Erik Jaka izango da Jokin Altunaren aurkaria Lau eta Erdiko finalerdietan

Lizartzarrak 16-22 menderatu du Joseba Ezkurdia Bermeon jokatu den ligaxkako partida erabakigarrian. Gipuzkoarrak asko asmatu du sakearekin (bost tanto) eta hobea izan da azken txanpan.

Jaka, pozik Bermeon garaipena ospatzen.
Jaka, pozik Bermeon garaipena ospatzen. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Erik Jaka izango da Jokin Altunaren aurkaria Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdietan. Aurrelari lizartzarrak 16-22 menderatu du Joseba Ezkurdia Bermeon, ligaxkako partida erabakigarrian, eta egungo txapeldunak agur esan dio lehiaketari. Jakaren garaipenari esker, Baikok bi pilotari ziurtatu ditu finalerdietan, iaz alerik sartu gabe geratu ostean.

Neurketa parekatua izan da Bermeokoa, markagailuan gora-beherak izan dituena baina alde handirik gabekoa. Hori bai, jokoa oso bizia izan da, piloteo gutxikoa, eta alde horretatik Erik Jakari komeni zitzaion norgehiagoka ikusi dugula esan daiteke, Joseba Ezkurdia oso deseroso aritu baita hasieratik amaierara.

Gainera, buruz buruko dema hauetan horren garrantzitsua izaten den sakearekin askoz gehiago asmatu du lizartzarrak. Guztira bost tanto izan ditu zuzenean eginak lehen pilotakadarekin, baina sake-errematean beste asko sinatu ditu. Ezkurdiak, aldiz, ez du batere behartu aurkaria sakearekin eta hortxe hasi dira bere arazoak.

Gorabehera asko

Neurketako lehen abantaila Jakarena izan da. Berari egokitu zaio lehen sakea eta oso bizi jokatuz 1-4 aurreratu da markagailuan. Ezkurdia urduri antzematen zen artean, baina partidaren garrantzia kontuan izanda normaltzat jo zitekeen tentsioak apur bat lotuta egotea.

Bere merituz baino gehiago, Jakari kanpora ihes egindako erremate batzuei esker lortu du arbizuarrak markagailua parekatzea (lehen berdinketa 5-5ekoan iritsi da), eta pentsatzekoa zen horrek lasaiago jokatzeko aukera emango ziola Ezkurdiari.

Zaila da horrela izan den edo ez jakitea, baina egia da tantoak gogortzen hasi direnean Ezkurdia gehiago hurbildu dela bere bertsiorik onenera. 8-8koa izan da, seguruenik, partidako tantorik gogorrena. 20 pilotakadatik gora izan ditu eta arbizuarrak orma-biko ikusgarri batekin amaitu du bere alde. Jakari kosta egin zaio bere onera itzultzen, eta Ezkurdiak 11-8 aurreratzeko baliatu du bi pilota jarraian ederki irekiz zabalera.

Jakak ez du burua galdu

Baina Jaka onik irten da bere lehen krisialditik, eta gainera 11-12 aurretik iritsi da lehen etenaldi luzera bi tanto eder sinatuz: lehenengoa pilota txokoan motz bihurrituz eta bigarrena zabalean dejada bikainarekin. Atsedenalditik bueltan ez da egoera asko aldatu eta Jakak 11-15era arte luzatu du bere zazpi tantoko partziala.

Larri zebilen Ezkurdia ordurako, eta atsedenaldia eskatu bere buruarekin oso haserre. Eta lehen aukera honetan ongi irten zaio jokaldia. Aulkitik bueltan Jakak sakea motzegi atera du eta aurkariari sakea berreskuratzeko parada eskaini dio. Nafarrak ez du oparia alferrik galdu eta, sakearekin batere asmatu gabe jarraitzen zuen arren, airez jokoa nahastuz 16-15 aurreratzea lortu du.

Orduan inork ez zekien, baina horixe izango zen Ezkurdiaren azken tantoa aurtengo txapelketan. Hurrengoan orma-bikoa kanpora joan zaio Aspekoari eta behin sakea berreskuratuta, Erik jaka zuzenean joan da 22ra. Aurkariak ez bezala, lizartzarrak asko asmatu du sakearekin azken txanpan ere, eta tantoak azkar amaituz uste baino erosoago lortu du garaipena eta finalerdietarako txartela.

«Nire interesen arabera»

«Oso pozik nago. Kosta zait berriz ere maila honetara iristea. Badakit oraindik ez dudala ezer lortu, baina niretzat sentsazio hauek bizitzea oso garrantzitsua da. Eskerrak eman nahi dizkiet lagundu nauten inguruko guztiei», ospatu du Jakak amaieran, garaipena «une gogorrak» pasatzen ari den bere izeba Marixeli eskainiz.

Neurketari buruz hauxe izan da bere irakurketa: «Josebari irabazteko badakigu lan asko eta gogorra egin behar dela, baina uste dut ongi jokatu dudala. Akats batzuk egin ditut, baina nik jokatzen dudan moduan jokatuta ulergarria da huts batzuk egitea. Uste dut nire interesen arabera jokatu dugula. Agintea hartzen uzten badiozu Josebak indarrez ateratzen zaitu. Gaur, ordea, oso deseroso aritu da bera eta uste dut nire merituz izan dela. Sakearekin eta bigarren pilotakadarekin min egin diot».

Oso bestelakoa zen Josebaren aldartea neurketa amaieran, bere buruarekin oso haserre. «Oso sentsazio txarrak ditut. Ez dut batere sakatu, errestoan ere gaizki... Normala da urduritasun puntu bat izatea, baina 32 urte ditut eta ezin da horrela irten frontoira», adierazi du erabat amorratuta.

FITXA

Pilotakadak: 236. Partidaren iraupena: 50 minutu eta 50 segundo. Markagailua: 0-1, 1-1, 1-4, 3-4, 3-5, 6-5, 6-8, 11-8, 11-15, 16-15 eta 16-22. Sakez: 5 Jakak (eta falta bat). Jokoan eginak: 8 Ezkurdiak eta 14 Jakak. Galdutakoak: 3 Ezkurdiak eta 6 Jakak. Gertaerak: Sarrera bikaina Bermeoko Artza pilotalekuan. Mattin anaia izan zen Ezkurdiaren botileroa eta Aitor Aranguren Jakarena. Lehen sakea, urdin.