Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Punta-puntako puntisten «aurpegi desberdina» azaleratzen du ‘Zestaren zirrara’ liburuak

Igor Meltxorrek (Ortuella, 1978) liburu berri bat kaleratu du, oraingo honetan kirolean zentratuta. Zortzi puntista elkarrizketatu ditu, banan-banan, kirol ikuspegitik ihesi, hauen «aurpegi ezberdinena» azaleratu asmoz. Kirolari hauen alde gizatiarrena kontatzen du ‘Zestaren zirrara’ liburuak.

‘Zestaren zirrara’ liburuaren aurkezpena; erdian, Igor Meltxor egilea, albo banatan Zabala (ezk.) eta Lekerika dituela. Goian, Beaskoetxea, Barandika eta Erkiaga.
‘Zestaren zirrara’ liburuaren aurkezpena; erdian, Igor Meltxor egilea, albo banatan Zabala (ezk.) eta Lekerika dituela. Goian, Beaskoetxea, Barandika eta Erkiaga. (ZORROTZ)

Iñaki Goikoetxea, Xabi Barandika, Aritz Erkiaga, Julen Del Rio, Imanol Lopez, Jon Zabala, Unai Lekerika eta Diego Beaskoetxea puntistak dira ‘Zestaren zirrara’ liburuko protagonistak, Igor Meltxorrek idatzi eta Zorrotz argitaletxeak editatua, euskara eta gaztelania uztartuta. Hauen elkarrizketek hartzen dute liburuaren zati handiena, baina emakumezkoen hazkundeari ere tartetxoa egin dio, Durangon jokatu zen Winter Series oinarri hartuta. Ane Muruamendiaraz eta Olaz Foruria kirol kazetarien ikuspegia ere jasotzen du.

Ohikoa da Igor Meltxor Euskal Herriko auzi soziopolitikoetaz idazten eta hausnartzen ikustea baina duela urte eta erdi zesta-puntak harrapatu egin zuen, Winter Serieseko partida bat ikustera hurbildu zenean Gernikako Jai Alai pilotalekura. Pilotazale amorratua dela onartu du ostiral honetako aurkezpenean baina sekulako harridura eragin zion zesta-puntak: «Pilotaren soinua, abiadura...». Ordutik, ez du hutsik egin hitzordu horretara eta buruan bueltaka zeukan elkarrizketa batzuk egitea, «elkarrizketa ezberdinak, pertsonalagoak. Ez dira Erkiaga edo Lekerika, dira Unai eta Aritz».

Azkenean, liburu forma hartu zuen eta lau esparrutan banatu ditu elkarrizketak: pilotaren soinua, nola zaintzen den zesta bat, zer sentitzen da kantxara ateratzean eta zer entzuten den –entzuten bada– kaskoa soinean dutela.

«Nola kudeatu presioa eta antsietatea une erabakigarrietan, garaipenak eta porrotak, etxean jasotako balioen garrantzia, familiaren eta lagunen irakaskuntza. Bidai txiki honetan bizitzako eta etengabeko ikaskuntzako ikasgaiak azaltzen dira», idatzi du Meltxorrek liburuaren deskribapenean.

Liburua «nahiko txukun geratu» denaren sentsazioarekin, puntisten esku zabaltasuna nabarmendu du. Ezaugarri bat azpimarratu beharko balu, kontatu du guztiek pentsatzen zutela nahiko antzerako erantzunak emango zituztela baina ez dela horrela izan, soilik galdera batean dagoela adostasuna: «Estatu Batuetako bizimodua galdetzean denak onartu dute oso ona zela».

Adierazi du txapelketa oso berezia bilakatu dela Winter Series, ikuskizunarekin asmatu egin dutela. «Hori izan da gure aitzakia liburua egiteko, Eraman Jai Alai enpresa hasi zen hau mugitzen, ‘zoroen kontu hau’ moduan esan izan dutena. Pandemian hasi zen eta lehendabizikoan 200 pertsona eskas hurbildu ziren, hurrengoan 400 eta gero jada betetzen hasi zen».

Aurtengoa astelehenean hasiko da, urriko azken astelehenean, Gernikan, eta «oso berezia» izango dela aurreikusten du Meltxorrek: «Kolore ezberdinetako kamisetak dituzte bikote bakoitzak, zenbakiak oso handiak...».

Liburuaren salmenta, hain zuzen ere, Jai Alai pilotalekuan jarriko dute astelehenero, eta dagoeneko erosi daiteke liburu denda ezberdinetan eta ‘Zorrotz’ argitaletxearen webgunean.

Jendearengana «hurbilarazteko» aproposa

Kirol arlotik haragoko elkarrizketak izanik, protagonistak ere gustora sentitu direla adierazi dute. Xabi Barandika, Aritz Erkiaga, Unai Lekerika, Jon Zabala eta Diego Beaskoetxea egon dira aurkezpenean eta guztiei «ilusioa» eragin die liburu batean beraien bizipenak gordeta egoteak.

«Irrati, telebista edo komunikabide ezberdinetako elkarrizketak agian galdu egiten dira eta liburua hor dago; betirako da, sua ematen ez badiozu», adierazi du Barandikak.

«Onuragarria da oihartzun gehiago izatea; orain ikusle gehiago dagoenez agian interesgarri izan daiteke gure alde gizatiarrena ere ezagutzea. Ez da askotan pasatu zesta-punta liburuetan agertzea eta berri ona da», dio Aritz Erkiagak. Sorozabalekin batera Jai Alai League txapelketan nagusitu zen, Laduche eta Basque finalean garaitu ostean.

Bestalde, Lekerika atzelari gernikarrak nabarmendu du pilotari bakoitzak «kantxatik kanpo bere bizimodua daukala, ikuspuntu ezberdinak» eta beraz, «irakurtzea aholkatzen diet».

Jendearengana «hurbilarazteko» formula aproposa izan daitekeela uste du Jon Zabala markina-xemeindarrak, zeinak sekula ez zuen pentsatu liburu batean agertuko zenik. Harmaila eta kantxa artean dagoen distantzia murriztuko duelakoan dago.

«Badaude galdera batzuk hasieran ez direnak errazak erantzuteko baina askotan egin beharreko galderak direla esan daiteke», hausnartu du Barandikak, bai eta Zabala berak ere. Beraiei ere hausnartzeko bidea eman die eta bakoitza bestearengandik zein ezberdinak diren ohartzeko ere bai.

Zesta-puntaren oinarrian dago adiskidetasuna ere, eta Meltxorrek hori ere jaso nahi izan du. Argazkien bitartez islatzen saiatu da arlo hori eta puntistek beraiek onartu dute ezaugarri bereziena izan daitekeela. «AEBtan urte asko eman ditugu, denok elkarrekin, batuta, multzo bat bezala osatu dugu eta horrela jarraitzen da, garrantzitsua da. Adiskidetasun hau agian ez da hain nabarmena beste kiroletan eta gazteentzat ispilua izan beharko luke. Gazteak profesionalei begira daude beti eta eredu hau ikusten badute, hobeto», azaldu du tinko Diego Beaskoetxeak, iaz profesional ibilbidea amaitu eta gazteenen entrenatzaile lanetan diharduenak.