La Piel konpainiaren ‘Beren izenez’ obra proposamenak eskuratu du Lautan3 laguntza

Iruñeko La Piel konpainiak eskuratu du Euskaltzaindiak ematen duen arte eszenikoetako Lautan3 laguntza. Konpainiak 2.000 euro jasoko ditu ‘Beren izenez’ obra sortzeko eta 2024ko otsailean aurkeztuko du, VI. Lautan3 jaialdian

La Piel konpainia, oholtzan.
La Piel konpainia, oholtzan. (EUSKALTZAINDIA)

Nafarroara doa aurten Lautan3, antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza, Iruñeara zehazki: La Piel konpainiak jasoko du Euskaltzaindiak ematen duen sari hau, obra labur berria sortu eta plazaratu ahal izateko. Sortuko duten obraren izena ‘Beren izenez’ da eta hau osatzeko 2.000 euroko laguntza jasoko du konpainia nafarrak. Antzezlana hurrengo urtean estreinatuko dute, otsailean ospatuko den VI. Lautan3 jaialdiko programazioaren barruan.

Laguntza esleitu duen epaimahaia Cafe Bar Bilbaoko, BIRA Kulturako eta Euskaltzaindiako ordezkariek osatu dute eta, nabarmendu dutenaren arabera, epaimahaiko kideek antzezlanaren gidoiaren «umore absurdoa» jarri dute balioan: «Gidoi landua du antzezlanak, kolpe barregarriz beterikoa, absurdo samarra», nabarmendu dute, eta antzezlana «egoera are absurdoago batean» gertatzen dela ere zehaztu dute: pertsonaietako baten aitaren gaubeilan, hots, kartoizko hilkutxaren aurrean.

Euskaltzaindiatik gogora ekarri dutenez, 2020ean sortu zuten antzerki-ekoizpena sustatzeko Lautan3 laguntza, Bilboko Udalaren babesa ere baduena. Sari honen helburu nagusia euskarazko antzerkia sustatzea da, «batez ere, lan laburren sorkutzari bultzada emateko xedez», nabarmendu dute.