria Miribillan asteazken gaueko 20.00etan. Une txarrean datorren aurkaria bada ere, ez du konfidantzarik nahi Ponsarnauk. Gernikarrek, aldiz, Sosnowiec  talde poloniarra gainditu beharko du Malosten, joan zen astean Montpellierren aurka galdu ostean.

Adam Smithen eskumutur fina beste behin beharko du Bilbao Basketek.
Adam Smithen eskumutur fina beste behin beharko du Bilbao Basketek. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan zen astean Anwil Wloclawek taldearen aurka azken orduan lortu zuen garaipena Surne Bilbao Basketek, FIBA Eurocup lehiaketan. Uste baino askoz gehiago kosta zitzaion talde bilbotarrari txapelketa honetako estraineko dema ateratzea, baina egia da iazko garailearen etxean jokatzen zuela eta erreferentziarik gabe, neurria hartzea gehiago kostatzen dela. Eta, azken baten, garaipena beti dela garaipen, kostata bada ere.

Hargatik, joan den astekorik berriro ez gertatzeko, Miribillan asteazken honetan 20.00etan hasiko den partidari kontuz ekin nahi dio Jaume Ponsarnauren taldeak. CSU Sibiu talde errumaniarra izango du arrean Bilbao Basketek eta beltzezko gizonen entrenatzaileak ez du larregizko konfiantzarik nahi.

«Europan zernahi jazo liteke. Gu geu Polonian 17-2 galtzen hasi ginen eta buelta emateko gai izan ginen azkenean. Energiak, bolada on eta txarrek zeresan handia dute partidan zehar eta horren aurrean prest egon behar dugu», nabarmendu du Bilbao Basketeko entrenatzaileak.

Errumaniako taldea ez dator bere momenturik gozoenean. Hasteko, Europako lehiaketako aurreneko partida galdu egin zuen etxean, 68-80, Caledonia Gladiators taldearen aurka. Hori gutxi ez eta, Errumaniako Ligako azken norgehiagoka ere galdu egin dute, 77-70, Pitesti taldearen aurka. Tomas Rinkevicius lituaniarrak entrenatzaen duen taldea –bere laguntzaileen artean Mikel Ereño bizkaitarrak lan egiten du, besteak beste– ez dator Bilbora bere onenean, baina hain justu arrazoi hori dela-eta «presiorik gabe» ariko dela ohartarazi du Jaume Ponsarnauk eta horrek dakarren arriskua aipatu nahi izan du. Are gehiago ikusteke dagoenean Miribillan zer-nolako itxura izango duen, FIBA Eurocupeko neurketa batek nekez erakarriko duelako ACB Ligari dagokion partida batek adina ikusle.

«Gure aurkariak ondo jokatzen daki eta horri adi egon behar dugu», azpimarratu du, are gehiago orain astean bi partida jokatzea dagokion sasoi honetan. «Taldearen jokoa fintzeko ez da egokiena, baina jokalariak pozik eta prest ikusten ditut bidaia eta partidei loturiko dinamika honetan moldatzeko. Bestalde, amaiera parekatuak izan ditugun neurketak eramaten ari gara eta partidak pilatzen direnean halakorik sarriago geratu liteke. Denboraldiaren nondik norakoa azkenean amaiera parekatu horietara jartzen asmatzeak markatuko du», gaineratu du.

Etxeko azkenengo partida

Maloste Kiroldegian, 20.00etan baita ere, Lointek Gernika Bizkaiak nahi baino garrantzia handiagoa izango duen partida jokatu beharko du Zaglebie Sosnowiec talde poloniarraren aurka.

Jakina da EEurocup honetako D multzoak ari dela jokatzen talde bizkaitarra Sosnowiec eta Montpellierren aurka. Gazan gertatzen ari den sarraskia dela-eta, gernikarrek Ramat Hasharon talde israeldarraren kantxara, Tel Aviv ingurura, ez joatea erabaki zuten eta FIBAk lehiaketa honetan kanpo laga ditu Israelgo talde guztiak. Ondorioz, Israelgo taldeak zeuden multzoak lautik hiru taldetara pasa dira.

Ondorioz, joan zen astean Montpellierren aurka jasandako porrota oso mingarria ez ezik, uste baino garrantzitsuagoa ere bilakatu zen. Asteazken gauekoa ligaxka honetan bizkaitarrek Malosten jokatuko duten azkenengo neurketa izango da eta poloniarrei irabazi beharraz gain, hurrengo bi neurketak etxetik kanpo jokatu beharko dituzte: azaroaren 23an Estatu frantsesean eta 29an Polonian.

Egia da, bestalde, talde poloniarra baina ondotxo arerio gogorragoa zela pasa den zapatuan Valentzia Basket eta Lointek Gernika Bizkaiak egundoko partida burututa hankapean erabili zuela Emakumeen Edesa Ligako egungo txapelduna. Egia da ere Sosnowiec taldeak Montpellierren ez zuela itxura onegirik eman aurreneko jardunaldian eta 86-62 galdu zuela. Beraz, kale egin ezin den neurketa izanda ere, talde bizkaitarrak badauka neurketa hau aurrera ateratzeko adinako gaia, gauzak ondo.

«Geratzen zaizkigun beste bi partidak kanpoan dira. Beraz, oso garrantzitsua da etxean irabaztea», onartu du ere Itziar Ariztimuño, taldeko kapitainak.

«Esan liteke Europan gure bidea erabakiko duela partida honek. Baina tira, Estudiantesen aurka oso partida txarra jokatu eta gero, pasa den asteko neurketa bietan oso sentsazio onak lortu genituen. Gure defentsako indarra berreskuratu genuen eta orain ere horrela jarraitzea izango da gakoa», azpimarratu du antolatzaile bilbotarrak.