Zuriñe Iglesias
Kazetaria, kirol informazioan espezializatua / Periodista, especializada en información deportiva
Entrevue
Anne Erauskin
Bera Berako jokalaria

«Gure jokoan arreta jarri behar dugu, ez Solan, eta saiatu talde bezala hobeak izaten»

300 gol egin berri ditu Anne Erauskinek (Ermua, 1998) Ohorezko Mailan. Begirada atzera botata, «espero baino gauza askoz gehiago» lortu dituela esan du. Europako kanporaketan dute arreta osoa, aurretik ligako hiru partida jokatu behar dituzten arren. Bai baitakite erronka Europan sartzea dela.

Anne Erasukin Bera Berako jokalaria Gascan.
Anne Erasukin Bera Berako jokalaria Gascan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Azkenaldian kirolari guztien ahotan dagoen «partidaz partida» diskurtsoa alde batera utzi eta errealitateari iskin egin gabe, Europan pentsatzen ari da Bera Bera. Kontinente zaharreko txapelketa aipatu eta irribarrea atera zaio Erauskini. Sola taldearen aurka jokatuko dute. Joaneko partida hilaren 12an izango da, Norvegian, eta bueltakoa 19an Donostian. Eskuin hegaleko jokalariak nabarmendu du «aurkarian baino gehiago, haien jokoan» jarri behar dutela fokua.

Horrez gain, Ermuko jokalariak adierazi du «oraindik pixka bat maila altuagoan» egon daitezkeela, baina «bidean» daudela. Gaur Rocasaren aurka jokatuko dute Kanariar Uharteetan (20.30ean), eta larunbat honetan Oviedoren bisita jasoko dute Gascan (18.00etan).

300 gol egin dituzu Ohorezko Mailan. Ilusioa egiten dizu edo zifra bat besterik ez balitz bezala ikusten duzu?

Hasieran entzun nuenean, besterik gabe zifra bat zela esan nuen. Gainera, ez dut begiratzen zenbat gol daramatzadan. Gauza horietan ez dut arretarik jartzen. Baina gero, ondo pentsatuta, azkenean nork esango zidan niri, hasi nintzenean, jada nire bosgarren denboraldia egingo nuela maila gorenean eta Bera Berara heltzea lortuko nuela. Atzera begiratzen dudanean, esaten dut espero nituen baina gauza askoz gehiago lortzen ari naizela, eta horrek poztasuna ematen dit. Inoiz ez dut pentsatu noraino irits nintekeen, eta 300 gol egitea beste lorpen bat da.

Bigarren denboraldia duzu Donostian. Joan denenean nola ibili zinen?

Espero nuen baino hobeto ibili nintzela esango nuke. Banekien Zuazotik Bera Berara nahiko aldea dagoela, eta Maitanerekin [Etxeberria] postua partekatzea zaila izango zela, minutuak izate aldera. Azkenean espero baino minutu gehiago jokatu nituen. Sentsazio aldetik ere nahiko ondo eta seguru ikusi nuen neure burua. Alde horretatik, eroso. Gainera, taldean ere nahiko azkar egokitu nintzen, eta oso ondo amaitu nuen denboraldia.

Zure lehen garaikurra Superkopa izan zen. Zer suposatu zuen?

Lehenengo garaikurra izanda oso berezia izan zen. Gogoratzen naiz partida hori jokatu aurretik oso urduri nengoela, ezin nuen sinistu lehen titulua irabaz nezakeela. Eta irabazi genuenean euforia eta sekulako poztasuna sentitu nuen. Eta gero pentsatzen nuen nork esango zidan niri hasi nintzenean Superkopa bat jokatzera helduko nintzela eta irabazi egingo nuela.

Denboraldi honetan ere irabazi duzue Superkopa. Lehen aldiz formatu berri batekin jokatu duzue. Nola ikusi duzu?

Ezberdina da. Superkoparen bereizgarrietako bat da partida bakarrera jokatzen den garaikur bat dela. Baina azken hau izan da pixka bat Koparen formatuaren antzekoa. Ez ondo, ez gaizki, ezberdina dela esango nuke. Irabaztean ere gauzak politago ikusten dira [barrez].

«Uste dut taldeak ondo erantzungo duela. Gogo biziz hartzen dugu partida hau [Europakoa]»

Kopa aipatu duzula, sasoi honetan etxean jokatuko duzue, Donostian. Ilusio berezia egiten dizue?

Bai, etxean jokatzea beti motibazio gehigarria bat da. Jendearen berotasuna pistan igartzen da. Ilusio gehiago egiten dit; agian presio aldetik baliteke pixka bat urduriago jartzea, baina uste dut urduritasun hori ondo kudeatuta indarra eman ahal digula, eta ea lortzen dugun.

Ligara begira, lehen hiru sailkatuak berdinduta zaudete hamalau puntuz. Zer balorazio egiten duzu orain artekoaz?

Uste dut gero eta hobeto jokatzen ari garela, jardunaldiren bat kenduta. Sentsazio gero eta hobeagoak izaten ari gara. Hori garrantzitsua da, batez ere Europari begira, orain oso gertu daukagula. Ea dinamika ona mantentzen dugun eta aste honetan emaitza positiboak lortzen ditugun.

Agian Malagaren aurkako partida izan zen kaxkarrena?

Galdu egin genuen, baina uste dut taldeak ez zuela gaizki jokatu. Intentsitate, kontzentrazio eta joko aldetik nahiko ondo aritu ginen. Baina uste dut agian okerrago jokatu genuela Eldaren aurka, adibidez, nahiz eta garaipena lortu –32-33–; taldeak ez zuen jokatu dakien mailan. Gure jokoan arreta jarri behar dugu eta konklusioak atera ea zer mailara arte bete dugun gure egitekoa, eta zenbateraino eutsi diogun gure jokatzeko moduari. Malagan ez genuen garaipena lortu, baina uste dut ez zela izan partidarik txarrena.

Jokoaz ari zarela, Imanol Alvarez entrenatzaileak adierazi zuen oraindik taldeari zerbait falta zaiola. Zuk ere hala ikusten duzu?

Beti daude gauzak hobetzeko eta perfekzionatzeko. Baliteke oraindik pixka bat maila altuagoan egon gaitezkeela eta jokatu dezakegula, baina bidean gaude. Uste dut orain arte gauzak nahiko ondo egin ditugula, eta baliteke pauso bat gehiago eman ahal izatea. Garrantzitsua da exijentzia maila hori mantentzea eta beti gehiago nahi izatea.

Anne Erauskin orain dela bi asteburu Beti Onak taldearen aurka Gascan jokatu zuten derbian. (Bera Bera)

Europa aipatu duzu aurrez, eta irribarre bat atera zaizu. Denboraldiko erronka garrantzitsuenetariko bati helduko diozue bi aste barru. Zer aldartetan zaudete?

Taldea ondo ikusten dut, lasai. Imanolek [Alvarez entrenatzaileak] orain dela astebete esan zigun jada burua eta fokua partida horretan jarri behar genuela. Egia da oraindik ligako bi partida falta zaizkigula, baina azkenean berak ere esan digu gure jokoan arreta jarri behar dugula eta saiatu behar garela egunero talde bezala hobeak izaten; ezin dugula arreta jarri Sola gure aurkarian, eta aste hauetan saiatu behar garela falta zaizkigun gauza horiek perfekzionatzen, ehuneko ehunean egoteko kanporaketa horretan. Motibatuta gaude, egun hori heltzeko irrikaz.

Esan duzu zuen jokoan arreta gehiago jarriko duzuela, baina Solaren erreferentziarik baduzue?

Bai, Imanolek partidaren bat pasatu digu, ikusteko eta giroan sartzen joateko. Baina oraindik ez dugu ikusi bideorik, ez dugu aztertu taldea. Hala ere, Norvegiako talde guztiak bezala, badakigu talde fisikoa dela eta oso exijentea izango dela, baina oraindik ez dugu atera ondoriorik.

Norvegiatik Gascara bizirik iristea izango da gakoa?

Bai, hori da. Nahiz eta garaipena ez lortu, saiatu behar dugu diferentzia ahalik txikiena izatea, hemen aukerak izateko. Uste dut taldeak ondo erantzungo duela. Azkenean gogo biziz hartzen dugu partida hau, eta iruditzen zait, kontzentratuta irteten bagara, dakigun moduan jokatzen badugu, eta gure egitekoa ondo betetzen badugu, partida nahiko berdinduta joan daitekeela.

Aurretik ligako hiru partida jokatuko dituzue. Helburua, noski, irabaztea izango da eta sentsazio onak izatea, ezta?

Ezin dugu erlaxatu. Larunbateko taldea igo berria den taldea da, eta asteazkenekoa [gaurkoa], Rocasa, aldaketa asko izan dituen talde bat da, eta ikusten da oraindik talde moduan sentsazioak berreskuratu behar dituztela. Gure jokoan arreta jarri behar dugu, sentsazio onak hartu eta ahalik ondoena jokatu. Ea pozik amaitzen dugun astea eta konfiantzaz beteta jokatzen dugun datorren jardunaldia.