Urtzi Urrutikoetxea

Mike Johnson eskuindarra hautatu dute AEBko Ordezkarien Ganberako buru

Lau hautagai bidean geratu eta gero, AEBko Ordezkarien Ganberak Mike Johnson Louisianako diputatu errepublikanoa aukeratu du ‘speaker’ izateko. Urri hasieran piztutako krisiak alderdi eskuindarraren irudi negargarria utzi du. Orain, hiru aste dituzte Gobernuaren itxiera saihesteko.

Mike Johnson, AEBko Ordezkarien Ganberako buru berria.
Mike Johnson, AEBko Ordezkarien Ganberako buru berria. (Olivier DOULIERY | AFP)

Mike Johnson kontsebadore sutsua da, eta erabat leiala Donald Trumpekin, beste ordezkari batzuek baino profil publiko txikiagoa izan arren. Abortuaren eta sexu bereko pertsonen ezkontzaren aurkako jarrera dauka, eta Ganberako buru izan diren aurreko pertsonek baino esperientzia txikiagoa dauka, 2016an hautatu baitzuten lehen aldiz Washingtonera.

Orain arteko hautagaiek, baina, ez dute behar besteko babesik lortu. Errepublikanoek 221 ordezkari dituzte Ganberan; gehiengoa da, baina oso gehiengo estua. 217 boto behar dituenez hautagai batek, lau errepublikano aurka egotea aski zen hautagaitza blokeatzeko.

Horrek ekarri dizkie orain arteko arazoak; botere handia ematen baitio Freedom Caucus eskuin muturreko ordezkarien taldeari. Mike Johnsonek 220 boto lortu zituen atzo egindako bozketan, beharrezko gutxienekoak baino hiru gehiago.

Joan den urriaren 3an, Kevin McCarthy Ganberako presidente errepublikanoa kanporatu zuten, lehen aldiz historian, muturreko errepublikanoek antolatutako matxinada baten ondorioz. Lehen ahaleginean, Steve Scalise errepublikanoa gailendu zitzaion barne-bozketan Jim Jordan eskuin muturreko ordezkariari, baina berehala ohartu zen ez zituela beharrezko botoak, eta bertan behera utzi zuen hautagaitza.

Hala, errepublikanoen barne-bozketa ere galdu zuen Jim Jordan estremistak bere unea zela iritzi zion. Ohioko ordezkaria Ganberako diputatu eskuindarrenetakoa da, besteak beste 2013an Barack Obamaren agindupean gertatu zen itxialdiaren edo shutdown-aren ardurduna izan zen.

Trumpen inguruko muturreko sektoreak presioa egiten hasi ziren errepublikano moderatuenei, batzuk familiaren aurkako mehatxu fisikoak ere salatu zituzten.

Hala eta guztiz, bozketara joatera tematu zen Jordan. Han jipoia hartu zuen, aurkeztutako bozketa bakoitzean boto gutxiago lortu zituen, eta Hakeem Jeffries demokratak ere boto gehiago lortu zituen. Azkenean, hautagaitza bertan behera utzi zuen Jordanek ere.

Tom Emmer errepublikano moderatuagoak zirudien Ganberako buru izateko azken hautagaia, baina Donald Trumpen haren aurka hitz egin eta gero, hautagaitza erretiratu behar izan zuen, eskuin muturrekoek bozkatuko ez zutela ikusita. Hala, Mike Johnsonen txanda iritsi zen, Emmer-en ostean bigarren geratu zen hautagai gisa.

Ordezkari ultrek bazekiten gutxiengoan egonda ere blokeorako aukera zutela. Moderatuagoek ez zituzten Trumpen gezurren akuilulari izan diren ordezkarien alde bozkatu, euretako askok barruti zentrista edo erdibidekoak ordezkatzen dituzte, eta datorren urtean berriz hautatzea nahi badut, ezin dute trumpismoaren konspirazioen aldeko bozketetan agertu. Azkenean, hiru asteko irudi kaotikoaren ondotik, errepublikanoek gutxieneko diziplina ezarri dute Ganberako burua hautatzeko.

Ez da ahaztu behar, Gobernuaren finantziorako akordioak ekarri zuela krisia. Urriaren 1ean gertatzear zegoen itxialdia saihestu zuten azken unean, sei asterako egindako akordio batekin. Horrek Matt Gaetz buru duen talde ultra sutu zuen, eta McCarthy kargugabetzea ekarri zuen.

Hiru aste behar izan dituzte ‘speaker’ berria aukeratzeko. Beste hiru aste baino ez dituzte finantziazio-akordio berri bat lortzeko, edo Gobernuaren itxiera iritsiko da azaroaren 17an. Ez da ahaztu behar Ordezkarien Ganberako presidentea AEBetako erakundeetan oso pertsona boteretsua dela: besteak beste, herrialdeko hirugarren agintari nagusia da, presidentearen eta presidenteordearen atzetik.