NAIZ

Mugen itxiera «burujabetza faltaren ikur nabarmena» dela salatu du EH Bilduk Avenida zubian

Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubia «gure burujabetza faltaren ikur nabarmena» denez, han izan dira asteazken honetan EH Bilduko Maddalen Iriarte eta Pernando Barrena, Gernikako Estatutuaren urteurrenean. Zubiaren itxiera eta migratzaileekiko «egoera ez-erregulara» salatu dituzte.

Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubian irudikatu du «burujabetza falta» EH Bilduk.
Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubian irudikatu du «burujabetza falta» EH Bilduk. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Euskal Herriak «burujabetza itzulgarria» duela salatzeko asmoz, itxita dagoen Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubian agerraldia egin dute EH Bilduko Maddalen Iriartek eta Pernando Barrenak. Zubia ez irekitzea «euskal herritarroi eragiten diguten erabaki asko Euskal Herrian hartzen ez direnaren froga bat» dela esan dute.

Gernikako Estatutuaren urteurrenaren egunean «burujabetza falta» hori gaur mugak direla eta bihar beste esparru batean irudikatuko dela ohartarazi du Iriartek. «Ez dugu subiranotasun itzulgarririk nahi, erabateko subiranotasuna nahi dugu. Izan ere, euskal herritarren gehiengo handi batek bere eguneroko bizitzan eragiten dioten kontu guztiak erabaki nahi ditu hemen», adierazi du.

Zubia «burujabetza falta» horren froga dela uste dute, eta, irekiera data urriaren 30erako ezarrita dagoen arren, EH Bilduren ustez «oso litekeena da ez betetzea, pasabideak itxita mantentzeko zeuden aitzakiak errepikatu egiten baitira».

Bestalde, Euskal Herria «bi Estatutan eta hiru lurralde ermutan banatutako nazioa dela» gogorarazi du. Hortaz, EH Bilduk «nazio horren eta hemen bizi diren eta lan egiten duten pertsonen eskubideen alde egiten jarraituko» duela ziurtatu du. «Nazioa garela» aldarrikatzeko, azaroaren 18ko Bilboko manifestazioarekin bat egiteko deia zabaldu du.

Pernando Barrenak, bestalde, Irun eta Hendaia arteko pasabidean ematen ari den «egoera erabat ez-erregularra» ekarri du gogora, Europako Batasuneko Shengen barne muga bat dela kontuan hartuta.

Hortaz, Estatu frantsesera sartzen saiatzen diren migratzaileen egoera deskribatu du: «Identifikaziorako irizpidea fenotipikoa da, hori da, jendarmeak migrariengana hurbiltzen dira beren larruaren kolore ilunaren arabera; beren kanporaketa ez da inongo protokolo edota berme legalaren menpe ematen, ez dago prozedura administratiborik, ez dago abokatu baten asistentzia, ez zaie asilo eskaera egiteko aukerarik ematen, eta honek guztiak berotan ematen diren bueltatze horiek guztiak erabat irregular bihurtzen ditu».

Gobernu frantsesaren eta Europako Batzordearen jarrera seinalatzeaz gain, «muga pasabideen irekiera eskatzeko momentua» dela azpimarratu du, baita beraien funtzionamendua «giza eskubideen araberakoa izan dadila exijitzeko».

«Europar Batzordearen Asilo eta Migrazio Itunak ez du balio migrarien segurtasuna bermatzeko», gaineratu du. «Momentua da derrigorrezko harrera kuotak ezartzeko estatu kideei, migrariei iristen uzteko beren gogoko helmugara asilo prozedura eskatzeko; eta baita Schengeneko Akordioaren irakurketa sekuritarioarekin bukatzeko. Frantziak ohiko prozedura bihurtu du Schengeneko araudian ezohikoa dena eta sei hilabeterako ahalbidetzen dena aparteko arrazoiengatik. Segurtasuna ezin da aitzakia gisa erabili migratzeko eta zirkulazio librerako eskubidea errotik mozteko».