NAIZ

Itziar Barrio eta Jorge Oteizaren lanak ikusgai egongo dira Shanghaiko Biurtekoan

Jorge Oteizaren bost eskultura eta Itziar Barrioren bideo-instalazio bat ikusgai egongo dira Shanghaiko Biurtekoaren 14. edizioan. Biurtekoa 2023ko azarotik 2024ko martxora egingo da Txinako hirian, Cosmos Cinema izenburupean.

Shanghain ikusi ahalko den Oteizaren obretariko bat.
Shanghain ikusi ahalko den Oteizaren obretariko bat. (Luis PRIETO)

Jorge Oteiza eta Itziar Barrio euskal artisten hainbat lan izango dira Shanghaiko Biurtekoaren 14. edizioan, 2024ko azaroaren 9tik martxoaren 31ra. Etxeparetik azaldu dutenez, euren ‘Zabal’ programaren baitan gonbidatuta, Anton Vidokle biurtekoaren komisarioak euskal museoak, artisten estudioak eta beste hainbat espazio bisitatu zituen joan den uztailean euskal testuinguru artistikoan murgiltzeko, eta bisita haren ostean erabaki zen Oteiza eta Barrioren lanak Shanghain erakustea.

Birutekoaren edizio honek, ‘Cosmos Cinema’ izenburupean, unibertsoaren funtzionamenduari eta bertan gizakiak betetzen duen lekuari buruz hausnartzeko espazio-denbora eskainiko die bisitariei eta orotara mundu osoko 80 artista baino gehiagoren lanak bilduko ditu, XX. mendearen hasieratik gaur egunera artekoak.

Itziar Barrio New Yorken bizi den euskal artista multimediak ‘A Demon that Slips into Your Telcopes while You're Dead Tired and Blocks the Light’ (2020) bideo-instalazioa erakutsiko du. Bideo-saiakera honek elementu dokumentalak eta fikziozko elementu espekulatiboak konbinatzen ditu, irudi astronomikoaren eta ezagutza zientifikoaren giza eraikuntza azaltzeko xedez.

Jorge Oteizaren (1908-2003) bost lan ere erakutsiko dira, bere heriotzaren 20. urteurrenean. Aukeraketa hiru eskulturek –‘Kutxak Harrian’ (1958) serieko bi eta ‘Malevitx unitate irekiaren bidezko espazio errotazioa/ Malevitxen omenez’ (1957) eskultura– eta bi collagek osatzen dute, eta Altzuzako Jorge Oteiza Fundazio Museotik dagoeneko abiatu dira Shanghaira. 50eko hamarkadan, arte abstraktuaren inguruko hainbat esperimentazio egin zituen Oteizak, non hutsaren, espazioaren eta metafisikaren gaia ikertu zuen, hark eskulturari egindako ekarpenaren muina izan zena.