NAIZ

Elkarretaratzea Burgelun «gure lurraldeaz baliatzen diren» energia enpresen proiektuen aurka

Araba Bizirik mugimenduak elkarretaratze bat egin du igande honetan Burgelun «gure lurraldeaz baliatzen diren energia enpresa handien proiektu konkistatzaileak salatzeko». «Lautadako lurraldean bizitzeko apustua eta gogoa gero eta zailagoa» bihurtzen ari dela deitoratu dute.

Igande honetan Burgelun egindako elkarretaratzea.
Igande honetan Burgelun egindako elkarretaratzea. (ARABA BIZIRIK)

Dozenaka lagun bildu dira igande honetan Burgelun Araba Bizirik mugimenduak antolatutako elkarretaratzean, «gure lurraldeaz baliatzen diren energia enpresa handien proiektu konkistatzaileak salatzeko».

Ohar batean gogor kritikatu dituzte eguzki-zentralen, zentral eolikoen, energia garraiatzeko autobideen eta AHTren eragina, izan ere, «Araba modu indiskriminatuan industrializatzearekin mehatxatzen duten proiektuen etorreraren aurrean, gure herriak gero eta etsaiago bihurtzen ari dira, elkarbizitza gero eta mehatxatuago dago bertan eta despopulazioaren itzalak gero eta tonu ilunagoak hartzen ditu».

«Horregatik guztiagatik, Lautadako lurraldean bizitzeko apustua eta gogoa gero eta zailagoa bihurtzen ari da», gaineratu dute, eta aurren aurka tinko mantenduko direla ohartarazi dute.

«Mehatxu honi egin behar diogu aurre. Aurkaria boteretsua da eta Administrazioan lagunak ditu. Horregatik gaude hemen, Arabako herrietan bizimodu duina izan dezagun, Lautadako nekazaritza eta abeltzaintza jarduerak aintzat hartuak izan daitezen», azpimarratu dute, eta beste eredu bat posible dela azpimarratu dute bildutakoek, «alternatibak badaude eta».