Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

35 urte eta aurrera; Euskalerria Irratiak iragana ospatu eta «salto handi bat» emanen du

Euskalerria Irratiak 35 urte betetzen ditu astearte honetan. 1988ko azaroaren 7an egin zituen lehendabiziko emankizunak eta urteurrena «salto handi bat emanez» ospatu nahi dute.

Juan Kruz Lakasta, Euskalerria Irratiko koordinatzailea.
Juan Kruz Lakasta, Euskalerria Irratiko koordinatzailea. (Iñigo URIZ | FOKU)

Gaur 35 urte iritsi zen Euskalerria Irratia Iruñerriko uhinetara. Euskara eta komunitatea izan ditu ardatz proiektuak hamarkada hauetan eta lizentzia lortzeko borrokak markatu du urte luzez irratiaren nondik norakoa. Orain, lizentzia eskuan, 35. urteurrena ospatuko dute, etorkizunari begira eta laster ezagutzera emango duten «salto handi bat» aurreratuz.

Hala baieztatu dio NAIZi Juan Kruz Lakastak, Euskalerria Irratiko koordinatzaileak. «Gauza handia da Euskalerria Irratia izatea Iruñean ez irrati bat soilik, baizik eta proiektu komunikatibo bizi eta sendo bat. Denon artean lortu dugu eta denon artean ospatu behar dugu».

Izan ere, badago zer ospatu. Atzera begira, lizentziarik gabeko urte haiek gogoan ditu Lakastak, ilunetik asko dutenak, baina baita argiak ere. «Nafarroa Gobernu erregionalista horren itxikeriak kalte egin zigun, baina mesede ere. Onartezina da euskaldunekiko bazterketa hori, argi dago irizpide soziolinguistiko batzuen arabera egin zituztela, sozializazio erreferente bat izan ez zezaten haurrek. Baina, aldi berean, baditu bere zehar-onurak. Eraso horren indarra, erresilientziaren bitartez, erabili ahal izan genuen oso proiektu berezi bat gauzatu ahal izateko».

Egun 200 kolaboratzaile ditu irratiak, komunitate zabal bat osatuz. Eta bazterkeria horrek horretan ere lagundu duela iritzi du. Lakastak Gorka Urbizu musikariari egindako elkarrizketa bat dauka gogoan, zeinetan Lekunberrikoak esaten zuen UPNri eskertu behar geniokeela euskararen alde egin duen guztia, izan ere haiek musika euskaraz egitea erabaki zuten hein handi batean UPNri aurre egiteko. «Hortik ere badu gure irratiaren historiak».

Azken zazpi urteak lizentziarekin

2016an, borroka judizial luze baten ostean, lizentzia lortu zuen Euskalerria Irratiak eta «garaipen» horrek suposatu zuena balioan jartzen du irratiko koordinatzaileak. «Nafarroako Gobernua hirutan garaitu genuen, espainiar Auzitegi Gorenean. Meritu itzela dauka».

Honek hegoak eman zizkion proiektuari. «Oso larre motzean lotuta zaudenean, bazka dosi normalagoetan edukitzea ikaragarria da». Eta hori egin dute azken zazpi urteetan. Besteak beste, azpiegitura teknikoak berritu eta garai berriotara egokitu, estudioa bera egokitu, soinu mahai digitala erosi, sistema digital berri bat ezarri, software berria erosi... «Irratia XXI. mendera ekarri», laburbiltzen du Lakastak.

Giza baliabideei dagokienez ere, «lantaldearen soldatak duindu, lantaldea indartu, proiektu honen alde hainbeste eman duten horien lan-baldintzak hobetzea» ahalbidetu du lizentzia izateak. «Muturreko lan-baldintzetan lan egin izan da soldatari dagokionez. Jendeak bazituen beste lan aukerak baina lantaldeko kideek erabaki zuten proiektu hau aurrera ateratzea eta orain, ikaragarrikeriarik gabe, duindu ditugu soldatak. Beste mugarri bat izan da irratiaren historian».

Aurrera begirako jaia

Gaur ospatuko dute urtebetetzea, Iruñeko Zentral aretoan, 19.00etatik aurrera. Bertan Euskalerria Irratiko komunitate zabala bilduko dute, langile, bazkide, kolaboratzaile eta babesle ezberdinekin. Hitza eta musika izango ditu ardatz, Anari, Ibil Bedi eta Raimundo el Canastero taldeen eskutik.

Kontsumo ereduak aldatzen ari dira, eta paradigma aldaketa orain irratian ere ematen ari da. Horregatik, astearte honetakoa, lortutakoa ospatzeko jaia izango da, baina baita proiektua etorkizunera begira jartzekoa ere.

«Datozen 12 hilabeteetan Euskalerria Irratiak salto handi bat emanen du azpiegituretan eta bere proiektua beste leku batean kokatuko du zentzu batean baino gehiagotan», baieztatu du Lakastak, informazioan gehiago sakondu gabe. 

35. urteurreneko denboraldi honetan «gauza asko» eginen dituztela aurreratzen du Lakastak, «saioak Iruñerriko hainbat udalerritan, Nafarroa osoko udaletan eta horretaz gain irratia beste leku batean kokatuko duen jauzi bat eginen dugu, azken hamarkadetako handiena Euskalerria Irratiarentzat».