ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESK-k urriaren 25 eta abenduaren 19rako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako sektore publikoan deitu dituzten grebetarako gutxieneko zerbitzuak jakinarazi ditu Lakuako Gobernuak agindu baten bidez. Sindikatuek ohar batean salatu duenez, «berriz ere gehiegizkoak dira» eta «milaka langile publiko oinarrizko greba eskubidea egikaritu ezinik utzi ditu». Ohartarazi dutenez, beste behin ere «grebarako eskubidearen erabilera oztopatzeko saiakera berri baten aurrean gaude, grebaren eragina gutxiarazteko eta lantokietan normaltasun itxura emateko».
Sindikatuok diotenez, Lan Sailak «apustu egin du pandemiaren aurretik ezartzen zituen gutxieneko zerbitzuak baino handiagoak iraunarazteko» eta zenbait arlotan «pandemia aurreko deialdietan baino gutxieneko zerbitzu handiagoak» ezarri ditu. Osakidetzan, esaterako, Lehen Arretan jaiegun bateko gutxienekoak ezartzen ziren, eta «orain, berriz, larunbat batekoak».
Hezkuntzan, berriz, «unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoan, zuzendaritzako pertsona bat eta sarrera kontrolatzeko beste bat egon behar ziren»; egungo aginduan, berriz, «irakasle bat egon behar da hezkuntza etapa bakoitzeko, eta horri Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 100 ikasleko beste pertsona bat batu behar zaio».
Horrekin batera, Lakuaren aginduaren «aplikazio praktikoak» ekarriko du «zenbait esparrutan lanaldi arrunt batean daudenak baino langile gehiago izatea», sindikatuen arabera.
ELA, LAB, CCOO, Steilas, Satse eta ESKren arabera, «bereziki deigarria» da Osakidetzako Etengabeko Arretako Guneen (EAG) egoera: «gutxieneko zerbitzuen %100 ezartzen da, egunerokoan hutsune asko ordezkatzen ez direnean eta askotan EAGak medikurik gabe zabalik daudenean».
«Gehiegizko» gutxieneko zerbitzuez gain, sindikatuek salatu dute Lan Sailak gaztelaniaz bidali duela aurrena agindua, eta 24 ordu beranduago jaso dutela euskaraz.
«Hizkuntza eskubideen urraketen beste adibide bat da. Grebaren aldarrikapenetako bat da sektore publikoa euskalduntzea, zerbitzua euskaraz emateko eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeko. Gertaera horrek erakuste du errealitate horretatik urrun gaudela», deitoratu dute.