Ezin hobeto ekin zion Athleticek ligari: lehen jardunaldian Real Madrilen aurkako partida galdu ostean, hurrengo partidetan hamabost puntuetatik hamahiru bildu zituen. Emaitza horiei esker, Europako postuetan sartu zen. Orain, ordea, kontrako norabidea hartzen ari da: azken hamabost puntuetatik bakarrik bost eskuratu ditu.
Iragan denboraldiko mamua ez agertzen ahaleginduko dira igande honetan, bolada txarrari amaiera eman, eta garaipenaren bidera itzultzeko. Izan ere, joan den sasoian, Qatarko Munduko Koparen aurretik, Txapeldunen Ligako postuetan zegoen Bilboko taldea, eta gerora, Europako postuetatik kanpo amaitu zuen ligan.
Parean, zuri-gorriek ez dute nolanahiko arerioa: Vila-Realen aurka neurtuko dituzte indarrak. Valentziako taldeak ez du nahi bezain ondo hasi sasoia, baina martxa hartzen ari da, eta Europan sartzeko borrokan egoteko moduko taldea du. Athletic sei puntuetara du.
Eta hori Ernesto Valverdek badaki. «Normalena da talde honek goraka egitea, jokalariek duten kalitatea kontuan hartuta», adierazi du larunbat honetan prentsaurrekoan.
La Ceramican, «emaitza onik ez»
Azken denboraldietan, Athleticentzat ez da zelai erraza La Ceramicakoa, bertan jokatutako azken hemezortzi partidetan bakarrik behin irabazi baitu. «Ez da aurkari erraza izango. Azkeneko denboraldietan ez dugu emaitza onik atera. Joan den denboraldiko neurketa zaila izan zen guretzat, bost gol egin zizkiguten».
Vila-Real, emaitzei erreparatuta, hobeto dabil etxetik kanpo. Hori abantaila bat izango al da zuri-gorrientzat? Hau erantzun du prestatzaileak: «Egia da beraiek puntu gehiago biltzen ari direla etxetik kanpo, baina, egia da baita ere, normalena dela denboraldia joan ahala, joera hori iraultzea. Oro har, etxean fidagarriagoak dira, goleko aukera asko egiten dituztelako, eta teknikoki talde ona dutelako».
Athleticek azken partidetan bildutako puntu eskasek bat egiten dute golen bolada txarrarekin. Horren inguruan galdetuta, Athleticeko entrenatzaileak adierazi du gol aukerak egiten badituzte, gertuago egongo direla gola egiteko: «Ea berriro ere lortzen dugun golen bolada ona izatea. Horrez gain, goleko aukerak ere sortu behar ditugu, eta jokaldiak amaitu. Batzuetan, kosta egiten zaigu eta».
Paredes eta Nico Williams, deialdian
Ernesto Valverdek Aitor Paredes eta Nico Williams deialdian sartu ditu, gaur arratsaldeko entrenamendua egin ostean.
Erdiko atzelariko postuan larri dabil Valverde. Izan ere, Yerai Martinezek lesionatuta jarraitzen du, eta Parades osatu berri da. Guztiz ongi dagoen bakarra Peru Nolaskoain da. Kopako partidan, Rubi taldearen aurkakoan, Nolaskoainek denboraldiko bere lehen partida jokatu zuen osorik.
Beste aukera batzuk ere baditu Valverdek, Daniel Vivian eta Beñat Prados. Edota Unai Egiluz harrobikoa, zeinak Kopako partidan debuta egin zuen.