Maite Ubiria
Aktualitateko erredaktorea, Ipar Euskal Herrian espezializatua / redactora de actualidad, especializada en Ipar Euskal Herria

Lau muga pasabide astelehenean bertan irekiko dituztela baieztatu du prefetak

Kazetariekin antolaturiko hitzorduan baieztatu du Pirinio Atlantikoen prefetak, Julien Charlesek, urriaren 30etik aurrera zabalik izanen direla Avenida zubia, Aldudetako pasabidea eta Larraineko zein Izpegiko lepoak. 2021ko urtarrilaz geroztik itxita izan dira pasabide horiek.

Julien Charles Pirinio Atlantikoen prefetak gaur arratsaldean hitzordua hartu du kazetariekin Baionako Suprefeturan.
Julien Charles Pirinio Atlantikoen prefetak gaur arratsaldean hitzordua hartu du kazetariekin Baionako Suprefeturan. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen urriaren 11ean Pirinio Atlantikoen Prefeturak jakitera eman zuen erabakia berretsiz,  Julien Charles prefetak heldu den astelehenean zabalduko direla 2021az geroztik itxita izan diren lau muga pasabide -Irun eta Hendaia lotzen dituen Avenida zubia, Aldudeko pasabidea eta Larraineko eta Izpegiko lepoak- baieztatu du gaur arratsaldean.

Baionan bisitan zelarik, bertako hedabideetako ordezkariekin bilera antolatu du prefetak gaur arratsaldean. Bertan, garapen ekonomikoa, antolaketa ekologikoa edota etxebizitza politika ardatz dituzten hainbat egitasmo jorratzearekin batera segurtasunaren gaineko erronkak aletu ditu.

Arras hirian irakasle bat labankada baten ondorioz hil eta gero terrorismoaren mehatxuarengatik goreneko alerta piztu zuen frantses Estatuak.

Horren eraginez, berdin eskoletan zein erlijio-lokaletan poliziaren zaintza areagotu dutela, baita Ipar Euskal Herria barne den departamenduan ere, azaldu du Julien Charlesek.

Vigipirate dispositiboaren baitan 50 militarrek jarduten zuten ordurarte Pirinio Atlantikoeen departamenduan. Gaur egun ehun dira jakitera eman du estatuaren ordezkariak.

Urriaren 7az geroztik Palestina eta Israel artean berpiztu den gatazkaren testuinguruan mugaren inguruan kontrolak zorroztu dituztela baieztatu du Charlesek.

Alta, segurtasunari loturiko testuingurua berezia izanik ere heldu den astelehenerako aurreikusita dagoen lau pasabideen berrirekitzea ez dagoela kolokan ziurtatu du.

Frantziar eta espainiar poliziez osaturiko patruila amankomunen garapenari aipamen eginez, segurtasunaren erronkak eta pasabide horien berrirekitzea bateragarriak direla defendatu du Charlesek. Poliziaren kontrolek jarraituko dute, edozein kasuan, behin pasabideak askatuko dituztenean ere.

Alta, inguruko herrietan bizi diren lagunentzat albiste lasaigarria da hesien desagertzea, orain arte beste bideak behar zituztelako baliatu, kasu askotan joan-jina luzeagoak eginez. Kontrol dispositiboak indarrean jarraituko diren heinean, migratzaileentzat egoera ez da aldatuko.

Prefetak beste gai sentiberari aipamen egin dio kazetariekin harturiko hitzordu horretan. «Istiluak gertatzeko arriskua baloratu ondoren» hartuko duela Biarnon eta Euskal Herrian Palestinaren alde antolatuko diren manifestazioei buruzko erabakiak azaldu du.

Manifestazioak debekatzeko irizpideak

Gazaren aurkako Israelgo Armadaren bonbardaketak salatzeko xedez urriaren 13an Urrruñan deituriko elkarretaratze bat debekatu zuen prefetak. Egun berean Maulen deitutako jende bilkura, egin ahal izan zuten nahiz eta Poliziaren presentzia itogarria izan zen.

Handik egun batzutara, urriaren 19an, poliziez inguratuta bada ere, ehundik gora lagun bildu ziren Baionan Kontseilu Sozialistak deitu zuen manifestazioan.

 

Gaur arratsaldean hainbat alderdik eta sindikatuk Ekialde Hurbilean bake justu eta iraunkorra galdetzeko Suprefeturen aitzinean antolaturiko elkarretaratzeari trabarik ez diote jarri. Ehun bat lagun batu dira jende bilkura horretara.

Ikusteke dago larunbaterako, Bilbon bezala Baionan deituriko ekimenarekin zer gertatuko den.

Pariseko prefetak «irizpide morala» aldarrikatu du gaur asteburu honetan ere frantses hiriburuan deituriko mobilizazio ibiltari bat debekatzeko.

Aipaturiko irizpideari zer deritzo galdetuta, «ni Pirinio Atlantikoen prefeta naiz» erantzun dio Charlesek NAIZi, «istiluak izateko arriskua» izanen dela bere kasuan Palestinaren sarraskia salatzeko antolatuko diren ekimenen gaineko erabakia hartzeko irizpidea berretsi aurretik.