NAIZ
LESAKA

Enpresen CO2 emisioak konpentsatzeko lehen basoberritze proiektua Lesakan

2021eko suteetan kiskalitako 400 hektareetatik 13 birlandatzea aurreikusten da, guztira 18.289 zuhaitz-landare aldatuz.

Lesakako basoberritze proiektuko kideak.
Lesakako basoberritze proiektuko kideak. (NAFARROAKO GOBERNUA)

Nafarroan karbono-hustubide gisa katalogatuta dagoen eta lankidetza publiko-pribatuaren emaitza den lehenengo proiektua aurkeztu zuten asteartean Lesakan. Ekimen hau, azken urteetako suteetan kiskalitako lurrak basoberritzeaz gain, Nafarroan enpresen jarduerak sortutako berotegi efektuko isuriak borondatez konpentsatzeko lagungarria izango dela adierazi zuten.

Eskolamendiko ingurua hartuko du basoberritze proiektuak. 2021eko otsailean kiskali zen lekua, eta Nafarroako, Gipuzkoako eta Lapurdiko hainbat udalerri kaltetu ziren sutearen ondorioz. Zehazki 1.600 hektareatik gora erre ziren, eta Lesakan 400 hektareara heldu zen. Leku horretan bertan proiektu honek 13 hektarea birlandatzea aurreikusten du, 13 futbol zelairen baliokidea dena. Orotara, 18.289 zuhaitz-landare aldatuko dituzte. Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak «CPEN Basoa» izenpean bultzatutako epe luzeko proiektuaren barnean kokatzen da aipaturiko proiektua, eta Lesakako lehen basoberritze eremua izango da. Lan teknikoa GAN-NIK sozietate publikoko baso kudeaketaren arlotik zuzentzen ari da.

Jose Mari Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumen sailburuak eta GAN-NIKeko zuzendariak esan zuen Klima Aldaketa eta Trantsizio Energetikoari buruzko Legea garatzean «paper garrantzitsua» izango duela proiektuak. Francisco Fernandez Nista CPENeko zuzendariak kontatu zuen aurkeztu berri den proiektua azken urteetan lurraldean izandako suteei «erantzun kolaboratiboa» emateko beharrari erantzunez sortu dela, «sektore pribatua basoberritzeko proiektuetan inplikatuz». Ladis Satrustegi Lesakako alkateak nabarmendu zuen udaletxeko «funts propioekin» ezinezkoa litzatekeela Eskolamendiko ingurua basoberritzea, eta eskertuta daudela emandako aukerarengatik.