Iraitz Mateo

‘Antilletan galdurik’ saiakera liburua plazaratu du Kepa Larreak

XIX.mendean Gaztelako koroaren okupazioak Ameriketan iraun zuen hirurehun urteetan euskaldunek jokatutako papera ikertu eta kontatzea izan da Kepa Larrea idazleak bere lan berrian izan duen helburu nagusia. ‘Antilletan galdurik’ saiakera liburua aurkeztu du astearte goizean Pamielarekin.

Kepa Larrea idazleak, bere lan berria aurkeztu du ‘Antilletan galdurik’.
Kepa Larrea idazleak, bere lan berria aurkeztu du ‘Antilletan galdurik’. (Gorka Rubio)

Kepa Larrea historialariari beti kezkatu izan dio euskaldunek zeinen erraz bereganatu izan duten kanpotik beraietaz kontatutako historia, nola sinetsi den besteek esana. Kezka horrek mugiturik idatzi du bere lan berria ere, ‘Antilletan galdurik’, Pamiela argitaletxearekin. Bertan, Gaztelako koroaren okupazioak Ameriketan iraun zuen hirurehun urteetan euskaldunek izandako papera kontatzen du.

Zazpi atal nagusitan banatzen da liburua, eta amaieran, bibliografia zabala jasotzeaz gain, pare bat mapa ere bildu ditu. Liburuan zehar, XIX.mendean Ameriketan gertatutakoak aletzen ditu Larreak, hamaika pertsonaia eta hamaika istorio kontatuz: abenturazale, mertzenario, gobernadore edota pirata, pertsonaia guztiek dute beren lekua liburuan. Garaiko zenbait irudi ere badaude 150 orrialdetan zehar.

Josejoa Gallastegi idazlea eta Jesus Etxezarraga kazetaria ere astearte goizean egindako aurkezpenean izan dira. Gallastegik aipatu du bere ustez, oinarrian gertatutakoak argitzeko asmoa izan duela Larreak lan berri honetan. Eta Etxezarragak adierazi du Espainiak «asmatutako eta justifikatutako» historia edo errelatoa eraisten duela.

«Pertsonaien galeria miresgarria erakusten digu Larreak», kontatu du Etxezarragak, eta batez ere, bi pertsonaia nagusi aztertu dituela kontatu: Lope Agirre eta Xabier Mina; Espainian gaizkiletzat eta Ameriketan heroitzat hartu zituzten. Larreak, beraien bizitza «ikuspegi kritiko» batetik mahaigaineratzen du kazetariaren arabera.

Historia egin, edo idatzi

Larreak aitortu du euskaldunek Ameriketan «zer egin zuten eta zer ez zuten egin» argitzen ahalegindu dela liburuan. Informazio bila abiatu zenean Europan zehar zabaldu zen «elezahar beltza» etorri zitzaion burura lehenik, baina aurkezpenean kontatu du ez dela elezaharren beharrik, «nahikoa da garaiko kronikak irakurtzea, momentuan harrokeriaz kontatzen zuten egindakoa eta».

Eta, era berean, Amerikan bizi zirenek «edonork egingo lukena» egin zuten bere ustez: «Gabriel Arestik esan bezala, beren aitaren etxea defendatu zuten». Gatazka horretan zenbait euskaldunek egindakoak jaso ditu, nortzuk ziren, zer egin zuten… Horietako bi ziren Lope Agirre eta Xabier Mina, azken honen inguruan liburu gehiago ere idatzia da Larrea, baina ez zuen Ameriketako jendea ahaztu nahi saiakera honetan: Leftratu, Caupolican edo Lemba pertsonaiak ere ageri dira horregatik. Izan ere, bertakoek zer idatzi zuten ere ikertu du, ikuspegi hori ere egotea garrantzitsua baitzen idazlearentzat.

Kontatu du Txema Larreak behin gutun batean idatzi zuela batzuek historia egiten zutela, eta besteek idatzi. Esan du nahiago lukeela lehendabiziko zakuan daudenetarikoa izan, baina garrantzitsua dela kontatzea ere, eta horretan dabilela; nahiz eta bere ustez historialariek historia «egin egiten duten» eta ez kontatu. Idazle batek «gauza berriei buruz» idatzi behar duela aditu zuen behin, baina bere ustez «gauza zaharrak ere berriak direla ulertu behar da», eta urriaren 12an ikusi bezala, horrelako gaiek interesa pizten dutela esan du.

Bestalde, gaineratu du gertakari zaharrak eta berriak «ikuspegi moral batetik» eta oinarrizko elementu etikoekin aztertzen dituela, eta beraz posible dela garai bateko gertakariak gaur egunetik ere irakurtzea.

Hitzen garrantzia

Hitzak ez dira inozoak Larrearen ustez, eta sarritan arazoa lexikoan egoten dela aitortu du. Adibide ezberdinak jarri ditu aurkezpenean, baina hasteko, kontatu du ez dela bera gertakari horien inguruan hitz egiteko «aurkikuntza, konkista edo paktu» hitzak erabili, eta oso zorrotz agertu da paktu hitzarekin, «bi aldeen baldintzak ez zirelako berdinak», eta hori aipatzearekin Gazan gertatzen ari den sarraskia ekarri du gogora.

Eufemismoarekin ere kontuz ibili behar izaten dela gehitu du adibide bat erabiliz: «Argi ibili behar da baketu hitzarekin, espainiarrek ‘baketu’ erabiltzerakoan hil esan nahi dute, hiltzearen sinonimotzat erabiltzen dute, eta oso ezberdina da hori, edo ‘bakean utzi’».

«Mestizaje» hitza da Larrearen ustez eufemismoz betetako beste hitz bat: «Haur mestizo gehienak bortxaketa bidez sortuak izan ziren, eta beti norabide bera zuten bortxaketa horiek: gizon zuriek emakume indirarrak bortxatzen zituzten».