NAIZ

Tokioko zinema jaialdiko Ethical Film Award Saria lortu du ‘20.000 especies de abejas’ filmak

Estibaliz Urresola Solagurenen ‘20.000 especies de abejas’ filmak eskuratu du Tokyo International Film Festival-eko Ethical Film Award saria. Zinemagileak urriaren 31n jasoko du saria, filmaren emanaldiaren ostean.

‘20.000 especies de abejas’ filmeko fotograma.
‘20.000 especies de abejas’ filmeko fotograma. (NAIZ)

Estibaliz Urresola Solagurenen ‘20.000 especies de abejas’ filma sariak pilatuz doz. Oraingo honetan Tokiotik iritsi zaio berria, bertako Tokyo International Film Festival-eko Ethical Film Award saria eskuratu baitu.

Jaialditik nabarmendu dutenez, «egungo gizarte-gai garrantzitsuak jorratzen dituzten filmak aukeratu dira, hala nola genero-berdintasuna, ingurumena, pobrezia, aniztasuna eta diskriminazioa ardatz dutenak». Sari hau aurten eman da lehen aldiz eta berau jasotzeko hautagai ziren baita ere ‘The Fisher’ eta ‘Power Alley’ filmak.

Urresolaren filma Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Euskal Leihoaren baitan ari da ematen egunotan Tokion, ‘Spotlight: Basque Cinema’ izendatu duten zikloaren barruan. Ziklo honen barnean, urriaren 23tik azaroaren 1a bitartean, bost euskal film aurkezten ari dira bertan, guztiak emakumezko zinemagileek zuzendutakoak.

Urresolaren lanaz gainera, Isabel Hergueraren ‘Sultanaren ametsa’, Jaione Cambordaren ‘O corno’, Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendiren ‘Arnasa betean: emakume zinemagileak’ eta Silvia Munten ‘Las buenas compañías’. Film bakoitzak lau proiekzio izango ditu Tokioko jaialdian.

Etxeparetik jakinarazi dutenez, saria urriaren 31n jasoko du Urresolak, ‘20.000 especies de abejas’ filmaren proiekzio berri baten ostean. Zinemagileak solasaldi bat ere eskainiko du emanaldia amaitzean.