NAIZ

Iñaki Martinez de Luna soziologo arabarrak jasoko du Manuel Lekuona Saria 2023

Iñaki Martinez de Luna soziologo eta ikertzaileak jasoko du Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria. Epaimahaiak munduko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan «euskarari eskaini dion aparteko dedikazioa» nabarmendu du.

Iñaki Martinez de Luna, aurtengo saritua.
Iñaki Martinez de Luna, aurtengo saritua. (EUSKO IKASKUNTZA)

Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) soziologo eta Soziolinguistika arloko ikertzaileak irabazi du aurten Manuel Lekuona Saria, Eusko Ikaskuntzak 1983an sortua, euskal kulturaren alde egindako lanagatik pertsona ospetsuak aintzatesteko.

Epaimahaiak «gure hizkuntzak gainditu behar dituen erronkei eta bere biziraupena bermatzeko baliatu behar dituen aukerei buruzko hausnarketan eta ekintzan» jarri duen «aparteko dedikazioa» jarri du balioan, «mundu osoko hizkuntza gutxituekin duen konpromisoaren baitan ikuspegi ireki eta mugarik gabe».

Sarituak Remigio Mendiburuk sortutako brontzezko eskultura, Manuel Lekuona saria irudikatzen duena, ekitaldi publiko batean jasoko du, oraindik zehaztu gabe dagoen egunean.

Martinez de Luna Soziologian doktore da Deustuko Unibertsitatean eta, ia berrogei urtean zehar, euskara biziberritzeko prozesuaren ezagutza zientifikoan sakontzeko eta euskal gizarte errealitateari buruzko hainbat ikerketak zuzendu ditu (esaterako, identitateari eta kulturari buruz Jaurlaritzarekin eta Eusko Ikaskuntzarekin 2007an garatutakoa).

Eusko Ikaskuntzatik nabarmendu dutenez, Martinez de Lunak jarduera zientifikoa eta Euskal Herriaren garapenarekiko konpromiso aktiboa uztartu ditu. Horren adierazle dira bai tokiko eremuan egindako lanak, bai ikerketa eta ikerketa taldeetan egindakoak: Eusko Ikaskuntzan, Euskaltzaindian, Euskal Herriko Unibertsitatean, Garabiden edo Soziolinguistika Klusterran. Azken horretan, gainera, haren sortzaileetariko bat eta lehen lehendakaria izan zen eta ‘Bat’ aldizkariaren zuzendaria ere.

«Azpimarratzekoa da, halaber, Euskaltzaleen Topagunearen baitan sortutako Topalabe hausnarketa-taldean izandako lekua, balio handiko ekarpenak egin dituena», zehaztu dute, ‘Berrikasi eta Berrikusi’ (2015) eta ‘Berrindartu eta jauzi’ (2020) txostenak aipatuz.

«Bere curriculum zabalak berrikuntzaren aldeko bokazio argia erakusten du, eremu ezezagunei heldu eta sinergiak sortzeko grina. Zentzu horretan, bere ekarpena euskara biziberritzeko prozesuaren inguruko egungo lankidetza-giroaren baitan kokatzen da», jarri dute balioan.

Euskalgintza

Jaurlaritzako Lehendakaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabineteko arduraduna izan da 1986tik 2015era, eta EHUko irakasle ondokoa 1989tik 2015era. Euskararen Erakunde Publikoa- Office Publique de la Langue Basque erakundeko Euskararen Aholku Batzordeko kide izan zen eta egun Arabako Foru Aldundian eta Jaurlaritzan da, baita Euskara Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) azpibatzordearen zuzendaria ere.

Euskaltzain urgazlea da, eta gaur egun ‘Euskararen Biziberritza Araban’ proiektua koordinatzen du bere baitan. Araban euskararen alde egin du lan handia, Gasteizko GEU elkarteak egindako jarduerak horren erakusle izanik, elkarte horretako presidente izan baitzen 2013 eta 2015 artean.