NAIZ

Nafar Gobernuaren 2023ko Urrezko Domina, Iruñeko UNEDentzat

Nafarroako Urrezko Domina UNED unibertsitatearen Iruñeko egoitzari ematea adostu du foru Gobernuak asteroko bilkuran, herrialdearen garapenari eginiko ekarpenagatik.

UNEDen Iruñeko egoitza.
UNEDen Iruñeko egoitza. (UNED | EUROPA PRESS)

UNED Urrutiko Hezkuntzako Espainiako Unibertsitatearen Iruñeko egoitzak jasoko du, datorren abenduaren 3an, Nafarroaren Egunean, foru Gobernuak urtero ematen duen Urrezko Domina.

Saria emateko foru-dekretuaren testuan, Gobernuak honako hau nabarmendu du: «Haren existentziak eta jarduerak erraztu eta ahalbidetu egin du herritarren multzo batek goi-mailako hezkuntza-mailetara iristea, bestela ezin izango bailukete egin», eta «urrutiko prestakuntza-modalitateak emakume asko sartzea ahalbidetu du, aukera-berdintasuna bultzatuz».

Exekutiboaren iritziz, «gure Foru Erkidegoan UNED izateak, 50 urte hauetan, Nafarroaren garapen sozioekonomikoari lagundu dio bere jarduera akademikoaren hedapenari esker, aukera kultural zabala sortuz eta pertsona kopuru handi baten kualifikazioa handituz».

Nafarroako Urrezko Domina Foru Komunitateko kondekoraziorik handiena da.

Horrekin, 1982az geroztik, Nafarroako Gobernuak errekonozimendua eman die gizartea hobetzen, balio demokratikoak sendotzen eta herrialdearen kanpo-proiekzioan egindako ekarpenagatik nabarmendu diren pertsona, erakunde, entitate eta kolektiboei.

Lakuaren laguntza UNEDi

Bestalde, Lakuako gobernu kontseiluak astearte honetako bileran adostu du UNEDi zuzeneko laguntza ematea 2023ko ekitaldian euskal kulturarekin eta euskararekin lotutako urrutiko prestakuntza proiektuak finantzatzeko. Laguntza 201.672 eurokoa izango da.