NAIZ

Enpresen CO2 emisioak konpentsatzeko lehen basoberritze proiektu publiko-pribatua Lesakan

Nafarroako enpresen CO2 emisioak konpentsatzeko lehen basoberritze proiektua jarriko dute martxan Lesakan. 2021eko suteetan kiskalitako 400 hektareetatik 13 birlandatzea aurreikusten da, guztira 18.289 zuhaitz-landare landatuz.

Lesakan aurkeztu dute basoberritze plana astearte goizean.
Lesakan aurkeztu dute basoberritze plana astearte goizean. (Nafarroako Gobernua)

Nafarroan karbono-hustubide gisa katalogatuta dagoen eta lankidetza publiko-pribatuaren emaitza den lehen proiektua aurkeztu dute astearte goizean Lesakan. Ekimen hau, azken urteetako suteetan kiskalitako lurrak basoberritzeaz gain, Nafarroan enpresen jarduerak sortutako berotegi-efektuko isuriak borondatez konpentsatzeko lagungarri izango dela jakinarazi dute.

Eskolamendiko ingurua hartuko du lekua basoberritze proiektuak, 2021eko otsailean kiskali zen lekuan, Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat udalerri kaltetu ziren sutearen ondorioz. Zehazki 1.600 hektareatik gora erre zituen eta Lesakan 400 hektareara heldu zen. Leku horretan bertan, proiektu honek 13 hektarea birlandatzea aurreikusten du, 13 futbol zelairen baliokidea dena. Osotara, 18.289 zuhaitz-landare landatuz. Euskal Elkargoaren laguntza ekonomikoarekin, 2022ko abenduan Lapurdiko basoberritzeak jarri ziren martxan.

Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak «CPEN Basoa» izenpean bultzatutako epe luzeko proiektuaren baitan kokatzen da aipaturiko proiektua, eta Lesakako lehen basoberritze eremua izango da. Lan teknikoa, GAN-NIK sozietate publikoko baso-kudeaketaren arlotik zuzentzen ari da, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuarekin lankidetzan.

Astearte goiz honetan bisitatu dute Eskolamendi ingurua proiektuaren partaide izango direnek. Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumen sailburuak eta GAN-NIKeko zuzendariak adierazi du, Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea garatzeko «paper garrantzitsua» izango duela proiektuak: «Egurra bizia da gure landa-munduarentzat eta gaur Lesakan martxan jarri dugun gisako basoberritzeek lehengai berriztagarria eta bertakoa sortzen laguntzen dute. Gainera, mendien ekosistema hobetzeko eta landa-inguruneen zein tokiko ekonomiaren garapen iraunkorrerako lehen mailako aukera dira».

Francisco Fernandez Nista CPENeko zuzendari nagusiak adierazi du aurkeztu berri den proiektua azken urteetan lurraldean izandako suteei «erantzun kolaboratiboa» emateko beharrari erantzunez sortu dela, «sektore pribatua basoberritzeko proiektuetan inplikatuz». Ladis Satrustegi Lesakako alkateak nabarmendu du udaletxeko «fondo propioekin» ezinezkoa litzatekela Eskolamendiko ingurua basoberritzea eta eskertuta daudela.