NAIZ

Palestinaren aldeko beste bi mobilizazio debekatu dituzte Ipar Euskal Herrian

Palestinaren aurka Israelek garatzen duen eraso militarra salatzeko xedez beste bi ekimen antolatuak izan dira Ipar Euskal Herrian. Lehena, ostiral arratsaldean igarotzekoa da Maulen, eta bigarrena, larunbatean Baionan. Biak ala biak debekatu ditu Julien Charles Pirinio Atlantikoen prefetak.

Urriaren 18an Baionako Herriko Etxearen aurrean eginiko elkarretaratzea.
Urriaren 18an Baionako Herriko Etxearen aurrean eginiko elkarretaratzea. (Guillaume FAUVEAU)

Mobilizazio bi deituak dira gaur eta biharko Ipar Euskal Herrian Palestinarekin elkartasunean.

Maulen, zehazki Gurutze Xurian, 'Arretons le massacre en Palestine' lelopean hitzordua emana du herritar multzo batek ostiral honetarako.

BDS Xiberoak deitzen duen hirugarren protesta da.

Palestindarren aurkako sarraskia gelditzeko aldarrikapena beste behin ere astintzeko 18:30ean eman dute hitzordua Zuberoako hiriburuan.

Bestalde, protesta egiteko gonbidapena eman dute, larunbaterako, Baionan, Israelen aurkako boikota aldarrikatzen duten eragileek Bilbon eginen duten mobilizazioarekin bat eginez.

'Boikot Israel, Palestina askatu' lelopean, herritar talde horrek 17:00etan eman du hitzordua, Lapurdi hiriburuaren tren geltokiaren aurrean.

«Palestinako herria apartheid egoera batetik genozidio bat jasaitera pasatzen ikusi dugu. Gaza aire libreko presondegi bat da eta laster hilerri erraldoi bat bilakatuko da», adierazi dute mobilizazio horretara deituz plazaturiko agirian.

Mobilizazio bi horiek debekatzea erabaki du Julien Charles Pirinio Atlantikoen prefetak, 'Sud-Ouest' kazetak aitzineratu duen albistearen arabera.

Dagoeneko Gazaren aurka Israelgo Armadak abian eman duen sarraskia salatzeko xedez urriaren 13an Urrruñan deituriko elkarretaratze bat debekatu zuen prefetak.

Egun berean Maulen deitutako jende bilkura, egin ahal izan zuten nahiz eta Poliziaren presentzia itogarria izan zen.

Handik egun batzutara, urriaren 18an, poliziez inguratuta bada ere, ehundik gora lagun bildu ziren Baionan Kontseilu Sozialistak deitu zuen manifestazioan.

Alta, atzo arratsaldean Hexagono mailako hainbat alderdik eta sindikatuk Ekialde Hurbilean bake justu eta iraunkorra galdetzeko Baionako Suprefeturen aitzinean antolaturiko elkarretaratzeari trabarik ez zion jarri Estatuaren delegaritzak. Ehun bat lagun batu ziren jende bilkura horretara.

Manifestazioak onartzeko edo debekatzeko irizpidei buruz galdetuta, Julien Charles prefetak kazetariekin atzo izan zuen topaketan argitu zuenez «istiluak sortzeko arriskuari» erreparatuko dio «kasuz kasu» erabakia hartzeko orduan.

Hala ere «sionismoaren aurkako adierazpenak» saihesteko beharra izan zuen, zeharka bada ere, aipagai Charles prefetak.

«Zilegia ez ezik, arrunt beharrezkoa da Gazako sarraskia gelditzearen eta gatazkari konponbide politikoa ematearen alde mobilizatzea» adierazi du, bere aldetik, Euskal Herria Baik sareen bidez debeku berriaren harira zabaldu duen mezuan.

Palestinaren aurkako mobilizazio oro debekatzeko erabakia hartu duen Gerald Darmanin Barme ministroak Arras herriko lizeo batean irakasle bat labankada baten ondorioz hil ondoren.

Handik egun batzutara debeku orokorra deuseztatuz «kasuz kasu» baloratzeko gaitasuna prefeten esku utzi zuen Estatu Kontseiluak.

Parisko prefetak bihar larunbaterako frantses hiriburuan deituriko manifestazio bat debekatu du. Erabaki horren aurkako helegitea ezarri dute protesta horren deitzaileek.